Espetxe madarikatuak

2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Euskal gizartea, poliki-poliki bada ere —handik eta hemendikentzuten denari sinesgarritasun gutxi emanez—, dagoena ikusiz eta datorrena sumatuz, egoeraren larritasunez jabetzen hasia da, baina ez bere osotasunean. Beharbada horregatik, egoera bitxia ari da sortzen, eztabaida politikoak jendartean alor guztiak bustitzen dituen bitartean, betikoak —sasi-botere amarauna—eraikitzen ari dira, eta lanabes egokiekin aurre egin nahi zaionerako berandu, beranduegi izan daiteke.

Eskuin muturreko demokrata frankista zitalez ari naiz. Eta ez nago soil-soilik Madrilera begira. Hemen egindako saiakera nabaria da, eta, itxurazko txukunketak egin bazaizkio ere, ukaezina da bere izaeraren jatorria.

Edozein tirania instituzional baino fin eta eragingarriagoak azaltzen dira, ez baitute estatu kolperik ez gerra zibilik behar inposatzeko. Aitzitik, normaltasun demokratikoaren itxura jartzen dute indarrean, eta, demokrazia urruntzen doan neurrian, indartzen dira muturreko frankista berriak.

Azken berrogeita hamar urte hauetan gauza asko igaro dira herri honetan, asko, eta euskal gazteriari horretaz solastatu nahi diot.

Ni urte mordo batez fraide artean lehenik eta beste bost edo sei handik at ikasten ibilitakoa izanik, nire kuadrillan neska gutxi ikusten genituen oporretan; egia esateko, bakarrik ere ez. Baina fraideen itzaletik aldendu nintzenean bai, orduan bai.

Baina, garai haietan beste gauzaberri asko ezagutu genituen, tartean askoren larrialdiak ere bai. Errepide bazterretan jarritako zezen beltzetatikikurrinak zintzilik ikusten ziren. Baita, ikurrina bera, jausgailuz hegan Donostiako danborrada egunean Konstituzio plazan. Baita Atotxako futbol zelaian sartzeko bazkide txartelarekin ikurrina eramateagatik, atxiloketak ere bai, beti bazegoen zerbait.

Egun nahasi samarrak ziren. Ustekabean, kuadrillako neska aski jator bat, atxilotu eta torturatu ondoren, espetxera eraman zuten. Ziotenez, ETAko bati laguntza eskaintzeagatik.

Urte pila bat espetxe barruan pasa ondoren, libre utzi zuten, baina bere egoera asko larritu zen. Urte latzak hurrengoak, etxean egoten zen, diru sarrerarik gabe bizitzen ikasi zuen.Espetxean egon izanaren mesedeak. Betiere susmagarria zen, auskalo zergatik bota zuten lanetik. Eta lagun batzuk beldur ziren laguntzeko.

Denbora honetan egiazko miseria ezagutu zuen. Beti beldurrez, poliziak maiz egiten zion bisita etxera.

Urteak pasa eta ez nuen lagunaren berririk. Eskola garaiko lagun baten elizkizunak tarte, ikusi nuen. Esan zidanez, berriro ere ikastetxeko langilea zen, bere bizitza egiten zuen, eta herritik kanpora bizitzera joateko asmotan zebilen.

Bere bizitza gogorra kontatu zidan. Nola hasi zen han-hemenka lan txikiak egiten. Baita etxean ikasle bakarren batzuk zituela eta, horri esker, aurrerapausoak ematen.

Ez zioten egin egiteko zeukan epaiketa eta pozik zegoen. Berriz herritar normal bat zen, ez susmagarria, eta bizi egin nahi zuen. Bizi. Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

Estatuaren guzti ahalmenaren morroi. Beldurrak, miseriak, bakardadeak. Lan pixka bat erregutzen atez ate eskale ibili beharrak. Hau da apaldu, hautsi, eta barrutik hustu egin zuten neskaren historia.

Idealik gabe, adiskide gabe, normaltasun anonimoaren espazio txiki batean errefuxiatu behar izan zuen neskaren historia. Horrela bizitzea oso gogorra da.

Nik ez dut adiskidea epaituko. Nire ondoan, abertzale ezagutu nuen. Bere aita —nirea bezala— Francoren aurkako erresistentziatik preso eta espetxeratu izan zen. Nire adiskidea ez zen damutua, ez jauna. Kemenez eta ideiaz beteta ezagutu nuen. Benetan sinesten zuen askatasunean.

Pena ematen zidan, nola kontatzen zidan —agian ulermen pixka bat erregutuz— bere miseria. Ezer barkatu gabe kontatu zidan noraino makurtu eta hondoratu zuten. Nola, bere ahuldadeaz baliatuz, ezagun zituen torturatzaileekin kolaboratzera behartu zuten. Malkoak begietan zioen egin behar izan zuen guztia berriro pertsona izateko.

Nahiko zalantzagarria bada ere, diktadura batzuk demokraziarenantzeko zerbait bihurtzen dira, nahiz orain espainiar asko lehengo egoerara itzuli nahian urratsak egiten ari.

Herriaren etorkizuna aske erabakitzeko daramagun borroka luzeak gogortu, zaildu egin du euskal gizartea, baina ez bere osotasunean, horregatik —nire laguna— ilusioz beterik ibili ondoren hainbat urte, etsi eta jota utzi zuten. Oso nekatua, abaildua, garaitua.

Nire lagunak aski ongi zekien arazoak ez zirela bukatu. Gizarte sozial berri baten beharra zegoela jakin bai, bazekien, baina bizi egin nahi zuen. Eta bere garaian borrokatzen zuen estatuaren barruan, ustezko bake berriaren epelean, bere bizitza berria egin nahi zuen.

Nire adiskide jatorrak gorriak eta beltzak pasa zituen, eta bizi nahi zuen.

Nire lagunak ez zuen ongietorririk ezagutu. Hau etsi egin zuen neska baten historia da. Bere beldurrarekin xantaia egin zioten historia da. Baina zoritxarrez historia ez da nire lagunarekin amaitzen. Egia da, bai, nire lagunak bere burua makurtu zuen, bale, baina etsi beharrean eutsi egin dutenei zer eskaintzen diegu?

Tarteka etortzen zait burura eta irudikatzen dut gure auzoko kai politaren barne —garai batean— Pantxika zenaren aurretik pasatzen, bere bake pertsonala egin nahi zuen neska. Torturatzaileen estatuarekin adostu beharrean, bere izana eta izaera eskaini zituena.

Ez dut aspaldian ikusi, ez dakit non dabilen, baina gu bai, gu hemen gabiltza.

Nire laguna ez da bakarra, asko dira horrela ibilitakoak. Gaur bertan eta aspaldidanik, zenbat preso ditugu—etxean behar zutenak— berriro espetxean sartu dituztenak?

Lan asko dugu egiteke; karriketan oihukatzea ongi dago, bai, baina ez da aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.