Esan-eko Batzorde Exekutiboko kidea

Ertzaintza: porrotaz baino gehiago, utzikeriari buruz

Unai Garabieta
2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igor Eizagirrek plazaratutako gogoetak galdera garrantzitsu bat utzi du mahai gainean: Ertzaintzaren gaur egungo egoera sindikatu baten porrota ote den, ala eredu oso baten ondorio. Zilegi da galdera. Baina erantzuna zintzotasunez bilatu nahi bada, komeni da eztabaida siglen arteko lehia hutsetik eta sinplifikazio erosoetatik ateratzea. Arazoa ez da sindikatu baten gainbehera hutsa; sakonagoa da: urte luzez Ertzaintza noraezean utzi duen hutsune politiko eta sozial baten ondorioa da.

Ertzainok ez gara gizarte honetatik aparteko gorputz arrotz bat. Euskal gizartearen parte gara: hemen bizi gara, hemen hazten ditugu seme-alabak, eta herri honek dituen kezka, kontraesan eta itxaropen berberak ditugu. Horregatik, akats politiko handia izan da Ertzaintzari kanpotik begiratzea, bloke homogeneo eta arrotz gisa tratatzea edo, are okerrago, etsai sinboliko bihurtzea. Horrela ez da errealitatea ulertzen. Eta ulertzen ez dena nekez zuzendu daiteke.

Azken urteotan, gainera, bi joera kaltegarri elkartu dira. Batetik, EAJk Ertzaintza sarri kudeatu du ikuspegi teknokratiko eta administratibo batetik: hutsuneak bete, egiturari eutsi, zenbakiak estali. Baina instituzio batek ezin du taula eta portzentajeen logikarekin bakarrik funtzionatu. Ertzaintza ez da plantilla huts bat; autogobernuaren egitura estrategikoa da, eta herri honi lotutako norabidea behar du.

Bestetik, EH Bilduren inguruan zabaldu den jarrera politiko batek maiz Ertzaintza susmoaren, seinalamenduaren eta konfrontazio errazaren eremuan mantendu du. Horren ondorioz, egunerokoan lanean ari diren milaka langileren errealitatea lausotu egin da, eta instituzio osoa aurkari politiko baten irudi sinplera murrizteko joera indartu da. Horrek ez du alternatibarik eraikitzen; distantzia handitzen du.

Batzuek administratu egin dute; besteek, seinalatu. Biek, bakoitzak bere erara, hutsune bera handitu dute.

Eta hutsune politikoak ez dira inoiz hutsik geratzen. Instituzio bati aitortza kentzen zaionean, norabidea lausotzen zaionean eta gizartearekiko lotura ahultzen denean, beste batzuek ikusten dute bertan sartzeko aukera. Hor dago gaurko arrisku nagusietako bat. Euskal gizartean sustrai ahulak dituzten korronteek lekua aurkitu dute Ertzaintzaren barruan eragiten saiatzeko. Ez ustekabean, ez bat-batean; beste batzuek utzitako espazioa baliatuz baizik.

Euskal gizartean sustrai ahulak dituzten korronteek lekua aurkitu dute Ertzaintzaren barruan eragiten saiatzeko

Horregatik, eztabaida ez da porrot egin duen edo ez. Garrantzitsuagoa da galdetzea nork defendatuko duen benetan Ertzaintza herri honen parte gisa, nork lagunduko duen bere erro zibilari eusten, eta nork sendotuko duen haren eta gizartearen arteko lotura. Ez baita gauza bera segurtasun eredua eztabaidatzea edo egunero zerbitzu publikoa ematen duten langileak mesfidantzaz jomuga bihurtzea. Ezta gauza bera ere instituzio bat hobetzeko kritikak egitea edo, etengabe, ahultzen laguntzea.

Sindikalismoaren ikuspegitik, auzia are argiagoa da. Langileak ez dira diskurtso abstraktuekin identifikatzen, batez ere haien eguneroko ikuspegitik eta errealitatetik urrun daudenean. Ez dute tutoretza ideologikorik behar. Haien arazo zehatzei helduko dien sindikalismoa behar dute: lan baldintzei, aitortzari, duintasunari eta etorkizunari begiratuko diena. Hor dago Esan-en ibilbidearen zentzua: ez goitik diseinatutako operazio batean Eizagirre jaunak esan duen moduan, baizik eta behetik sortutako tresna batean, langileak entzun, haien irizpidea errespetatu eta eguneroko gatazkei erantzuteko.

Hor dago koska. Eremu hori hutsik uzten denean, edo kudeaketa hotzaren eta konfrontazio antzuaren artean galtzen denean, beste batzuek betetzen dute. Testuinguru horretan, Esan euste-horma bihurtu da, populismoaren atzean ezkutatzen den espainiar ultraeskuinak Ertzaintzan lekua irabazteko egin duen ahaleginaren aurrean. Eta espazio hori norabide horretan betetzen den neurrian, arriskua handitu egiten da euskal gizartean errotuago dauden beste sektore batzuei —bereziki ikuspegi abertzaleko gazteei— lekua kentzeko. Horregatik, arduraz jokatzeko garaia da: ez Ertzaintza idealizatzeko, ez kritiko ez jokatzeko, baizik eta euskal instituzio estrategiko bat kanpoko agenda autoritarioen mesedetan higatzen ez uzteko.

Ertzaintzak herri honen parte den euskal polizia izaten jarraitu behar du: sustrai zibilekoa, bere langileen konpromiso profesionalean eta gizartearekiko lotura sendoan oinarritua. Ez da hutsetik eraiki beharreko zerbait, baizik eta zaindu, indartu eta desbideratzeetatik babestu beharreko ondare instituzional eta sozial bat. Horretarako, ordea, ez da nahikoa kudeaketa teknokratikoa, ezta etengabeko seinalamendu antzua ere. Benetako erantzukizun politikoa behar da, eta benetako sindikalismoa ere bai. Bestela, porrotaz hitz egiten jarraituko dugu, baina hori bai, aitortuko dugu porrot hori nork eta nola elikatu duen?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA