Nazio askapen mugimenduko kideak

Euskal Herria, inoiz hutsik egiten ez duen herria

Xabi Iraola eta Itziar Aizpurua
2026ko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrundik datorren eta urrutira doan mugimendua da gurea. Aspaldi ikasi zuena erregimen zaharrak ez direla egun bakarrean eraisten, ez herri askeak gauetik goizera eraikitzen. Aldi berean, herriek euren bidea egiten dutela jakitun, Euskal Herriarengan konfiantza osoa duena. Gauza handiak, oso handiak, egin dituen herria garelako. Hamarkadetan zehar erreminta propioak sortuz kalean, lantokietan eta instituzioetan injustizia orori aurre egin diona. Olatuak joan, olatuak etorri, eraldaketa politiko eta sozialean aurrera egiteko bere bide propioari eusten diona.

Bizitzen ari garen garaiotan altxor handia da sakoneko bilakaera politikoei erreparatzeko sena ez galtzea. Sen horri jarraikiz gure herriak argi du erreala dela 80 urteren ostean berriro ere Euskal Herria menperatu asmo duten frantziar eta espainiar estatuetan eskuin muturra gobernura heltzeko arriskua. Euskal Herria, ordea, zutik, mobilizatuta eta prest iritsi da une honetara: askotariko aldarri eraldatzaileak erdigunean eta Euskal Herrian eskuin muturra geldituko dugun konbentzimendu osoa buru-bihotzetan. Iraganeko garai ilunenetan gure argia ez zen inoiz itzali, eta orain ere ez gaituzte itzaliko.

Egin dezagun memoria: Aieteko konferentzian zehazturiko bide orrian urrats esanguratsuak egin dira, Euskal Herri osoa aintzat hartuta ezkerreko independentismoa lehen indarra da, borroka sozio-sindikalek gure herrian duten indarra zein eragin gaitasuna eredugarri bilakatu dira, eta gaur-gaurkoz zabalik dugu independentziaren bidean burujabetza gehiago lortzeko aukera. Horregatik, mugarri garrantzitsu batean gaude, bai; baina ez hil ala biziko une batean. Ate-joka ditugun hauteskunde hitzorduen emaitzen ondorioz hainbat esparrutan aurreratutakoak, neurri batean, itzularazi edota korapilatu baitaitezke ere, azken urteetan sortu ditugun baldintzek hor jarraituko dutelako. Lasaitasun estrategikoa eta gure herriarekiko konfiantza manten ditzagun, beraz: badugu estrategia eta badugu herria.

Edozein moduz, asko dago jokoan Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan: Euskal Herriaren eskubide nazional eta sozialetan aurrera egiteko aukera leihoa zabalik mantenduko den, edo, kontrara, azken urteetako agertokia posible egin duten baldintzekin amaitu eta eskubide nazional eta sozialetan atzerakadak ekarri nahiko dituen aro bat zabalduko den. Ez dira epelkerietarako garaiak, beraz. Erabakiak hartzeko eta posizionatzeko garaiak dira: edo gure herrira garai ilunak ekar ditzaketenen aldean, edo Euskal Herriaren aldean. Ez dago erdiko biderik.

Partida egon badago, partida hori anbizioz borrokatzera aterako gara eta Euskal Herriak irabazi egin dezake. Euskal Herrian posible delako eskuin muturra geratzea, herritar guztion etxebizitza eskubidea bermatzea, bizi duinak garatzea eta jendarte justu zein herri askea eraikitzea

Halaber, aberastasunaren banaketa bidegabea, bizitzaren garestitzea eta eskubide sozialen zein bizi baldintzen urraketak areagotzen ari dira. Tantaka inposatu nahi duten prozesu horren erdian, lehenik ere kezka eta borroka iturri zen etxebizitzaren auziak lehen lerrora egin du jauzi. Egun bizi dugun problematika nagusienetarikoa da etxebizitzarena: herritar eta langileon bizi baldintzak eta bizi espektatibak goitik behera zeharkatzen ditu. Horregatik da, neurri urgenteez gain, konponbide estrukturala behar duen auzia. Datozen asteetako mobilizazioek eragina izango dute auzi horren konponbidean: etxebizitzaren auzia merkatuaren logiken arabera kudeatzeari utzi eta eskubide gisa tratatua izateko bidea zabaltzen hasteko. Hala, Euskal Herrian bizi baldintza duinen aldeko borroka oparoari gehitu zaio etxebizitza eskubidearen alde orain deitu den greba orokorra; 2020tik hona bost greba orokor egin baitira, azkena orain zortzi hilabete eskas, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde.

Nazio askapen mugimenduko kideok argi dugu: partida egon badago, partida hori anbizioz borrokatzera aterako gara eta Euskal Herriak irabazi egin dezake. Euskal Herrian posible delako eskuin muturra geratzea, herritar guztion etxebizitza eskubidea bermatzea, bizi duinak garatzea eta jendarte justu zein herri askea eraikitzea.

Norabide horretan, ezin gara korapilatu batzuek zein besteek sortuko dituzten polemika antzuetan. Hori haien jokoan sartzea eta espero gaituzten tokian egotea litzatekeelako. Gu aspaldi ikasiak gara: nazio askapen mugimenduak gehiago irabazten du etsaiak edota arerioak espero ez duen tokian dagoenean, nahi gaituzten tokian gaudenetan baino.

Horregatik, datozen asteetan ere nazio askapen mugimenduko kideak herritarrekin eskuz esku lanean arituko gara: azaroaren 5eko eta 11ko greba orokorren lanketan zein mobilizazioetan, azaroaren 14an EH Bilduk Bilbon deitutako mobilizazioan eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko partidan, azaroaren 28an Miarritzen eskuin muturraren aitzinean mugimendu abertzaleak deitu duen protestaldian, edota azaroaren 29an, EH Bilduren boto-papera eskuetan. Autoritarismoaren aurrean, EH Bildu, EH Bai eta Euskal Herria bera dira esperantza. Eskuin muturra kalean, lantegietan zein hautetsontzietan gelditzera goazelako. Baina, batez ere, Euskal Herria aske eta justua eraikitzen jarraitzeko urrats berriak egitera goazelako.

Ez dugu inolako zalantzarik: Euskal Herria egoerak eskatzen duenaren neurrira egongo da beste behin. Norabide horretan, guk herriarekin batera egingo dugu bidea. Herri askeak ez direlako gauetik goizera eraikitzen, baina badirelako herrien askapen prozesuetan erabakigarriak diren uneak. Euskal Herria defendatzeko unea da, herri gisa aitortuak izan gaitezen exijitzekoa. Independentziaren bidean Euskal Herriak autodeterminatzeko eskubidea duela aldarrikatzekoa. Autoritarismoa ala Euskal Herria, basakeria ala zibilizazioa, kapitala ala bizitza; hori da ataka. Eta Euskal Herriko ezker nazional subiranista alternatiba. Euskal Herriak ez du hutsik egingo.

Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute: Oihana Lopetegi, Miren Zabaleta, Maite Diaz de Heredia, Maitane Intxaurraga, Maddi Urruzuno, Rufi Etxeberria, Iker Araguas, Ibon Arbulu, Helena Franco, Endika Perez, Egoitz Garmendia, Arkaitz Rodriguez eta Anaiz Funosas.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA