Idatzi honen bitartez azken asteetan ikasle mugimendua jasaten ari den kriminalizazio kanpaina salatu eta unibertsitatean pentsamendu kritikoa eta eskubide politikoak babestu behar direla adierazi nahi dugu.
Izan ere, Voxen agerraldiak sortutako testuingurua probestuta, lehendabizi, eta Martxoaren 3ko mobilizazioena ondoren, EAJk eta eskuineko hainbat komunikabidek ikasle mugimenduaren aurkako kriminalizazio kanpaina handi bat jarri dute martxan. Horri guztiari, EHUko hainbat irakaslek publikatu zuten artikulua zein beste hainbat adierazpen gehitu behar zaizkio, zeinak, gezurrez eta gehiegikeriaz beteta egoteaz gain, eskuin muturraren markoa indartzen duten zuzen-zuzenean.
Zentzu horretan, alde batetik, adierazpen horiei nahiz EAJ sortzen ari den markoari erantzun nahi genioke eta, bestetik, sektore horietatik inposatu nahi duten unibertsitate eredu autoritarioaren aurrean, unibertsitatean eskubide politikoak eta pentsamendu kritikoa babestu behar direla aldarrikatu nahi genuke.
Voxen agerraldiaren harira hasi zen kriminalizazio kanpaina, istiluak egongo zirela esan baitzuten hainbat komunikabide eta politikarik, baina istiluak egotea interesatzen zitzaien bakarrak beraiek ziren. Kontrara, ehunka ikasle arazorik gabe mobilizatu ziren probokazio oro gaindituta.
Istilurik egon ez zenez, ondorengo astean —Martxoaren 3aren 50. urtemugaren bezperan— Gasteizko unibertsitatean egindako ekintza informatibo batetik eskandalu bat sortzen ahalegindu ziren, eta ondoren, martxoaren 3an ere istilurik egon ez zenez, kuota kriminalizatzailea asmatutako albisteekin betetzen ahalegindu ziren. Non jarri nahi dute eskubide politikoen aurkako debekuen langa alderdi eta komunikabide horiek? Testuinguru politikoa lokaztean interesatuta daude, ikasle mugimenduaren aurka eginez inolako eskrupulurik gabe eta egiari erreparatu gabe.
Marko arriskutsu bat ezarri nahian dabiltza, marko bat zeinaren arabera unibertsitate antifaxista bat antidemokratikoa den, unibertsitate antisionista bat antisemita den, eta unibertsitate euskaltzale bat baztertzailea den
Bestalde, EHUko hainbat irakaslek ikasle mugimenduaren aurka egiteko artikulu bat publikatu zuten duela aste batzuk, eta artikulu horri beste hainbat adierazpen gehitu behar zaizkio. Horietan, adierazpen askatasunaren izenean, unibertsitatean ideia faxistak eta zapaltzaileak zabaltzea defendatu zuten; ustezko totalitarismoaren aurka campusa poliziaz betetzea justifikatu zuten, eta elkarbizitzaren izenean ehunka ikasleren kanporaketa exijitu zuten. Izan ere, horixe da diskurtso horren atzean dagoena: autoritarismoa eta militantziaren aurkako gorrotoa.
Gainera, horrelako adierazpenen bitartez marko arriskutsu bat ezarri nahian dabiltza, marko bat zeinaren arabera unibertsitate antifaxista bat antidemokratikoa den, unibertsitate antisionista bat antisemita den, eta unibertsitate euskaltzale bat baztertzailea den. Orain badirudi antifaxista, genozidioaren aurkakoa edota euskararen eskubideen aldekoa izatea intolerantea eta baztertzailea izatea dela.
Behin kriminalizazio kanpainari erantzunda, gure aburuz unibertsitatean babestu behar liratekeen puntuen inguruko hainbat adierazpen egin nahi genituzke. Egoera horren aurrean, beraz, ondorengoa aldarrikatzen dugu:
Batetik, ikasle mugimenduaren aurkako kriminalizazioa amaitzea exijitzen dugu. Bestetik, unibertsitatean pentsamendu kritikoa babestu eta eskubide politikoak defendatu behar ditugu: propaganda eskubidea, greba eskubidea... Eskubide horiek gabe autoritarismoa eta prekaritatea nagusituko lirateke. Amaitzeko, unibertsitateek gune askeak izan behar dute, eztabaidarako eta pentsamendu kritikoaren garapenerako espazioak. Hori bermatzeko ezinbestekoa da gorroto ideologiak ezabatzea. Gehiengoen eskubideak ukatzean oinarritzen den faxismoak unibertsitatetik kanpo egon behar du.
*EHUko ehun irakasle eta ikerlari ingururen babesa jaso du idatziak: Arantza Gutierrez Paz, Oscar Abalde Cantero, Jon Azkune Torres, Marta Luxan Serrano, Asier Amezaga Etxebarria, Jokin Azpiazu Carballo, Jon Kortazar Billelabeitia, Xabi Martinez Mendia, Marta Bartolome, Maider Bengoetxea Regatos, Pello Salazar Martinez de Iturrate, Miriam Colls Lozano, Iñaki Fernandez de Larrea Gonzalez, Iñigo Arauco, Iñigo Hierro Rivero, Irati Lizaso Berrueta, Asier Izquierdo, Javier Martinez Prada, Iratxe Lopez Lopez de Araya, Maite Campo Iparragirre, Adrian Lopez Bueno, Iñaki Zaldua Calleja, Eñaut Martinez de Birgara, Jon Azkargorta, Miren Martinez, Nerea Bilbao, Miguel Virizuela, Juan Barredo, Amaia Perez Orozco, Antxon Barroso Merino, Maialen Sistiaga Poveda, Iñigo Valero Alzaga, Luixa Reizabal Arruabarrena, Xavier Minguez Alcaide, Aratz Soto Gorrotxategi, Joseba Makazaga Odria, Garai Zabalza Monasterio, Martin Irizar Landa, Daniel Garcia Pina, Andoni Agirre Arabolaza, Larraitz Fagundez Osa, Lukas Arana Garmendia, Eli Zaldua Barquin, Imanol Galarraga Castaño, Nerea Goirizelaia Martin, Irene Cisma Diaz, Oihane Ibarguren Egibar, Udane Barinagarrementeria Laka, Ainhoa Gutierrez del Pozo, Naia Mondragon Arrese, Iker Lauzirika Ansola, Jon Zarate Sesma, Iker Apraiz Solaguren, Estitxu Villamor Lomas, Urko Salgado Herrera, Leire Aranburu, Martin Ruiz Inda, Imanol Vitores, Abraham Larrañaga, Jesus Lorenzo Jimenez, Aritz Onaindia, Xabier Arizmendiarrieta, Andere Ormazabal, Ainhoa Diez Sanz, Nerea Zuluaga Mauri, Sergio Garcia Ibañez de Garayo, Kepa Solozabal Bergara, Eneko Tamayo Zamorano, Mikele Lapeira Astorkia, Aitor Soroa Etxabe, Mikel Ezkerra Elorza, Zugaitz Ortiz Bergara, Victor Sanda Mera, Jone Isasti Sanchez, Eki Etxebarria, Olaia Colau, June Olazar Intxausti, Jone Hernandez Perez de Guereñu, Maider Galardi, Nerea Fernandez Arrieta...