Musika

Musikarientzako diru laguntzak «zalantzazko gardentasunez» ematen direla salatu dute 126 sortzailek

Musika Bulegoaren sariketan, Fermin Muguruzak ezinegona plazaratu zuen erakunde publikoek musika sustatzeko jartzen dituzten diru sailak direla eta. Orain, Denok Gara Kultura plataformaren bidez zabaldu dute kritika sortzaileek.

ETS taldeko kideak, Madrilen eta Bartzelonan izan baino lehen, Barakaldoko BEC erakustazokan jotako kontzertuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ETS taldeko kideak, Madrilen eta Bartzelonan izan baino lehen, Barakaldoko BEC erakustazokan jotako kontzertuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
2026ko ekainaren 17a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gardentasuna eta ekitatea eskatzen ditugu diru publikoaren banaketan». Musikarien artean ezinegona piztu dute Euskal Herriko erakunde publikoek zenbait musika talderi emandako laguntza bereziek, eta, azken asteetan, tantaka joan dira kritika horiek azaleratuz. Fermin Muguruzak, esaterako, jendaurrean hitz egin zuen ETS taldeak Madrilen eta Bartzelonan egindako kontzertuak laguntzeko Eusko Jaurlaritzak bideratutako 300.000 euroko sailari buruz Musika Bulegoak antolatutako sari banaketan, eta Aurka kolektiboak ere txarretsi egin izan ditu halako laguntzak. Orain, 126 musikarik plazaratu dute ezinegona, eta Denok Gara Kultura kolektiboak sinatutako ohar baten bidez ezagutarazi dituzte euren eskariak.

«Uste dugu kulturara bideratutako baliabide publikoak gardentasunez, irizpide publikoekin eta kultura sare osorako mekanismo irisgarriekin kudeatu behar direla»

Denok Gara Kultura

Gaur egun diru publikoa «zalantzazko gardentasuna duten prozeduren bidez» ematen dela gaitzetsi dute musikariek oharrean. Haien hitzetan, era horretan ez baita bermatzen guztientzako «aukera berdintasuna». Eta kezka ere adierazi dute, halako erabakien bidez bultzatzen den kultur ereduagatik. Diru laguntza horiek banatzeko sistema gardenago eta berdinzaleago bat eskatu dute horregatik. «Uste dugu kulturara bideratutako baliabide publikoak gardentasunez, irizpide publikoekin eta kultura sare osorako mekanismo irisgarriekin kudeatu behar direla».

Musikariak eta musika taldeak dira nagusi oharrarekin batera bidali duten atxikimendu zerrendan. Bertan dira, besteak beste, Brigade Loco, Bele, Cris Lizarraga, Des-Kontrol, Esanezin, Esti Markez, Gailu, Hofe, Idoia Asurmendi, Izaro, Itziar Ituño, Jon Basaguren, Juantxo Arakama, Kaotiko, Merina Gris, Miren Narbaiza, Mursego, Odei, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Petti, Sara Zozaia, Soziedad Alkoholika, Xabi Solano, Sune, Tatxers, Yogurinha Borova, bai eta Fermin Muguruza ere. Baina, musikariez gain, hainbat ekoizle eta musikazale ere badira tartean. 

Musikarien arteko solasaldietan aipatzen zirenek Musika Bulegoaren sariketan hartu zuten forma ofizialagoa. Etxepare Euskal Institutua musika saria jaso zuen Fermin Muguruzak bertan. Haren musika ibilbide osoa aitortzen zion sariak, baina musikariak laguntzeko sistema berdinzaleago bat eskatzeko baliatu zuen hitzaldia. Eta erreferentzia zuzena egin zien Eusko Jaurlaritzak ETS taldeari Bartzelonan kontzertu bat eta Madrilen beste bat antolatzeko helarazitako 300.000 euroko laguntzei.

