Idazlea

Borroka bera izarren azpian

2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Marokon egin dira African Lion 2025 maniobra militarrak, udaberrian. Soldadu marokoarrekin batera iparramerikarrak, baita beste hainbat herrialdetakoak ere; Israelgo armadak parte hartu izanak hautsak harrotu ditu. African Lion ariketa militarretan jardun duten soldadu sionista horiek brigada jakin bateko kideak dira, eta ez nolanahikoak. Eliteko brigada horretako soldaduei egozten zaie erailtzea anbulantzietako hamabost langile, Nazio Batuen Erakundeko langileak eta —erran gabe doa— hainbat eta hainbat palestinar, martxoaren 23an Rafahn, Gazaren hegoaldean. Leporatzen zizkieten krimen lazgarriak gorabehera, Estatu Sionistaren iturri ofizialek adierazi zuten orduan soldaduek tiro egin zietela argiak itzalita zeramatzaten «ibilgailu susmagarriei»; baina apirilaren 5ean argitaratutako bideo batek frogatu zuen bertsio ofiziala gezur hutsa zela. Gezurrak, buztana motz.

Francesca Albanese. Nazio Batuen Palestinako Lurraldeetarako Errelatore Berezia den Francesca Albanese andreak esan zuen larria litzatekeela martxoaren 23an Rafahn izandako sarraskian parte hartu zuten soldadu israeldarrak Marokon egon izana edota oraindik ere han egotea: «Baieztatuz gero, gaitzespen-fase berri bat izango litzateke, eta krimen lazgarrien egileak ikertzeko eta epaitzeko nazioarteko betebeharraren urraketa». Marokoko agintariei «zuzenbide-estatua errespetatzeko» eskatu zien. Kontuak eskatzea, eta exijitzea, errelatoreari dagokion erantzukizuna da, baina Marokoko agintariei zuzenbide-estatua errespetatzeko galdea egitea alferrik da; horren froga da sahararren eskubideen urraketa etengabea.

Sahararrak marokoarren eskuetan. Egun preso politikoak egon badira, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan atxilotuak eta sakabanatuta Marokoko espetxe urrunetara. Preso politikoek beraiek salatu dituzte torturak eta tratu txarrak, baita preso politiko sahararren senideek, preso ohiek eta giza eskubideen defendatzaileek ere. Informazio-blokeoa hausteko helburuarekin Mendebaldeko Sahara okupatura joan diren kazetariak —Asier Aldea nafarra, besteak beste— Casablancako aireportuan gelditu eta egotzi dituzte aurten, hainbat eta hainbat ordezkari politiko eta parlamentarirekin batera.

Marokoarren eskizofrenia. Beti-beti berezi behar da Marokoko agintarien eta Marokoko herritarren artean, ezin baitzaie marokoar xumeei Majzen ustelaren ankerkeria eta doilorkeria egotzi. Ez da ezkutatzekoa, hala eta guztiz ere, jarrera zeharo eskizofrenikoa eta kontrajarria dutela ezagutzen ditudan marokoar batzuek: Palestinaren alde eta Israelen aurka, baina sahararren aurka eta Mohamed VI.a satraparen aldekoak izaki. Agian ez dute ikusi Israelgo armadako soldaduen argazkia African Lion 2025 maniobretan. Agian marokoarrentzat Mohamed VI.a bera da Afrikako lehoia, «oso errege ona eta eskuzabala delako», Nafarroan bizi den umetxo marokoar baten ahotik aspaldi entzun nuenez. Agian ez dira konturatu Palestinaren eta Sahararen banderak oso antzekoak direla, ilargi-erdia eta izar gorri bat gorabehera.

Biderkatzaileen ordenak ez du biderkaduraren emaitza aldatzen. Nik behintzat argi daukat inperialismoaren aurka eta Palestinaren okupazioaren kontra oldartzen garelarik Sahararen alde ere ari garela. Kolonialismoaren eta sionismoaren aurkako borroka borroka bera baita; Palestinaren alde bazaude, ezinbestean Sahararen alde ere aritu behar duzu; Sahararen alde bazaude, Palestinaren alde ere aritu behar duzu, borroka bera izaki izarren azpian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.