Itzultzaile-interpretea

Estremismoari erradikaltasuna

2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi giro; bi gara. Egitura frantses eta espainolak —Hirigune Elkargoa, aldundiak, Jaurlaritza— batetik; Itsasu eta Berango bestetik. Erakundeak eta bizi eremuak. Asimilazio tresnak eta ihardukitze guneak. Zapaltzaileen story telling-a eta gure kontakizuna.

Itsasuko Txomin Olhagarairen potretak iraindu omen du frantses errepublika. Berangoko Ibai Aginagari eginiko ongietorria terrorismoaren gorazarretzat daukate. Deus berririk ez euskal herriaren eta bere bi etsai historikoen artean. Urteak daramatzagu manifestazioetan preso politikoen argazkiei zentsura egiten; guk geuk zentsuratzen atzerriko demokratek agindurik. Baina tinko diraute Euskal Herrian nazio gisa desagerrarazi nahi gaituztenen ikurrek: Konstituzio Plaza batean, Errepublikaren Plaza bestean. Txillardegik ere ez du plazarik merezi. Bi gara; haiek eta gu.

Euskararen kontrako erasoak areagotzen diren honetan «nahi dugu gure lengoaiek izan dezaten leku bat gure lurraldean», azaldu du Alain Iriartek Hirigune Elkargoko biltzarrean. Leku bat? Gure lengoaiek? Lurraldean? Bistan da, hori dena «frantsesaren ondoan!». Segur naiz festa bazkarietan Euskal Herrian euskaraz kantatzen duela. Orduan, zer? Bazkarian otso, biltzarrean uso?

Hirigune Elkargoko biltzar hartan mintzatu zen Hazparneko auzapeza ere. Bakebidearen eta Bakegileen ibilbidea goraipatu dituenarentzat ez omen dira «memoriak birrindu behar». Baina «1980an gurea herrialde librea zen, adierazpen askatasuna bermatzen zuen errepublika bat», orduan, «ezin dira konparatu» Euskadi aske baten alde borrokatzen zirenak eta bi mundu gerretan Alemaniaren kontra borrokatzen zirenak. Haien berdinak nahi gaituzte, baina ez kategoria berean. Frantses edo espainol nahi gaituzte, baina gainera behialako terrorista etiketa kendu gabe. Bukatzeko handietsi du «kolektiboki lagundu izana biolentziaren bukaera». Horra betiko biolentoak eta demokratak! Bi gara; biolentoak gu eta demokratak haiek.

Demokratek biolentziaren monopolioa dute. Biolentzia guztiak eskura dituenak erraz gaitzesten du bere biktimaren biolentzia bakarra

Demokratek biolentziaren monopolioa dute. Biolentzia guztiak eskura dituenak erraz gaitzesten du bere biktimaren biolentzia bakarra. Gizonak emaztearen kontra salaketa ezarri du komisarian lagunen aurrean barrabiletan ostikoa emateagatik. Ez du erran ekonomikoki menpean atxikitzen duela, ez diola uzten arnasgunerik, larderiaz jokatzen duela bere indar fisikoarekin… Bi dira. Enpresaburuak lan gehiago eskatzen die langileei soldatak emendatu gabe; akziodunei gehiago eman behar die. Hark ere langileen kontra salaketa ezarri du epaitegian greba egun batez enpresaren ikur bat zikintzeagatik eta bera iraintzeagatik. Hauek ere bi dira, demokrata eta biolentoak.

Euskal Herrian ez dago bakerik, euskaldunentzako ez behintzat. Baina Gabi Mouescak Itsasun erran zuen, «ez da baketzea guk nahi duguna, ezta bakea ere; justizia nahi dugu, askatasuna eta duintasuna nahi ditugu»; askatasuna eta duintasuna! Eta gehitu zuen: «gure ardura da orain borrokan segitzea. Borroka armatua utzi genuen, baina borroka ez da bukatu, eta militante abertzale bakoitza arma bat da, etsaien aitzinean izateko».

Espainia eta Frantzia estatu inperialista estremistak dira. Estremistak dira gurea bezala konkistatu, inbaditu eta kolonizatu dituzten herriak beren menpean nahi dituztelako gaur egun oraindik. Okerrago, gu haiek izatea nahi dutelako. Berdintasunaren eta unibertsalismoaren izenean haien irudira berdindu nahi gaituztelako. Faxismoa eta arrazakeria baino arriskutsuago da hori! Izena, izana eta geroa kendu nahi dizkigute. Eta estremismo horri ez zaio herabetasunez erantzuten. Pantxoa eta Peiorekin prefetari kantatzen genion «enekin zira herabe». Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Estremismoari ez zaio euskararentzako laguntzak eta diruak eskatuz erantzuten, ezta preso batzuk (kondena ongi beterik) etxetik hurbiltzeko eskatuz edo memoria historikoa soilik landuz. Arazoaren errora jo behar dugu; erradikalak izan behar dugu. Arazo txiki horiek guztiak arazo nagusiaren sintomak direlako. Arazo nagusia da herri edo nazio gisa garbitu nahi gaituztela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA