DBHko irakaslea

Burokrazia boteretsuen aitzakia da

Natalia Gardeazabal
2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Burokrazia boteretsuen aitzakia da, beren menpekoekiko komunikazioa isuri ez dadin. Elkarrizketa eta komunitateko komunikazioa deuseztatzen dituen tresna da; botereak ez baitu inolako interesik gure kontakizuna entzuteko, ez du gurekin, gure testuinguruarekin ezta gure errealitatearekin ezer jakin nahi, horretarako baita boterea.

Burokrazia agintzen duenak ezarritako ahozapia da, bere falazia, ezjakintasun, gezur eta nagikeria mentalari buruz inolako azalpenik eman behar ez izateko. Burokrazia enperadorearen jantzi berria da, ke-oihala, horma gaindiezina. Prozedura babes ezkutua eta opakutasunaren bermea bihurtzen denean, botereak ez du jada bere burua justifikatu beharrik, nahikoa du formulario batera, epe batera, ebazpen batera bidaltzea, eta horrela, elkarrizketaren ordez kudeaketa jartzen da, kontakizunaren ordez espedientea, pertsonaren ordez langile obedientea.

Hizkuntza burokratikoa modu bortitzean instituzionalizatzen da, testuinguruak eta ñabardurak baztertuz, orokortasunak eta banalitateak inposatuz; hau indarkeria sinbolikoa da. Gure hitzak, gorputzak, desioak, beharrak, esperantzak ezabatzen ditu eta kasu bihurtzen gaitu. Kasu bihurtuta isilarazten eta domestikatzen gaitu. Isiltasuna eta obedientzia. Legeak hala diolako. Amen. Ez dute zertan hitza debekatu, finean demokratak direlako, nahikoa da hitza alferrikakoa, formatutik kanpokoa, erregistratu gabea bihurtzea.

Kritikarik gabe obeditu, edo ondorioei aurre egin. Hori agintearen mehatxua, denok mutu eta domestikatuak nahi gaituzte.

Gure lana ondo egiteko, gure betebeharrak aurrera eraman ahal izateko, ez dizkigute emango beharrezkoak diren baliabideak. Aldiz, itoko gaituzte formularioz eta excelez non enegarren plan estrategikoaren burutazioak islatuta geratuko diren. Hutsala. Gezurra. Iruzurra.

Pentsatzen dute irakurmenaren ahulezia dramatikoa, ezjakintasun gorakada, pentsamendu eta analisi kritikorako gaitasunaren desagerpena, matxismoaren berpizkundea gure ikastetxeetan… konponduko direla ebazpen hutsal batekin

Pentsatzen dute irakurmenaren ahulezia dramatikoa, ezjakintasunaren gorakada, pentsamendu eta analisi kritikorako gaitasunaren desagerpena, matxismoaren berpizkundea gure ikastetxeetan… konponduko direla ebazpen hutsal batekin. Humanitateekiko mespretxuarekin, hezkuntzaren merkantilizazioarekin, pedagogiarik gabeko teknologizazioarekin, autoritarismoaren gorakadarekin eta irakasleen autoritatearen hustuketarekin zerikusirik ez baitzuen! Autoritaterik gabeko irakasleria errazago ordezkatzen da protokolo eta burokraziaren bidez.

Hau guztia ez da patua kontrolaezina, interes jakin batzuekin lotuta doa; ikastetxeak merkatu bihurtzeak ikasleak bezero bihurtzen ditu, irakaslea hornitzaile, eta ezagutza ebalua daitekeen produktu.

Ikasgelak pantailez betetzea ez da neutroa, Google ez da neutroa, datuak ateratzen ditu, harreman pedagogikoa prekarizatzen du eta negozioei erantzuten die, ez hezkuntza-beharrei. Azaldu diezagutela bestela zergatik jarri diguten enpresa sionista bati erositako kamerak eta mikrofonoak gela bakoitzean konfiantza kontrolaren bidez ordezkatzea ez bada eta batzuen negozioa elikatzea ez bada.

Horrek guztiak ondorio bera du: otzanagoak, neurtuagoak, kudeagarriagoak eta beren burua zein mundua pentsatzeko gaitasun txikiagoa duten pertsonak heztea. Faxismoa ari du.

Badago eskubideen burokrazia bat (egon beharko zen bederen); abusu bat desager ez dadin eragozten duen akta, arazoak eta ahuleziak identifikatzeko eta ondorioz diagnosi on bat egiteko ahalbideratzen den erregistroa, boteretsuen kapritxoak mugatzen dituen araua, arbitrariotasuna ekiditen duena. Arazoa ez da arauak, ebazpenak, formularioak eta abar burokratikoak egotea, arazoa da kaiola labirinto eta horma gaindiezin bihurtzen direnean.

Energia, denbora eta duintasuna zurrupatzen digun sistema hau eraldatu behar da, irakasleak garelako eta ez morroiak, ikasleen zerbitzura gaude eta ez haien gurasoenera.

Jada ikastetxeetan ez gara ausartzen ezta galdetzera zertarako balio duen honek. Nori zerbitzatzen dio prozedura honek? Zergatik bete behar ditugu datu hauek guztiak ez dakit zenbat bider leku desberdinetan? Baliagarria al da hau guztia? Zertan? Zergatik?

Erresistentziak ez du zertan epikoa izan; absurdoa izendatzeak, klaustro batean eskua altxatzeak eta galdera bat egiteak, leihatilaren beste aldean gu, irakasleok, gaudela gogorarazteak arrakala txikia sor dezake.

Ez nuen inoiz pentsatu nire heldutasunean eta hiru hamarkada luze irakaskuntzan egon ondoren formularioak betetzen eta jubilazioa irrikaz itxaroten ibiliko nintzenik. Mutu eta domestikatuta, beldurtuta eta antsietateak jota funtzionario on eta zerbitzari gisa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA