Ziklo edo zikloi elektoral bat dugu aurretik, eta alderdi politikoak ari dira jada zerrendaburuak, proiektuak eta, baita ere, euren desio magikoak promesten. Giroa nahasia dago, politikoa zein politikatik harago doana, eta joan den asteko tren istripu larriak ez du giro hori baretzen lagunduko. Garai berezi honetan hautagai zein alderdiek ez lukete jendea engainatu behar promesak egitean. Argi baino argiago baitago herritarron arazoak ez direla hauteskunde-kanpaina baten erritmoan desagertuko edo konponduko. Hurrengo hauteskundeetan edo hurrengo belaunaldian pentsatu. Hor dago koxka.Â
Arazoei dagokienez, ekainean argitaratutako Euskal Soziometroaren arabera, etxebizitza da herritarron kezka nagusia. Sorpresa gutxi rankingean, honen atzean baitaude lan-merkatuarekin lotutako arazoak, osasungintza eta segurtasun falta, hurrenez hurren.Â
Azken honek izugarrizko gaurkotasuna du egun hauetan. Alde batetik, asteak daramatzagu Europako hirietan bandalismo-ekintzen gorakada kezkagarria ikusten albistegietan eta sare sozialetan: hiri-altzarien eta erakunde publikoen aurkako erasoak, saltokien arpilatzeak eta abar. Sare sozialen bidez antolatutako jendeak egindako ekintzak dira, inolako kausari erantzuten ez diotenak eta kaleetan kaosa eta kezka sortzen dituztenak. Bestetik, segurtasunari buruzko eztabaida monografikoa gauzatu zen duela egun gutxi Gasteizko Legebiltzarrean. Gobernu kideek eskatutako eztabaida eta, beste behin, posizio polarizatuak ikusi ahal izan ziren. Batzuek segurtasunik ezaren pertzepzioa gutxietsi nahi zutelako, eta besteek gure herria sutan omen dagoela neurriz kanpo irudikatu nahi zutelako. Politikagintzaren ardura baldin bada instituzioak kudeatzea, garrantzitsua litzateke errealismoz herritarron larritasunak behar bezala dimentsionatzea; ez baita arduratsua errealitatearen aurrean begiak itxi edo ozenegi oihukatzea.Â
Hauteskunde-ziklo berri honen atarian, herritarrok ez ditugu promesa gehiago behar: konfiantza, erantzunak eta emaitzak behar ditugu
Horregatik, hain zuzen ere, zen eztabaida hau garrantzitsua. Herritarren kezka dena mespretxatzeraino enbarazu egiten dio gai honek ezker abertzaleari. Eurak direla herria eta eurak bakarrik ordezkatzen dutela herria errepikatzen duten arren, gai honi buruz eztabaidatzea ekidin dute behin eta berriz. Errotuta daukaten kultura politikoak ez du onartzen Euskal Poliziak duen zilegitasuna, ez du aitortzen erakunde honen garrantzia. Ez dute honetaz hitz egin nahi. Hain da horrela, hainbat gai nahasten baitituzte segurtasunaz ez aritzeko: etxebizitza, prezioen igoera, enplegu-baldintzak, eta abar. Baina dena segurtasuna bada, ezer ez da segurtasuna. Ez al da garrantzitsua etxera lasai itzultzea, Euskal Poliziarengan konfiantza izatea, baso-suteak prebenitu eta itzaltzea edo eraso sexisten aurka jardutea? Gaur egungo delinkuentzia mota berriei, ziberdelinkuentzia bezalako delituei, adibidez, erantzuteko prest egotea? Ertzaintzak behar dituen baliabide gaurkotuak, nahikoak, izatea?Â
Egungo jardun politiko polarizatuaren harira eta ñabardurak gero eta garrantzitsuagoak diren honetan, ezin dira arazoak eta kezkak nahastu. Eta horiek nahasten dituztenek ez dute segurtasunaren kezkaz hitz egin nahi. Kontuan izan behar dugu segurtasuna ezinbesteko baldintza dela eskubideak eta askatasunak eraginkortasunez gauzatzeko, bizikidetza demokratikorako eta eguneroko bizitza normaltasunez garatzeko.
Balioen krisia bizi dugun garai honetan, agintea eta agintariak zalantzan jartzen diren honetan (eta ez naiz soilik polizia-agintaritzaz ari), Euskadiko kaleak neurri bereziz zaindu behar izan dira Bartzelonan eta Frantziako hainbat hiritan ikusitako egoera kezkagarriak saihesteko. Fenomeno berri honi aurrea hartzeko, gizarte gisa prest egon behar dugu, gertatzen ari dena gutxietsi gabe, baina baita alferrikako alarmarik sortu gabe ere.
Hauteskunde-ziklo berri honen atarian, herritarrok ez ditugu promesa gehiago behar: konfiantza, erantzunak eta emaitzak behar ditugu. Arazoei aurrez aurre begiratu, haien benetako dimentsioa onartu eta konponbideak eraikitzeko neurriak hartzea eskatzen dugu. Politikaren balioa ez baitago oihartzun handiena lortzean, herritarren eguneroko bizitza hobetzeko gaitasunean baizik: kezkak entzun eta arazoei erantzun.