Hautsak harrotu ditu Ertzaintzaren hautaketa prozesuei buruz joan den astean argitara atera den informazioak. Polizia-gai batek hainbat hilabetez bildutako grabazioek Ertzaintzaren barne-funtzionamenduaren trapu zikinak azaleratu dituzte. Grabazioetan argi antzematen da Euskal Polizia-ren hautaketa prozesuetan izaten den arbitrariotasuna. Azterketak eta bestelako proba objektiboak gorabehera, profil psikologiko jakin bat lehenesten dute: esandakoa egin eta injustiziaren aurrean isilik gelditzen dena. Horrez gain, Arkautiko elkarrizketek azaleratzen dute akademian zein ohikoak diren jarrera arrazistak, homofoboak, militante politikoen kontrakoak, eta abar.
Egia da azken urteetan Ertzaintzan eraldaketa prozesu bat gertatzen ari dela. Batetik, Arkautiko goi-kargudunek eta polizia sindikatuek izaera korporatibistako lobby indartsua osatu dute, Eusko Jaurlaritzari presio handia eragiteraino. Horren erakusle dira duela bi urte Poliziaren bitartekoak indartzeko sortu zen Ertzainas en lucha mugimendua edota Arkautiko azken zuzendaritzaren dimisioa. Bestetik, ideologia faxistaren gorakada nabarmentzen ari da ertzainen artean, Blue lives matter Estatu Batuetako polizia talde neonaziaren jarraitzaile kopuruak eta sinbologia faxistaren hedapenak erakusten dutenez.
Jakina, Poliziaren erradikalizazioa ez da kasualitatea, eta pentsatzekoa da okerrera egingo duela. Krisi kapitalistak eragindako dinamika erreakzionario betean gaude. Eta ezegonkortasuna eta pobrezia ekoizten dituen gizarte eredu honetan, faxismoak sektore kolpatuenak bihurtzen ditu pagaburu: besteak beste, etorkinak, pobreak edota militante politikoak. Beraz, logikoa da sektore horiekin harremana duten eta estatuaren ordena babesteaz arduratzen diren esparruetan eragin berezia izatea faxismoaren gorakadak: epaileengan, poliziengan, kartzelazainengan, eta abar.
Testuinguru horretan ulertu behar dira bi euskal alderdi nagusiek Ertzaintzaren inguruan azken boladan egin dituzten adierazpenak. Bingen Zupiria EAJko Segurtasun sailburuak uda osoa eman du Euskal Polizia defendatzen eta haren aurkako edozein iritzi kriminalizatzen, nahiz eta udako hainbat polizia operazio justifikatzeko oso nekezak izan diren. Bestalde, EH Bildu anbibalentzia moduko batean dabil Ertzaintzari dagokionez. Joan den astean bertan Arnaldo Otegik esan duenez, eurek ez dute arazorik Ertzaintzarekin, baina haren «jatorrizko bertsioa» berreskuratu nahi dute. Hau da, Ertzaintza instituzio gisa aldarrikatu eta aldi berean bere gehiegikeriak saihesteko aldaketak egitea proposatzen dute. Posizio horrek, ordea, azterketa sakonagoa merezi du.
Gauza bat da Ertzaintzaren barruan hainbat eskuin muturreko tendentzia daudela identifikatzea; baina oso bestelakoa da noizbait ezeren eredu izan zela baieztatzea. Badago Ertzaintzaren jatorri herrikoi, euskaldun eta demokratikoari buruzko mito bat, EH Bilduk Euskal Polizia bere egiten duela zilegitzeko gero eta sarriago darabilena. Historiak, ordea, kontrakoa dio. Ertzaintza 1982an sortu zen Espainiako poliziaren barneko euskal instituzio autonomiko gisa; eta bere lehen buruzagia Carlos DĂaz Arcocha Espainiako Armadaren teniente koronela izan zen. Hortik aurrerako historia beltza ere badakigu: militante politikoen aurkako milaka atxiloketa; Eusko Jaurlaritzak berak aitortzen dituen ehunka tortura kasu; Anuk, Tturko, Rosa Zarra, Iñigo Cabacas eta beste askoren hilketak. Hau da, Espainiako estatu kapitalista indarrez babesteko tresna izan da sorreratik gaurdaino Ertzaintza, bortizkeria etengabe erabili duen instituzio armatua.
