Eraikitzeke ditugun 'patriak'

2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Amaitzear da, dagoeneko, HBO emititzen ari den eta Fernando Aranbururen izen bereko eleberrian oinarriturik dagoen Patria telesaila. Uste dut momentu hau egokia izan daitekeela ikusi eta irakurri dugunaren inguruko zehaztapen batzuk egiteko, ETAk bere disoluzioa iragarri zuenetik bederatzi urte bete diren honetan.

Esan beharra daukat, hasteko, gustura irakurri nuela Patria eleberria. Gustura ari naiz, era berean, telesaila ikusten. Txikitatik izan naiz Ane Gabarain, Elena Irureta eta Jose Ramon Soroiz hirukoteak plazaratutako saioen fana. Belaunaldi askorentzat, Joselontxo beti egongo da Easo plazako agertoki horiei lotuta. Gainera, horiei belaunaldi berriko Loreto Mauleon, Eneko Sagardoy edo Jon Olivaresek egindako ekarpenak batzen badizkiegu, benetan gustura ikusten den telesail bat daukagu parean. Gustura ikusten den eta eztabaida sortzen duen horietakoa. Eta hor dago gakoa, eztabaidan.

Liburua irakurri nuenetik, argi ikusi nituen oso agerian geratzen ziren bi ezaugarri, nire ustez autorearen fobiekin bat egiten zutenak: euskararen erabilera eta Elizaren papera. Bi kasuetan, liburuan azaltzen dena (eta telesailean ikus dezakeguna) karikaturatik errealitatetik baino gertuago dagoela iruditzen zait. Euskarari dagokionez, eta testuingurua ezagututa, argi dago liburuko protagonista guztiek euskaraz egingo zutela elkarren artean. Horrela, liburuan agertzen diren (eta seriean hala islatzen diren) euskarazko esaldiek intentzionalitate argi bat erakusten dute: hizkuntza bera auzitan jartzea. Hori oso nabaria da errealitatea apur bat ezagutzen duen edonorentzat, eta, lehen esan bezala, zuzenean lotuta dago autorearen fobiekin. Ez naiz sartuko (nahiz eta hori ere nabaria izan) euskal literaturaz esaten dituenetan, gai horretaz nik baino gehiago dakitenek aipatua baitute lehenago, luze eta zabal.

Euskal Elizaren paperari dagokionez, azken egunotan ere eztabaidagai izan da gaia beste dokumental batean, apaiz batek esan dituenen harira. Eta, bi kasuetan, ez zaizkit iruditzen esanguratsuak perspektiba orokor bat egiteko. Egia da (hala onartu zuten gotzainek ere) urtetan, gizartearen gehiengoaren antzera, Elizak ez zuela nahikoa begirune izan biktimekiko. Baina, hori onartuta, ezin uka daiteke Elizak bitartekari lan handia egin duela gizarte honetan pisu esanguratsua izan duen bitartean. Eta baita hainbat ekimen esanguratsu bertatik atera direla ere. Ez zait zuzena iruditzen Eliza alde batean kokatzen duen karikaturazko irudia.

Eta horixe da, segur aski, liburuak (eta telesailak) duen ezaugarri kezkagarriena: txuri eta beltzeko agertoki bat eskaintzen digula, gehiegitan grisetan sartzen ez dena. Esate baterako, Ane Gabarainek horren ongi antzezten duen Mirenen pertsonaiak bihotzik gabekoa dirudi, inolako ñabardurarik gabekoa, kontrasterik gabea, txuri edo beltz, inolako grisik jokatzeko gaitasunik ez duena. Horri pertsona askok liburua errelatoaren gudan garaile irudikatzeko grina batzen badiogu (nahiz eta, segur aski, hori ez den bilatua izan), ez dut uste, inondik ere, urtetan herri honetan bizi izan dugun errealitatea islatzen duenik.

Nik ez dut ukatuko liburuan kontatutakoak Euskal Herrian gertatzen zirenik. Arestian aipatutako ñabardurak salbu, gurean gerta zitezkeen elementuak iruditzen zaizkit. Baina ez bakarrak. Non daude mugimendu bakezaleak? Non erakunde publikoak? Eta non norbanakoen artean sortzen ziren ekimen eta elkarbizitza esparruak? Herri honetan adiskidetzearen bidea eraiki behar badugu, pluraltasunaren eta hurkoaren aitortzaren bidetik abiatuta eraiki behar dugu. Denok. Eta horretarako beharrezkoa da ahotsak eta kontakizunak entzutea, eta elkarrekin eraikitzen jarraitzea.

Garaietako onena zen. Baina baita garaietako txarrena ere. Horrelairudikatzen zuen Charles DickensekA tale of two cities (Bi hiriren istorioa) bere nobelaren hasieran, Londres eta Parisen arteko dikotomia islatzen zuen liburuan. Nago inorentzako ez zirela izan iragan urteak onenak edo txarrenak, nahiz eta irakurketa dikotomiko honetatik sortutako logikek denbora gehiegian baldintzatu gaituzten. Dikotomia horretatik irteteko ezinak, batez ere. Ñabardurak idazteko beharrak. Grisen mundu zabal horrek. Ongi etorri, beraz, Patria-k sortutako eztabaida. Baina zabal dezagun begirada.

Errelatoaren eraikuntzaren bide horretan nabaria da errelato bakarra idatzi beharrean errelatoak plazaratu behar ditugula. Bakoitzaren bizipenetatik abiatu, eta horiek ulertzen saiatu behar dugu, gertatutakoa ongi interpretatu eta etorkizunera begira jartzeko. Hurkoarekiko errespetutik eta aitortzatik. Trintxerak deseraikiz, hainbatek, dagoeneko, esaten duten bezala. Geure buruari zor diogu. Baina, batez ere, garai hura lehen pertsonan bizi izan ez zuten belaunaldi berriei zor diegu.

Euskal gizarteak aurretik duen erronka garrantzitsuenetako bat da adiskidetzearen eraikuntza (edo elkarbizitzaren eraikuntza, galdetzen diogun pertsonaren arabera). Momentuak ere, pandemiaren baimenarekin, lagun lezake hori egiten. Euskal gizartearen aje fase honek aukerak ematen ditu elkarbizitza espazioak lantzeko. Baliatu dezagun, beraz, Patria-k eztabaidarako ematen digun aukera, eta has gaitezen lantzen eraikitzeke ditugun patriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.