Zera da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema: Dena Blokeatu!. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, @lessoulevements eta @bloquonstout atariak.
Izan ere, uztailaz geroztik, alderdi politiko eta sindikatuen dinamiketatik at eta horiek itxaron gabe, lehenago Jaka Horiek egin zuten bide bera jorratuz, sumindutako hainbat herritarrek sare sozialetan matxinada berri baterako deia zabaldu dute uda osoan. Denboran luzatuko den matxinada berriak Dena Blokeatu! izena du, horixe baita helburua, Macronen politikaren aurka estatu osoa blokeatzea, bestelako bide bat martxan jartzeko prozesu soziala abiatzea.
Matxinada berriak Macronen politikaren aurka estatu osoa blokeatzeko helburua du, bestelako bide bat martxan jartzeko prozesu soziala abiatzea
Gogoan izan behar da, Europako Batasuneko beste estatu gehienek bezala, Frantziako Estatuak ere okertze bidetik jo duela azken urteotan. Besteak beste, ondorengo bi urteetan gastu militarra bikoizteko asmoa iragarri du Macronek, gastu eta behar sozialei 43.000 milioi euroko dirutza kenduz.
Macronek zuzentzen duen Frantziako Estatuaren krisialdia areagotu baino ez du egin Bayrou lehen ministroak aurkeztutako konfiantza mozioaren aurkako bozketak, bide batez Dena Blokeatu! ekimena indartuz. Instituzioak ahuldurik, indar politiko eta sindikalak noraezean, herritarren matxinada indartzera doa Frantziako Estatuan, mundua pikutara eta eskuin muturra agintera daraman bideari frenoa jartzeko asmoz.
Dagoeneko ehunka lan talde sortu dira Frantziako Estatu osoan, sare sozialetan, baina baita herri, auzo, hiri eta enpresatan ere. Batzarrak martxan daude nonahi, Dena Blokeatu! horrek tokian-tokian, autonomia osoz hartuko duen forma zehazteko. Izan ere, ez da egun baterako mobilizazio dei bat izango, eraldaketa prozesu bat martxan jartzeko deia baizik.
Herritarrek eta eragile sozial nagusiek —Lurraren Altxamendua eta besteek— martxan jarri duten ekimenak hartu duen indarra ikusirik, indar politiko eta sindikalak ere mugitzen hasi dira. Melanchonen Frantzia Intsumisoak greba orokorrerako deia zabaldu du irailaren 10erako, eta bide bera jorratzen hasi dira sindikatuak ere; CGT, horien artean. Eta, nola ez, Macronen gobernua ere hasi da bere eraso judizial, mediatiko eta poliziala presatzen, Jaka Horien aurka bideratu zuen errepresio bortitza bermatzeko: milaka atxilotu, ehunka epaitu eta espetxeratu, dozenaka zauritu larri, besteak beste, Poliziaren pilotek lehertutako 24 begiak...
Izan ere, herritarren eta eragile sozialen Dena Blokeatu! proposamenak indar politiko eta sindikalen eskutik etorri ohi diren mobilizazio eta greba deialdiak gainditzea du helburu. Greba eta mobilizazio puntualen eragina mugatuagoa da, eta gero eta langile gutxiago dira denboran luzatuko litzatekeen greba bati eusteko aukera dutenak; sektore pribatuan eta zerbitzuetan, adibidez. Blokeoa, aldiz, edonoren esku, formetan anitz eta denboran luze izan daitekeen ekimena da, hala diseinatzen bada. Dena blokea daiteke: produkzioa, komertzioa, administrazioa, energia, banka, garraioa, autobidea, kaia, industrialdea, errepidea... Berdin du zein den ofizioa, berdin du non bizi zaren, nekazaritza eremuan ala zona hiritartuan... Dena edonon blokea daiteke.
Niri, honek guztiak, Euskal Herrian Herri Harresien dinamika dakarkit burura, ilusio sortzailea, autonomoa, asanblearioa, konfrontatzailea... herritarren arteko harreman sarea indartzen duena, adin tarte guztietan borrokarako grina, elkarlana eta elkartasuna pizten dituena, epika txikiz eta handiz betetzen dena...
Guk ere ‘Dena Blokeatu!’ beharko dugu, aurrera egin nahi badugu, dena blokeatzea ez baita ekintza bat, eraldaketa prozesu oso baten hasiera baino
Tamalez, Frantziako Estatuan ikusten ari garen bilakaera ankerra ez da gertakari isolatu bat. Europako Batasunaren eta munduaren bilakaera orokorraren ispilua da Frantziako Estatuan gertatzen ari dena. Horrelakoa da faxismo berria, kapitalista, militarista, xenofoboa, matxista, pribatizatzailea, prekarizatzailea, kulturalki uniformizatzailea, genozida, kontsumista, kutsatzailea... Eta tendentzia horiek guztiak Euskal Herrira ere iritsiko dira, iristen ari dira. Faxismo berriari aurre egiteko prestatu behar dugu geure burua. Guk ere Dena Blokeatu! beharko dugu, aurrera egin nahi badugu, dena blokeatzea ez baita ekintza bat, eraldaketa prozesu oso baten hasiera baino.
Burujabetzaren Aldeko Mugimenduan (BAM) azpimarratzen dugun moduan, desobedientzia da askatasun bidea, kolaboraziorik ezarena, herri erresistentziarena, ekintza zuzenarena, desobedientzia zibilarena, konfrontazioarena.