Kontua da Poliziaren arazoa ez dagoela soilik plantillaren osaeran, barne-ikerketen hutsuneetan edota formakuntza faltan. Ez da nahikoa sagar ustel batzuk kentzearekin. Ertzaintzaren arazoa egiturazkoa da, eta zuzenki lotuta dago Poliziak klasetan banaturiko gizarte anker honetan duen egitekoari. Funtsean, etengabe ezkutatzen zaigun funtzio argi bat betetzen baitu Poliziak: klase jabedunaren pribilegioak zaintzea, gehiengo sozialaren zapalketaren bidez. Ertzaintzak, beraz, ez ditu soilik koiunturalki manifestariak erreprimitzen, familiak etxegabetzen eta etorkinak jipoitzen; jabetza pribatua defendatzea eta sektore zapalduen eskubide politikoak oztopatzea bere DNAn txertatuta daude. Polizia demokratikoaren aldarrikapena kapitalismo gizatiarrarena bezain bideraezina da.
EAJren jarrera poliziazalea aski ezaguna den arren, EH Bilduk azkenaldian auzi honekiko adierazi duen iritziak bat baino gehiago harrituko zuen. Hamarkada luzez Ertzaintzaren zilegitasuna onartu ez eta harekin konfrontazioan aritu den mugimenduak posizio aldaketa nabarmena izan du. Esku batekin Ertzaintzaren «gehiegikeriak» salatzen dituen bitartean, bestearekin Ertzaintzaren beharra aldarrikatzen ari baita. Ez da erraza orain gutxira arte etsai izan dena bidelagun izan behar dela argudiatzea. Posizio horrek agian Jaurlaritzarako bidea erraztuko dio egunen batean EH Bilduri; baina, lehenago aipatu ditugun egiturazko arrazoiengatik, ez du aldatuko Euskal Herriko langileriaren aurkako Ertzaintzaren errepresioa.
Ertzaintzaren eredu-aldaketa askatzaile bat ezinezko jotzen badugu, segurtasunaren arloan zer aldarrikatzen dugun galdetuko du batek baino gehiagok. Hasteko, segurtasuna eta egungo polizia indarrak bereizi egin behar ditugu. Norentzako segurtasuna bermatzen du poliziak? Zertarako segurtasuna ziurtatzen du? Izan ere, polizia-eredu partikularrez harago, Polizia instituzio gisa segurtasuna bermatzeko eredu jakin bat da. Labur esanda, gutxiengo batek jendartearen gehiengoa bortxaz esplotatzeko eta menderatzeko segurtasuna zaintzen du beste ezeren gainetik. Aldiz, langile klasearentzat segurtasun ezaren arrazoi nagusia bere egoera sozialaren ondorio dela kontuan hartuta, bestelako gizarte-eredu batean posible litzateke segurtasuna ere beste era batera antolatzea. Beste hitz batzuekin esateko, pobreziarik eta egiturazko injustiziarik gabe, ez dago pobreen eta militante iraultzaileen kontrako Poliziaren beharrik. Esaterako, esperientzia sozialistetan indar armatuak izan badira, kontrako zentzuan izan dira beti: masa zabalen zerbitzura, eta gutxiengo pribilegiatua kontrolatzeko helburuz. Honela laburbildu dezakegu: Polizia instituzio kapitalista da bere oinarrian. Honenbestez, jendarte aske baten aldeko segurtasun ereduak beste molde batzuk behar ditu.
Errepresioari, kolore guztietako polizia jazarpenari eta faxismoaren gorakadari kontra egiten jarraitu behar dugu egunero, botere ekonomiko eta politikoaren egituretan erroko aldaketak eragiteko antolatzen garen bitartean.