Soziologoa

Errezil eta Valdeverdeja: euskalduna bigarren mailako herritar

Iñaki Iurrebaso Biteri
2026ko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen begiratuan, badute antzekotasunik gure Errezilek eta Toledoko Valdeverdejak. Biztanle kopuru bertsua dute (600 inguru), biek galdu dute biztanleria azken mendean eta bietan izan du nekazaritzak pisu handia. Bada beste antzekotasun bat: bi herriak Espainiako Erresumaren mende daude.

Ezberdintasunen artean bada funtsezko bat: Valdeverdejan gaztelania da hizkuntza nagusia; Errezilen, euskara. Zein eskubide eta betebehar dituzte, ordea, bateko eta besteko herritarrek?

Estatu bereko herritarrak izanik, berdintasuna espero izatekoa litzateke. Hizkuntza-kontuetan, ordea, aldeak izugarriak dira. Administrazioan lan egiteko hizkuntza-betekizunei dagokienez, valdeverdejatarrak nahikoa du gaztelania; errezildarrak, ez du aski euskara jakitearekin, gaztelania ere beharko du. Epaitegian, polizia-etxean, posta-bulegoan nahiz ospitalean, valdeverdejatarra gaztelaniaz artatuko dute sistematikoki; errezildarrak, ordea, eguneroko loteriaren arabera jakingo du euskaraz hartuko duten ala erdaraz egin beharko duen.

Desberdinkeria hori normaltzat hartzera ohitu gara. Valdeverdejatarrak, Errezilera etorri, eta gaztelaniaz artatua izatea espero du; errezildarrak ondo daki, Valdeverdejara joanez gero, bertako hizkuntzara egokitu beharko duela. Euskal Herrian bertan ere, euskaraz artatua ez izatera eta erdarara jotzeko beharra onartzera ohituta dago errezildarra. Beste adibide bat: Errezilgo haurrek orduak ematen dituzte eskolan txiki-txikitatik gaztelania ikasten; Valdeverdejakoek, berriz, ez dute euskara ikasteko betebeharrik. Gutxitan jartzen dugu zalantzan norabide bakarreko egokitzapen hori.

Gaurtik hasita, lehen urratsa da desberdinkeriaz jabetzea, zapalkuntza normaltzat hartzeari uztea 

Desberdinkeria horren oinarrian botere-harreman asimetrikoak daude, eta horiek lege-markoan gauzatzen dira. Espainiako Konstituzioak, 3. artikuluan, espainiar guztiei ezartzen die gaztelania jakiteko betebeharra; euskarari dagokionez, ez dago pareko betebehar orokorrik, ezta Errezilen ere. Horri gehitzen zaio beste arazo bat: euskaraz artatua izateko eskubidea aitortua dagoen tokietan ere askotan ez dela betetzen. Legezko asimetria eta aitortutako eskubideen urraketa, biak pairatzen ditugu euskaldunok.

Lege-markoaren ondorioak ez dira hutsalak. Valdeverdejatarrak eskubidea du Errezilgo udaletxean gaztelania erabiltzeko; errezildarrak ez du pareko eskubiderik Valdeverdejakoan euskara erabiltzeko. Bada beste adibide esanguratsu bat, egungo migrazioen testuinguruan: Espainiako nazionalitatea bizilekuaren bidez eskuratu nahi duenari, oro har, gaztelaniaren ezagutza egiaztatzea eskatzen zaio. Berdin dio Valdeverdejan edo Errezilen bizi den: euskara jakiteak ez du betekizun hori ordezten.

Aipatutako adibideek hizkuntzen arteko hierarkia argia erakusten dute. Gordin esanda: estatuak ez ditu berdin tratatzen bi hizkuntza-komunitateak. Euskaraz bizi nahi duen errezildarrak oztopo gehiago eta zama handiagoa ditu bere herrian, gaztelaniaz bizi nahi duen valdeverdejatarrak berean baino.

Erne, ez gara ari Baigorriko edo Tafallako euskaldunez; horiek are babesgabeago daude. Ulertzekoa da ofizialtasunaz aritzean euskarak aitortza hori ez duen lurraldeetan jartzea arreta. Baina horrek ez liguke eragotzi behar euskara ofiziala den eremuan ere legeak berak desberdinkeria ezartzen duela ikustea. 

Gizakien eta herrien arteko botere-harremanak aldatu izan dira historian. Gaurkoak ere alda ditzakegu, horretarako lan eginez gero. Ez gaude bigarren mailako herritar izatera kondenatuta

Historiak erakusten digu legezkotasuna eta berdintasuna ez doazela beti eskutik: Hegoafrikako apartheidak legalki izendatzen zituen beltzak bigarren mailako herritar, XX. mendearen hasierako Europako legeek emakumeak bezala. Egoerak parekatu gabe, lotura argia da: legeak berak ezar dezake herritarren arteko hierarkia. Hizkuntza-eskubideei eta betebeharrei dagokienez, horixe gertatzen zaigu euskaldunoi gaur egun indarrean dagoen legediarekin: bigarren mailako herritar bihurtzen gaitu.

Legeetan ezarritako eskubide eta betebeharrek epe luzerako ondorio soziolinguistikoak dituzte. Lege-marko hori ez da hizkuntzen bilakaera azaltzen duen faktore bakarra, baina ezta hutsala ere. Gaztelaniak nagusi jarraitzen du bere jatorrizko lurraldean, eta lehen euskara edo katalana nagusi ziren eremuetara hedatu da, indartsu hedatu ere. Euskarak, ordea, atzera egin du: Errezilen gisako arnasguneak gutxi dira dagoeneko, eta arrisku larrian daude.

Argi luzeak jarrita, helburua da euskaraz bizitzeko aukera eta berme osoa izatea. Horretarako, euskarak lehentasuna izan behar du bere lurraldean. Eta lehentasun hori bermatzeko funtsezkoa da estatu propio bat izatea edo, gutxienez, berdintasuna oinarri izango duen bestelako lege-marko bat. Suitzako eta Belgikako hizkuntza-antolaketatik bada zer ikasi: hain zuzen, hizkuntza-komunitateei bermeak ematea lurralde jakinetan beren hizkuntzaren nagusitasuna babesteko.

Gaurtik hasita, lehen urratsa da desberdinkeriaz jabetzea, zapalkuntza normaltzat hartzeari uztea. Bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituztela ohartzeak mina edo haserrea eragin diezaguke. Zilegi da hala sentitzea, eta sentimendu hori aldaketarako indar ere bihur daiteke. Barru-barrutik baitakigu errezildarra ez dela berez valdeverdejatarra baino gutxiago; euskalduna ez dela gaztelaniaduna baino gutxiago; bizi dugun egoera ez dela naturala, bortxaren eta botere-harreman injustuen ondorioa baizik.

Gizakien eta herrien arteko botere-harremanak aldatu izan dira historian. Gaurkoak ere alda ditzakegu, horretarako lan eginez gero. Ez gaude bigarren mailako herritar izatera kondenatuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA