Eraso politiko bat

Pedro Ibarra Guell, Jose Manuel Castells, Xabier Ezeizabarrena eta Jon Gurutz Olaskoaga
2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
ETAk behin betiko indarkeria utzi izanak desagerrarazi egin du gatazka politiko jatorrizkotik eratorritako borroka indarkeriazkoa; handik eratorritakoa, baina ez hark erabakitakoa. Gatazka politiko nazionalak bere hartan dirau, eta, gaur egun, hautu indarkeriazkotik libre egiten du aurrera. Beraz, hark indarkeria utzi ondoren, irtenbide bat baino ez zuen gatazka indarkeriazkoak, haren ondorio jakin batzuk konpontzea. Desarmatzea, biktimak, presoak eta adiskidetze behin betikoa.

ETAren erabakia aldebakarrekoa izan zen. Erabaki harekiko ordainik eta konpromisorik ez zuen eskaini Estatuak. Indarkeria uzteko erabakiarekin batera etorri zen Aieteko Adierazpena, eta gatazkarekin zuzenean edo zeharka loturiko hainbat gai konpontzeko egokitasunaren, ontasunaren eta abagunearen aldeko manifestu bat izan zen. Baina ez zion galdegin Estatuari betetzeko elkarrizketa eta akordio haren ondoren hitzartutako konpromiso legezkoak eta politikoak.

Lehentasunei dagokienez, presoak dira Ezker Abertzalearenak —euskal biztanleriako zati handi baten babesa du—. Kontua da presoak kartzelatik ateratzea, pixkanaka, behin Euskadiko kartzeletara hurbiltzen hasiz gero. Espainiako Gobernuaren lehentasunezko helburua —eta ia bakarra—, berriz, ETA erabat desarmatzea da. Aurrez aurre dauden lehentasunak dira.

Ezbairik gabe, arrazoi etiko-politiko sendoak daude bestelako kartzela politika baten alde egiteko eskatzeko nabarmen. Arrazoi nagusia da gaur egun preso asko krudeltasun egoera apetazko eta bidegabe batean daudela. Badira nazioarteko babesleak ere, hala nola Aieteko Adierazpena sinatu dutenak, egoera berrira egokituko den kartzela politika bidezko bat galdegiten baitute; horrez gainera, euskal gizarteko zati handi baten babesa dute.

Egia da, era berean, ez bide dagoela arrazoirik pentsatzeko Estatuak bere politika aldatuko duela, hainbat mobilizazio sozialen eta arrazoibide etiko-politikoren inguruan. Estatuak egiaztatu duenez, ETAren eta haren presoen inguruko politikari dagokionez zenbat eta gogorrago jokatu, are eta iraunkorrago eta zilegizkoago bihurtzen da. Espainiako zilegitasunaz eta iritzi publikoaz ari gara, baina gogora ekarri behar da politika ikuspegitik iritzi horixe komeni zaiola Espainiako Gobernuari. Gobernuak seguru ikusten du bere burua indarkeriaren amaieraren jatorri aldebakarrekoa dela eta. Eta Gobernuak areagotu egiten du bere zilegitasuna ETAren porrotaren diskurtsoaren bidez.

Ezin saihestuzko hautua izan zen indarkeria uzteko erabaki aldebakarrekoa. Baina aldebakarrekotasunak bere logika du. Ez da formulatzen, aurrez zer egin edo negoziatu den, horren arabera. Haren garapena eta ondorioak, berriz, norberaren araberakoak dira. Muga horiek kontuan izanik eta lehendiko indarren korrelazioa aintzat harturik, ezker abertzaleak oraindik ere urrats aldebakarrekoak sustatzen ibili beharra dauka, esate baterako, desarmatze prozesu bati ekin beharra dauka presoen inguruan konponbide bat ezartzeari ekin diezaioten. Bide horretatik jo dute Lokarrik antolatutako Foru Sozialaren Gomendioek, baita Miarritzeko exiliatuak jendaurrean aurkeztuta ere haiek berriro Euskadira ekar ditzaten eskatzeko asmoz.

Prozesu hasiberri honek, bere mugekin eta indar korrelazioekin, gatazka jokaleku bat zehazten digu, eta presoen gizarteratzea, ETAren desarmatzea eta biktimekiko erreparazioa konpontzeko galdegiten. Ezker Abertzalea aktibo dabil jokaleku horretan, mobilizazio sozialen bidez, eta proposamen nahiz praktika aldebakarrekoak garatzearen alde eginez. Dinamika aktibo horretan dago Eusko Jaurlaritza ere, Bake Planean proposatutako hainbat neurriren bidez. Hala ere, Estatuak pasibotasuna baino ez dakar jokalekura. Litekeena da hainbat proposamen garatuz gero pasibotasun horri uko egin behar izatea eta hainbat neurri hartu behar izatea.

Bada, ez. Pasibotasun apurrik ere ez, erantzun positibo bat bera ere ez, indarkeriaren ondorioei dagokienez. Orain, Estatuak, lehen baino lehenago desagertzear dagoen Auzitegi Nazionalaren bidez, eta biktimen elkarteek txaloturik —beren izateko arrazoiaz harago planteamendu ezinago muturrekoak dituzten elementu politiko bihurtu izaki—, politika ikuspegia sartu du berriro jokalekuan. Orain, ez da bakarrik biktimen eta presoen ondorio pertsonalak konpontzea. Orain, kontua da iraganera itzultzea eta Ezker Abertzaleko hainbat buruzagi politiko kartzelatzea. Amesgaizto berritua dirudi, baina ez da.

Hala, 2013ko urriaren 17an, 35/02 Sumarioa egingo dute Auzitegi Nazionaleko Zigor Salan, eta hainbat zigor eskatuko dituzte—batzuk 12 urtekoak baino gehiagokoak— Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko eta 2002ra arte (ez da hutsegite bat, 2002ra arte!) Batasuneko kide eta Euskal Herritarrok alderdiko buruzagi izan ziren asko eta askorentzat; berrogeitaka pertsonarentzat, guztira. Zigor auzibide hori, hain zuzen, hainbat polizia txostenetatik eratorritako hainbat susmo, espekulazio eta hipotesietan baino ez da oinarritzen, eta peritu-frogatzat hartu nahi dituzte inolako egiaztapen faktikorik ez duten asmazio huts horiek.

Berez, kontua ez da larria, bakarrik, iritzi hori burugabekeria eta apetakeria judizial galanta izateagatik eta hainbat pertsona beren jarduera politikoa dela-eta atxilotu nahi izateagatik. Baizik eta zerbait gehiagorengatik. Berriro ere gatazkaren ikuspegi politikoa ekartzeagatik. Kontua ez da, bakarrik, Estatuak ezin jasaterainoko pasibotasuna ageri duela gatazka indarkeriazkoaren ondorioak konpontzeko orduan. Baizik eta, orain, beligerantzia berreskuratu duela, eta, zigor armak erabilita, indarkeriaz gabetutako gatazka politikoan sartu da. Haren arerio politikoak suntsitzeko asmoz sartu ere. Oraingo honetan, arerio zilegizkoa… eta legezkoa. Haren gogoaren zeharo kontra bada ere.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.