Enbor beretik

2015eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Herriko Tabernen itxieraren kontrako Libre dinamika laranjarekin bat egin zuten milaka herritar anonimok larunbatean Donostiako Aste Nagusiko maniFESTAzioan. Baina baita kulturgile, bertsolari, idazle,musikari, txalapartari, sindikalista eta politikari ezagunek ere, epai honen injustizia eta bidegabekeria salatuz, eta donostiarron adierazpenean azaltzen zen Kulturari eta politikari aterik ez itxi. Herrikoak libre eta zabalik aldarrikapenarekin bat eginez. Suminduraren olatua handitzen ari da Euskal Herrian.

Kulturari eta politikari aterik ez itxi! hautatu dugu lelo nagusitzat, ez dagoelako euskal kulturarik gabeko euskal proiektu nazionalik, ez eta politikarik gabeko euskal demokraziarik ere. Bi kontzeptuak uztarri berean josi zituen ETAk duela mende erdi, euskara eta euskal kultura abertzaletasun modernoaren ardatz bihurtuz. Eta orduz geroztik bi kontzeptuak —kultura eta politika— elkarri loturik eta elkarlanean landu dira Euskal Herrian arlo guztietan, bai instituzioetan, bai jendartean eta, nola ez, baita Herriko Tabernetan ere. Horregatik, azpimarratu nahi dugu Espainiako Estatuak bestelako Euskal Herri baten aldeko lan eta itxaropenari ateak itxi nahi dizkiola Herriko Tabernak epai honen bidez itxita.

Izan ere, bizitza, kultura eta politikaren arteko koktela izanik, sektore sozial jakin bati biak edota bietako bat ukatzen zaionean, sektore sozial horren heriotza zibila eta politikoa da ondorio zuzena. Horrexegatik, Herriko Tabernak lapurtuko dizkigutenean, gure jabetza pribatua baino askoz ere gehiago da lapurtuko digutena. Ilusioz eta maitasunez, milaka orduz sorturiko gure txokoak dira itxi nahi dizkigutenak. Gure jendartearen eredu praktikoa erakusten duten guneak dira zapuztu nahi dizkigutenak. Herri kultura bultzatzeko izan ditugun egitura nagusiak dira kendu nahi dizkigutenak. Euskaratiketa euskaraz bizitzera bultzatu gaituztenespazio euskaltzaleak ala euskaldunak dira desegin nahi dizkigutenak. Euskaldunagoak, feministagoak, independentistagoak, ezkertiarragoak, kontsekuenteagoak, edota, bi hitzetan esanda, militante hobeak izaten ikasteko gure eskola txikiak dira itxi eta lapurtu nahi dizkigutenak. Gure bizitzako hamaika bizipen, eztabaida, maitasun eta malkoren lekukoak izan diren guneak dira suntsitu nahi dizkigutenak. Herriko Tabernak itxiz, gure amets politikoak dira lapurtu nahi dizkigutenak.

Zorionez, alfer-alferrik dabiltza, gure aurkako borroka luzean ez baitute oraindik garrantzitsuena ikasi; hau da, Euskal Herriaren askatasun egarria ez dutela errepresio bidez aseko. Diktadura garaian, legez eta indarrez euskara eskoletan debekatu zutenean, ikastolen eta helduen euskalduntze alfabetatzearen aldeko herri mugimenduak sortu genituen. Gauza bera egin genuen euskal kantagintza debekatu zutenean, Ez dok amairu sortuta. Eta ustezko demokrazia garaian ere berdin jokatu dugu legez eta indarrez Egin edota Euskaldunon Egunkaria itxi zituztenean, Gara eta BERRIA sortuz. Zer esanik ez, legez eta indarrez gazte erakundeak, eragile sozialak edota indar politikoak demokratikoki legez kanpoko jo zituztenean. Orduan ere berriak sortu genituen. Eta orain, legez eta indarrez Herriko Tabernak itxiko dituztenean, egoera politiko berrira egokitutako Herriko Taberna edo espazio berriak sortuko ditugu. Zorionez, aspaldi ikasi genuen gure borrokan erantzun ildoak ere eraikitzailea izan behar duela irabazteko.

Eta horretan ari gara. Desobedientzia zibilaren zein herri erresistentziaren bidetik etorkizun berria eraikiko dugu. Herriz herri, Herriko Tabernaz Herriko Taberna, bakoitzak bizi duen errealitatetik abiatuz, gure txokoa lapurtzera etorriko direnean ahalik eta erantzun sozialik zabalena eta erresistenteena antolatu behar dugu. Herriko Tabernak itxiko dizkigute, militanteak atxilotzen dituzten modu berean, baina oraingoan ere galdu egingo dute politikoki, atxiloketen inguruan antolatu izanditugun Aske Gune eta herri harresietan ikusi den moduan. Oraindik ez dute ikasi Mozal Legearekin eta Zigor Kode berriarekin ez digutela bataila politikorik irabaziko, min egingo diguten arren.

Baina ez dugu ahantziko garrantzitsuena ez dela lapurretaren aurrean erresistentzia antolatzea, hori ere egin behar dugu, baizik eta egoera politikoa zein gure estrategia politikoa errotik aldatu direnean, etorkizunari begira nolako tresna politikoak behar ditugun jakitea. Horretan datza erronka, eta inork ez dezala zalantzarik izan: herriz herri hausnartu, eta behar den soluzioa bilatuko diogu. Hori bai, urte hauetan guztietan elkartasunetik konpromisora pasatu ondoren, hemendik aurrera konpromisotik desobedientzia zibilera, herri erresistentziara eta konfrontazio demokratikora igaro beharko dugu, kapitalak eta estatuek ez baitigute beste aukerarik emango.

Fito Rodriguezek maniFESTAzioanXIX. mendeko Jules Renard idazle, olerkari, dramagile, kritikari literario ezkertiar, antiklerikal eta bakezalea aipatuz azpimarratu zuen moduan, «politikaz ez arduratzea bizitzari axola ez ematea litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.