Emakume bat EHUko errektore

Arantza Urkaregi, Mila Amurrio eta Mari Luz Esteban
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Datorren ostegunean, hilaren 24an, EHUko unibertsitariok aukera izango dugu datozen lau urteotan gure unibertsitate publikoa zuzenduko duen taldea hautatzeko. Une garrantzitsua, beraz, nahi dugun unibertsitate-ereduaz eztabaidatzeko. Zoritxarrez, hautagaitza bakarra izateak murrizten du eztabaida hori. Baina beste hautagaitza bat ez egotearen arrazoiez hausnartzeak beste artikulu baterako emango luke. Oraingo honetan, dagoen proposamenari eta berau lideratzen duen hautagaitzari buruz hausnartu nahi dugu.

Ez da kasualitatea hautagaitzaren burua emakumea izatea. EHUn asko gara lanean ibili garenok emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gauzatzeko unibertsitateko hainbat arlotan. Besteak beste, orain dela hamar urte, unibertsitari feministok ordura arte egindako lana eta sortutako sarea zela tarteko, eratu zen EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza, zeinaren ondorioz, egun, bigarren Berdintasun Plana garatzen ari den; gainera, ikastegi ezberdinetako berdintasun- eta hezkidetza-batzordeak lanean ari dira, eta bi master ditugu (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren Gainekoa eta Ikasketa Feministen eta Generokoak)... Egitura, ikasketa eta ekimen horiek guztiak eta gehiago beharrezkoak dira, oraindik genero berdintasunetik urrun baikaude unibertsitatean. Emakumeok unibertsitarien erdia baino gehiago gara kopuruetan, baina ardurei, lanpostuen kategoriei edota aukeratzen ditugun ikasketei begiratzen badiegu, ezberdintasun handiak nabarmentzen dira. Esate baterako, irakasleen artean, kategorietan gora egin ahala, gero eta emakume gutxiago daude, eta egoera horrek kristalezko sabaia, gure unibertsitatean ere, indarrean dagoela agerian uzten du. AZPkoen artean, berriz, emakumeak nagusi dira, eta, era berean, beraiek dira kontziliazio-neurriak hartzen dituztenak, zaintza-lanen erantzukizuna emakumeena baita gaur-gaurkoz. Eta, beste adibide bat ematearren, arlo teknikoetako titulazioetan, emakumezko ikasleen presentzia handituz joan arren, oso eskasa da oraindik, hain zuzen, prestigio handikoetan.

Halatan, gutxi dira EHUko aginte—organoetan dauden emakumeak. Izatez, Nekane Balluerka Lasaren hautagaitzak behar besteko babesa lortzen badu, lehen errektore emakumea izango da, are gehiago, Euskal Herriko unibertsitateetako emakumezko errektore bakarra. Genero berdintasunaren bidean jauzi kualitatiboa izango da, beste batzuen iragarle, agian, EHUk aitzindari izan behar baitu berdintasunaren aldeko politikak diseinatzen, sostengatzen eta bultzatzen.

Hori dela eta, ilusioz bizi dugu errektore emakumea izateko aukera hau. Hala ere, jakin badakigu ibilbide zaila izango duela gure unibertsitate publikoak behar dituen aldaketak aurrera eramateko; are gehiago, azken urteetan nozitzen ari garen murrizketa-politikekin. Zaila izango da bere programan agertzen den moduan genero zeharkakotasuna unibertsitate-jarduera ezberdinetan txertatzea. Zaila bere programan agertzen diren hainbat proposamen EHU euskal jendartearekin konprometituriko unibertsitatea izan dadin...

Eta zailtasun horiei guztiei gehitu behar zaie hautagaitza bakarrak ondorioztatzen duen parte-hartzeko beharra ez ikustea, «dena eginda dagoela» pentsarazten duena. Eta kontrakoa da, askoz zailagoa da babesa lortzea bakarra izanda, hautagaitza ezberdinen arteko konfrontazioa dagoenean baino. Horregatik, zailtasun horiek kontuan hartuta, Balluerkak izan duen ausardia eskertzeko modukoa da.

Eta gu prest gaude ibilbide horretan laguntzeko, ezinbestekotzat jotzen baitugu gure unibertsitateak urratsak egitea berdintasunaren alde, gure herrian txertatua egoteko eta euskal gizartearen beharrei erantzun ahal izateko.

Laguntza eta kritika, aurkezturiko programak kritikarako aukera ere ematen duelako. Bat aipatzearren, joan den ostiraleko Klaustroan, errektoregaiak haren programa aurkeztu zuenean, hainbat aldiz agertu zen jasangarritasunaren kontzeptu zabalaren ideia, non berdintasuna sartzen den. Ez dakigu berdintasunaren alde lan egitea jasangarria izango den; are gehiago, deserosoa izango dela ikusten dugu, eta hala izan behar duela; oztopoz beteriko bidea, botere-banaketaz ari garelako, eta, batzuek boterea izateko, beste batzuena murriztu beharko baita. Baina, bereziki, ez dugu bat egiten berdintasuna jasangarritasunaren barruan «ezkutatzearekin», izendatzen ez dena ez baita existitzen. Beraz, jasangarritasunerako baino eraldaketarako premia ikusten dugu guk.

Kezkatzen gaitu lehiakortasunaren izenean, «ospe handia» ez duten edo ideologia neoliberalen kontra doazen hainbat jarduera eta ikerketa-lerro ez bultzatzeak; kezkatzen gaitu prekaritateak, edota inolako ñabardurarik gabe enpresen finantzaketa aldarrikatzeak... Baina, kezkak kezka gure unibertsitate publikoaren norabidea jendarte justu eta berdintsuagoaren alde jartzeko lanean jarraituko dugu azaroaren 24ra arte, eta, bereziki, azaroaren 25etik aurrera.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: Jone M. Hernandez, Iratxe Retolaza, Mertxe Larrañaga, Ane Larrinaga, Mari Jose Martinez, Estitxu Garai, Susana Andino, Oskia Agirre, Yolanda Jubeto, Aintzane Camara eta Arantza Gutierrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.