Xabier Makazaga.

Coviteren hipokrisia

2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
C ovitek salaketa penala jarri du Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari ohiaren kontra GAL siglak erabiliz egin ziren atentatuei buruzko informazioa ezkutatzeagatik. Bereziki, Hendaian, 1987ko uztailaren 24an, Juan Carlos Garcia Goenaren heriotza eragin zuenari buruz. Covitek dioenez, bonba-lapa baten bidez egindako atentatu horren informazioa du Roldanek, eta epaileei ez die jakinarazi; horregatik, haren aurkako salaketa jarri du Covitek.

Terrorismoaren biktimen kolektibo horrek ez du, ordea, inoiz antzekorik egin atentatu hartaz Roldanek baino askoz ere gehiago zekitela eta dakitela erakutsi izan duten beste pertsonaia ezagun batzuen kontra. Adibidez, ez zuen ezertxo ere egin Saenz de Santamaria jeneralaren kontra, nahiz eta jeneralak argi eta garbi adierazi bazekiela nork eta zergatik burutu zuen atentatua. Horixe deklaratu zuen epaiketa batean, eta ez epaileek ezta Covitek ere, ez zuten interes zipitzik agertu Saenz de Santamariak argibideak eman zitzan. Ez zuten sakondu nahi izan jeneralaren ezagutza hartan.

Garcia Goenaren erailketaz izugarri dakien beste pertsonaia ezagun bat Jose Amedo komisariorde ohia dugu, Cal viva bere azken liburuan El Mundo egunkariak atentatu hari buruz zabaldu zuen pista faltsu bat indartzen saiatu den berbera.

Egia estaltzeko propio asmaturiko gezur galanta baita El Mundo-keta Amedok diotena: Patxi izeneko hendaiar argazkilari bati esker egin ahal izan zutela Garcia Goenaren kontrako atentatua, Patxi horrek emandako argazki batez baliatu zirelako biktima identifikatzeko orduan. Guztiz ezinezkoa da halakorik gertatzea, atentatu haren benetako helburua ez baitzen Garcia Goena, haren bizilagunetako bat baizik; Juan Bautista Argote iheslaria, zeina ETApm erakundearekin lotzen zuten Espainiako Segurtasun Indarrek.

Izan ere, atentatua gertatu ondoren, Ricardo Arques eta Melchor Miralles kazetariek GALekoen zulo bat topatu zuten, eta han atentatuan erabilitako bonba-laparen berdin-berdin bat zegoen. Bada, zulo hartan Garcia Goenaren erailketa haien gain hartzeko GALekoek zabalduriko komunikatuaren ia berdina ere bazegoen. Diferentzia bakar eta oso esanguratsua zuen komunikatua: bertan ez zen Garcia Goena aipatu ere egiten, bere bizilaguna baizik, Juan Bautista Argote, hura zen atentatuaren helburua.

Ezkutuko talde baten izenean hitz egiten zuen Pedro ezizeneko norbaitek eman zizkion Ricardo Arquesi zulo hura aurkitzeko beharrezko datuak, baita beste asko ere. 1987ko apirilaren bukaeran jarri zen berarekin harremanetan eta ia berehala esan zion atentatu bat izango zela Iparraldean. Informazio harrigarria, mundu guztiak amaitutzat baitzituen halako atentatuak. Eta GALekoen zulo garrantzitsu hartaz ere hitz egin zion, esanez laster emango zizkiola hura aurkitzeko beharrezko datuak, eta halaxe egin zuen atentatua gertatu ahala.

Gainera, atentatuaren ondoren, Pedrok esan zion atentatugileak Amedo eta bere gizonak izan zirela, hura egiteko zituzten arrazoiak zehaztuz. Hori bai, nabarmena da berarentzat gorde zituela haien kontrako frogak. Ez baita batere sinesgarria, atentatua gertatuko zela ziur jakiteaz gain, harekin lotura zuzena zuen zuloa ere aldez aurretik ezagutzea, eta beste ezer ez jakitea.

Oso esanguratsuki, Espainiako Justiziak ez du inoiz ezertxo ere jakin nahi izan horri buruz. Pedro-ren atzean nortzuk ezkutatzen ziren eta haien asmoak zeintzuk ziren argitzen ere ez da saiatu. Hainbat hipotesi egin izan da horien nortasunaz eta argi daukat zein den horien artean logikoena, Frantziako agintari eta Segurtasun Indarrak izan zirela, haiek zutelako interes handiena kontu horiek guztiak zabaltzeko.

Amedok ere berdin pentsatzen du nonbait, bere azken liburuan GALekin oso lotura estua izan zuen polizia frantziar bat jotzen baitu Miralles eta Arquesen iturri gisa. Dioenez, bi kazetarien iturria GAL aferarekin lotuta hainbat aldiz aipamenera atera den Jean-Louis ezizeneko polizia izan zen, eta Amedok ez du batere ezkutatzen ezagutzen duela bere nortasuna eta badakiela zein kargu duen gaur egun frantziar Polizian.

Hark ere, beste hainbat polizia frantziarrek bezalaxe, Espainiako Barne Ministerioak kudeaturiko diru berezien truk hartu zuen parte gerra zikinean. Amedok behin eta berriro aipatzen du Cal viva liburuan, ederki asko ezagutzen duela erakutsiz, eta aldi berean bere nortasuna, eta beste hainbatena, ezkutuan mantentzen ditu.

Frantziako polizia ezezagun horien haritik tiraka bai argitu daitekeela Garcia Goenaren erailketa. Ez, ordea, inolaz ere, El Mundo egunkariak zabaldu zuen pista faltsua jarraituz. Patxi izeneko hendaiar argazkilari horren parte hartzearena Amedok eta enparauek egia estaltzeko propio asmaturiko gezur galanta baita. Nabarmena.

Hala eta guztiz ere, Covite pista hori jarraitzeaz tematu da. Horretan dabil, Auzitegi Nazionaleko epaileei eskatu beharrean Amedo galdekatu dezaten Jean-Louis famatu horren nortasunari eta gerra zikinean parte harturiko besteei buruz. Eta bide batez galde diezaioten Miralles eta Arquesek aurkitu zuten GALekoen zulo hari buruz, eta beste hainbat gauzaz. Bere liburuak promozionatu dituen bitartean, Amedok sekulako ezagutza erakutsi baitu batere argitu gabe dauden gerra zikineko pasadizo askori buruz.

Ez dirudi, ordea, Covitek halakorik egiteko inongo asmorik duenik. Ezta Miralles eta Arques deklaratzera dei ditzaten eskatzeko ere, nahiz eta begi bistakoa den zenbat eta zenbat gauza kontatu zizkien Pedro-k Garcia Goenari auto azpian bonba-lapa jarri ziotenei buruz; bai atentatuaren aurretik, bai ondoren.

Nabarmena da hari hori interesgarri askoa dela bertatik tira eta atentatua argitzeko, baina horixe egin ordez Covitek nahiago du Amedok eta El Mundo-k hain maltzurki zabalduriko pista faltsuari jarraitu. Zergatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.