Eusko Jaurlaritzak azaldutakoaren arabera, «euskararen sustapenarekin, sormenaren bultzadarekin eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioarekin duen konpromisoa» erakusten zuen ETS taldearentzako diru sail hark. Baina, Muguruzaren hitzetan, «esklusibotasuna» eta «pribilegioa» sustatzen dituzte gisa horretara emandako laguntzek.

«175.000 euro 47 talderentzat versus 300.000 euro talde bakar batentzat. Hau ez da magia, hau pribilegioa da, esklusibotasuna»

FERMIN MUGURUZAMusikaria

Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen dituen AT! mugikortasunerako laguntzak aipatu zituen musikariak sari banaketan. Programa horren bidez birak laguntzeko 175.000 euro banatzen direla jakinarazi zuen, eta diru horrekin iaz guztira 47 proiektu lagundu zituztela ere aipatu zuen. Zehaztu zuenez, laguntza eskatzen duen talde bakoitzak, biraren distantziaren eta emanaldi kopuruaren arabera, gehienez ere 5.000, 10.000 edo 15.000 euro jaso ditzake, eta bere bira laguntzeko 12.500 euro jaso zituela ere zehaztu zuen Muguruzak.

Horregatik, ETS taldeari emandako laguntza «xisteratik» ateratako «magia trikimailu» batekin alderatu zuen. «175.000 euro 47 talderentzat versus 300.000 euro talde bakar batentzat. Hau ez da magia, hau pribilegioa da, esklusibotasuna. Zinez uste dut baliabide horiek gardentasunez, irizpide profesionalekin eta aukera berdintasuna bermatuz banatu beharko liratekeela Etxepare Euskal Institutuaren bidez».

Aurka kolektiboak ere apirilean plazaratu zuen emanaldi jakinei ematen zaizkien diru laguntza publikoei buruzko kritika. Mugimendu Sozialistaren bueltan elkar ezagutu duten hainbat musikari eta musikazalek osatzen dute kolektiboa, eta sare sozialen bidez zabaldu zuen ETS taldeari emandako diru laguntzen sailari buruzko bere analisia.

'Euskal mainstream' bat

Azken urteetan euskal musikaren egoera erabat aldatu dela aipatzen zuen kolektiboak bere analisian. «Proiektu politiko askatzaile bati loturik zegoen eredua agortu eta kultur eredu kapitalistak azkar hedatu ditu bere aparatuak». Haien hitzetan, «euskal mainstream» izendatu daitekeen zirkuitu bat sortu du horrek, eta, Aurka-ko kideen ustez, «gutxi batzuen irabazi ekonomiko eta politikoak bilatzen ditu», betiere «euskara eta 'euskal kultura' sustatzearen izenean». Horrez gainera, makrojaialdi horiek «despolitizazioa» sustatzen dutela ere argudiatu zuen kolektiboak, eta bestelako eredu baten alde egiteko beharra ere nabarmentzen zuen, horregatik.

ETS taldearen laguntzei buruzkoak izan dira aipamenik zuzenenak orain artean, baina ez da musikarien eta musikazaleen artean eztabaida piztu duen kasu bakarra. Hedabideetara helarazitako oharretan haren aipamenik egin ez bada ere, hainbat iritzi artikuluk plazaratu dute Bizkaiko Foru Aldundiak Zetak taldeari bideratutako milioi bat euroko diru sailak eragindako ezinegona. Ostiralean eta larunbatean Bilboko San Mames futbol zelaian taularatzekoa den Mitoaroa III emanaldia antolatzeko da sail hori. Euskara eta euskal kultura sustatzeko estrategiarekin lotu zuten proiektua aldundiko ordezkariek ordukoan ere.

2008an ere, musikarientzako laguntzei buruzko eztabaida bizia eragin zuen Eusko Jaurlaritzak 702.000 euro jarri izanak Kepa Junkera musikariak nazioarteko hainbat musikari bildurik osatuko zuen hiru diskoko proiektua sustatzeko. Ordukoan ere, laguntzak banatzeko sistema gardenago eta berdinzaleago bat eskatu zuten hainbat musikari eta kultur eragilek, eta eztabaida luzea piztu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE