Osasun publikoa ez da hitzez bakarrik defendatzen. Erabaki ausartak behar ditugu, aurrekontu eraginkorrak, baliabide publiko nahikoa eta profesional inplikatuak. Eta, batez ere, bizitza eta lan baldintzak hobetuko dituzten politikak, edozein pertsonak osasun arreta publikoa eta egokia jaso dezan, bere banku kontuan zenbat diru duen kontuan hartu gabe.
Horregatik, bozkatzera joaten garenean, zer osasun eredu nahi dugun ere erabakitzen ari gara. Ez da bigarren mailako gai bat, ezta gure kezketatik kanpo dagoen zerbait ere.
Gure osasunari buruz hitz egiten ari gara, gure familiaren eta gure adinekoen osasunaren inguruan, hau da, gizarte osoarengan eragina duen oinarrizko eskubide bat da. Osasuna kudeatuko duten politikariei zer egin duten eta zer egitea proposatzen duten galdetzeko eskubidea dugu. Ez da nahikoa hobetzeko promesak entzutea, zer egin duten ikusi behar da. Kontuan hartu behar dira etxebizitza eskuratzearen faktorea, aldaketa klimatikoaren gaia, lan eskubideak, zerbitzuak, kudeaketa kontratuak eta, azken finean, sistema publikoko baliabideak negozio pribatuetara eta interes pribatuetara eramaten dituzten erabakiak.
Baliabide publikoak ahultzen direnean eta kudeaketa pribatuari lekua irekitzen jarraitzen den bitartean, zilegi da azalpenak eskatzea. Benetan hobetzen ari al da herritarren osasun arreta? Diru publikoaren erabilera hobea bermatzen ari al da? Ba al dago kontrol nahikorik? Sistema publikoa indartzen ari al da edo sektore pribatuarekiko gero eta mendekotasun handiagoa dago? Iraunarazten ari al gara guztion zergekin ordaindutako baliabideak azkenean etekin ekonomikoak bilatzen dituzten enpresa pribatuen esku egotea?
Oso serioski baloratu behar da hautagai zerrenda horiei ematen zaien babesa, pribatizatzeko eta osasun zerbitzu publikoak deuseztatzeko edota horiek bultzatzeko den ikusiz
Ezin dugu onartu osasun publikoaren diskurtsoa defendatzea erabaki eta estrategia politiko jakin batzuek haien garapena murriztea, gaitasuna gutxitzea eta asistentzia kalitatea mugatzea bultzatzen baldin badute. Era berean, ez ditugu nahastu behar aukeratzeko askatasuna eta zerbitzu pribatuetara jo behar izatea erantzun publikoa ez delako behar bezala iristen. Benetako askatasuna da eraginkortasunez eta kalitatez erantzuteko gai den osasun publikoa izatea, baliabide nahikoz hornitua.
Horregatik, oso serioski baloratu behar da hautagai zerrenda horiei ematen zaien babesa, pribatizatzeko eta osasun zerbitzu publikoak deuseztatzeko edota horiek bultzatzeko den ikusiz.
Kontua ez da bere siglengatik inoren aurka bozkatzea, baizik eta guztiona den oinarrizko eskubide honengan koherentzia, erantzukizuna eta konpromisoa eskatzea. Osasun publikoak arazo larriak ditu, eta hori ukatzea jarrera arduragabea litzateke.
Egoera horrek beste politika batzuk eskatzeko balio behar digu, baliabide gehiago eta arreta egokia hain zuzen ere. Itxaron-zerrendak daude, zailtasunak zitazio sisteman, gainkarga profesionalengan eta lurraldeen arteko desberdintasunak, zeintzuk zuzendu egin behar diren. Paziente batzuek ez dute arreta garaiz jasotzen eta presiopean eta tentsiopean lan egiten duten profesionalik ez litzateke egon behar. Osasun publikoaren defentsak, hain zuzen ere, gabeziak eta konponbideak eskatzen ditu. Plangintza egokia eta ausarta behar dugu, pazientea erdian jarriko duen kudeaketa.
Osasun sistema publikoa zaindu beharreko konkista kolektiboa da. Ez dagokio gobernu bati, ez alderdi bati, ez belaunaldi jakin bati. Guztiona da, gizarte osoarena. Datorren azaroaren 29an boto bakoitzak hautetsontzietatik haratago doan esanahi bat izango du. Botoa ematea ordezkariak aukeratzea da, baina baita zer eskubide defendatuko ditugun eta gure osasun publikoaren etorkizunerako zer nahi dugun erabakitzea ere.
Guztion osasunak ez luke pertsona batzuen interesen esku geratu behar.