Ertzaintzan hauteskunde sindikalak egin zirenetik dagoeneko bi aste joan dira; beraz, une egokia dugu emaitzak aztertzeko eta ELAko militanteek egin duten lana eta konpromisoa aitortzeko.
Diktaduraren ondoren ELAk erabaki arriskutsu eta bitxia hartu zuen (honezkero, pentsa liteke lañoegia ere izan ote zen): Gernikako Estatutuak aurreikusten zuen polizia integralean egotea.
Alabaina, polizian egoteko erabakia hartu zuen unea oso berezia zen, baina sindikatua ez zegoen prest kosta ahala kosta, edozein moduz jarduteko; aitzitik, sektore honetan ere klase-sindikatu abertzale izan nahi zuen. Beraz, lan-baldintzen aldeko lana egin nahi zuen, baina baita herri- eta polizia-eredu jakin baten aldekoa ere. Esan beharra dago eredu honek ez zuela zerikusirik diktadurako eta honen osteko lehen urteetako polizia eta erakunde paramilitarrekin; Alde hemendik! oihua euskal gizartean ozen entzuten zen...
Polizia bat hutsetik hasita sortzeko asmoa zegoen. Eta zerbait sortzen denean beti izan ohi da aukera bat. ELAk iritzi zion bestelako polizia bat eratzeko abagune egokia zela, herritarren zerbitzura izango zena, giza eskubideak eta askatasunak aintzat hartuko zituena, gizartearen izaera, kultura, ohiturak eta hizkuntza ezagutuko zituena, herritarren aniztasuna islatuko zuena.
Haatik, Ertzaintzaren egungo errealitateak eta ELAk izandako emaitzak (60 ordezkarietatik bakarra, hau da, 59 erakunde korporatiboetako ordezkariak dira; sindikatu deitzea arrotz zaien klase-ikusmoldea badutela aitortzea litzateke) argi erakutsi digute helburu hura ez dela bete. Ordezkaritza sindikala gaurko Ertzaintzaren isla dugu: euskal langileriaren kezka eta beharretatik oso urrun dauden erakundeek gidatutako polizia. ELAk, noski, hutsegiteren bat egingo zuen helburu horren bila, baina emaitza horren erantzukizun handiagoa dute beste eragile batzuek.
Joko-zelai guztia eskuinaren eta eskuin-muturraren esku utzi dute, indar horiek segurtasuna eta polizia boto batzuk biltzeko baliatu baitute, bide batez herri honek behar duen polizia-ereduaren kontrakoa finkatuz
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak. Sabin Etxea izan zen ELAk Ertzaintzan izan zuen zatiketaren egile intelektuala, zeinaren fruitu Esan izan baitzen. Garai hartan Ajuriaeneko Ituneko indarrek demokrata eta biolentoak kontrajartzen zituzten, eta ELAk, beste eragile batzuek bezala, hori gainditu nahi zuen. ELAk orduan jardun zuen, gaur bezalaxe, bortizkeriarik gabeko agertoki bat lortzeko. Kontrara, Ardanza lehendakaria datorkigu gogora: ETAk hil zuen ELAko ertzain baten hiletan Joxe Elorrietari aurpegira bota zion: «Zenbat hildako behar ditu ELAk LABekin eta ezker abertzalearekin duen harremana eteteko?».
Asmo hari jarraiki Eusko Jaurlaritzak bere polizia eredua sustatu du komeni zitzaion gizarte-moldearen arabera: gizartearen beharrizanei muzin egiten dieten politika neoliberalen tankerakoa. Ertzainen ordezkari ia guztiak dituzten erakunde korporatiboek egundo ez dituzte politika neoliberal horiek zalantzan jarriko, klase-kontzientziarik ez baitute. Ondorioz, haien alternatibak inola ere ez du polizia-eredu koertzitiboa zalantzan jarriko.
Ertzaintzako kide ziren ELAko militanteek Segurtasun sailburuei eman izan diete haien kezkaren berri, ikusten baitzuten Ertzaintzaren joera arriskutsua zela oinarrizko gaietan: trebakuntza, hautaketa edo azpikultura polizial kaltegarria... Gaur arte inor ez da gauza izan ekarpen hori aintzat hartzeko; areago, joera kaltegarri hark okerrera egin du.
Gure herriko ezker politikoa ere orain arte ez da gauza izan ikusmoldea aldatzeko; Ertzaintzaren kontrako kanpainak urtetan garatu ondoren jabetu da ahalegina egin behar dela polizia hau sortzera eraman zuten helburuak berreskuratzeko. Ongi etorria izan bedi jarrera-aldaketa, beharrezkoa baitzen, baina iraganeko posizioek izan dituzten ondorioei atzera eragin behar zaie lehenik.
Halako posizioek ELA bakarrik utzi dute beste polizia-eredu bat taxutzeko ahaleginean; baina gainera, joko-zelai guztia eskuinaren eta eskuin-muturraren esku utzi dute, indar horiek segurtasuna eta polizia boto batzuk biltzeko baliatu baitute, bide batez herri honek behar duen polizia-ereduaren kontrakoa finkatuz. Oraingoz ezkerrak ez dauka polizia-eredu alternatibo bat eraikitzeko proposamenik. Eta proposamen hau premiazkoa da, ez soilik Ertzaintza berreskuratzeko, baizik eta udaltzainen artean eredu jakin bat heda dadin ekiditeko.
ELAk lanean jarraituko du eta herri honek behar duen polizia-ereduari buruzko proposamenak plazaratuko ditu aurrerantzean ere. Bide horri jarraitu nahi diotenen aliatu izango da ELA; izan ere, gure herriak, bertoko langileriak eta Ertzaintzan diren ELAko militanteek horrenbeste merezi baitute.