Aurka kolektiboko kideak

Eredu berri bat euskal musikarentzat

Kattalin Barcena eta Martin Ziarrusta
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

BBK Live makrojaialdiaren 20. urteurrenaren testuinguruan, ETSk eta Zetakek jasotako diru publiko kopurua urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da euskal musikari buruzko eztabaidan. Horren erakusle, Denok Gara Kultura izenpean argitaratu den gutuna, non ehunka artistak salatu baitzuten hainbat musika egitasmok jasotzen duten finantzazio publikoaren irregulartasuna. Guk begirada bota nahi genioke egitasmo horietako bakoitzaren azpitik gertatzen ari denari: euskal musika industriaren eredu berri bat ari da gorpuzten.

Eztabaida egon badago, nahiz eta kritikaren bat plazaratutakoan segituan irteten diren ahots batzuk kritika horiek «arrakastaren inbidiaz» eginikoak direla esatera, «bazterzalekeria» edo, are, «euskararen kontra» egitea egoztera. Betikoa da: eztabaida eragoztea dute helburu eta, beraz, akritikotasun orokortua azaleratzen dute, beste ezer baino gehiago. Guk ez dugu egitasmook euskarari egin diezaioketen ekarpena ukatzen, ezta masa-kulturaren handitasuna gutxiesten ere. Baina beharrezkoa iruditzen zaigu nola eta zertarako galderak mahaigaineratzea; ereduaren auzia, alegia.

Azken hamarkada buelta honetan, Euskal Herrian musika eszena komertzial baten garapen bizkorra gertatzen ari da. Euskal mainstream izendatu izan dugu guk; hau da, euskal musikaren barneko «korronte nagusia» osatzen duen eszena, euskaraz, baina beste edozein hizkuntza edo lurraldetakoaren ereduari begira sortzen ari dena, horien oinarrizko ezaugarri ekonomiko, ideologiko eta musikalen neurrikoa, alegia. Finantziazioa kasu entzutetsu horiek kultur eredu kapitalistaren logikan ulertu behar ditugu. Azken batean, helburua da jada errentagarriak diren proiektuak bultzatzea, horiek inguratzen dituzten enpresa-sareak indartu eta musikarekin negozioa egiteko baldintzak egonkortzeko. Kultur industrian orokorrean homologatuko den katalogo propio baten eraikuntzan inbertsioa egiten ari dira, beraz, instituzio publikoak, baina baita zenbait fundazio edo enpresa ere. Merkatu ikuspegi horri erantzuten dio BBK Livek, baina baita musika proposamen batzuk Espainiako estatuan egin diren ekimen erraldoiek edota nazioarteko entzuleengan jartzen den arretak: «euskal markadun» produktuak industria orokorrean txertatu nahi dituzte.

Dena dela, ez da soilik auzi ekonomiko bat, apustu politiko argi bat ere bada. Euskalduntasun erradikalago bat Euskal Herriaren promozio turistikorako egokia ez den era berean, ez da egokia euskal musika industria homologatu bat sortu eta proiektatzeko. Horrela, euskal alderdiek —EAJtik EH Bildura—, aurreko ziklo politikoa atzean uzten tematuta, horrelako musika proposamenetan aurkitu dute haien proiektu autonomistaren neurriko eredu musikala: kontsentsuaren izenean borroka eta konfrontazioa baztertzen dituen euskalduntasunarena, inori azkurarik eragiten ez diona, ia ezta PSOEri ere, euskal musika berria estatu mailako merkatuan ere txertatu dadin. Horretarako, gainera, inoiz politika askatzaileei lotuta egon diren elementu kulturalak folklorizatu, eta haietaz baliatzen dira «euskal markaren» baitan aurkeztu nahi diren produktuen berezitasun gisa saltzeko: kantari eta sinbolo politikoetatik hasi eta jai herrikoietara.

Azken hamarkada buelta honetan, Euskal Herrian musika eszena komertzial baten garapen bizkorra gertatzen ari da. 'Euskal mainstream' izendatu izan dugu guk

Horregatik da onartezina hedabide honetan bertan argitaratutako Kulturaren Konkista artikuluan plazaraturiko konparazioa, zeinak ETSk Espainian egindako emanaldiak eta euskal artistek 1976an Veneziako Bienalean egindako parte hartzea berdintzen zituen. Duela 50 urteko egitarau hura begiratu besterik ez da behar proposamen artistiko horien konpromiso politikoaren mailaz jabetzeko. Antzeko zerbait gertatzen da egungo ekimen erraldoiak edota musika jaialdiak eta iraganeko jaialdi konprometituak lotzen saiatzerakoan. Oinordekotza guztiz azalekoa da, elementu estetiko batzuen birziklapenetik eratorria. Nola eta zertarako galderetara itzuliz, konpromisoz eta helburu politiko zehatzei begira aurrera eramandako ekimenen ordez, kapital pribatuz eta diru publikoz puztuta euskal mainstream-a sustatzeko helburuarekin egiten diren ekimenak orokortzen ari dira.

Gainera, bestelako asmo batzuekin antolatzen diren espazio eta iniziatiben erasoaldi betean ematen ari da eredu berriaren inposaketa. Ez da kasualitatea. Eredu gero eta merkantilizatuago batek bere kontrol esparrutik kanpo dauden espazio eta dinamikak fagozitatu eta suntsitu behar ditu. Bide horretan uler daitezke gaztetxeen aurkako erasoak, jaigune herrikoi eta politizatuen aurkako traba burokratiko eta kriminalizazioak, edota espazio publikoaren erabileran ezarri nahi diren debekuak. Argigarria da, adibidez, BBK Live jaialdiaren garapenak nola eraldatu duen Bilbon kontrakulturaren egoera: zanpatuz eta zokoratuz.

Baina ez gaitezen nostalgian erori: ez dago denboran atzera egiterik. Musikaren eredu kapitalista berriak ezartzen dituen baldintzei nola egin aurre pentsatzea dagokigu. Eta ez gara gutxi gaur-gaurkoz bestelako eredu baten alde dihardugun espazio, kolektibo, musikari, edota entzuleak. Eztabaida eta antolakuntza beharrezkoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA