ELAk eta LABek erabaki ausarta hartu genuen 2002an. Aznarrek langabezia-sariaren aurkako dekretua onartu zuen eta Espainiako sindikatu nagusiek greba orokorrera deitu zuten ekainaren 20rako. Sindikatu abertzaleok, lehen aldiz estatuko egutegiz kanpo, ekainaren 19an egin genuen greba, murrizketa salatu eta, langabezia-sariarekin batera, lan harremanekin lotutako erabaki guztiak Euskal Herrian hartu zitezela aldarrikatzeko.
Euskal Herria zapaldutako nazioa baita, besteak beste euskal herritarrok ez dugulako gure etorkizuna komunitate gisa erabakitzerik. Bortxaz frantsesak eta espainiarrak izatera behartzen gaituzte eta, lurralde batasun horren bidez, bi estatuek langileen esplotazioan oinarritutako eredu sozioekonomikoa ere inposatzen dute.
Espainiako sindikatuek eredu homogeneizatzaile hori lan mundura dakarte. Espainiar eztabaida-markoa naturaltzat hartzea nahi dute eta zapalkuntza hori onartzen ez dugunok langileria banatzen dugula defendatzen dute. Bien bitartean langileriaren esplotazioa (baita Espainiako langileena ere) ontzat ematen dute beren ituntze politiken bidez. Esaterako, bi sindikatuen oniritziarekin atzeratu da erretiro adina 67 urtetara eta 2012tik hona ez dute greba orokorrik deitu, soilik hauteskunde politikoen testuinguruan eta maizterren sindikatuak eskatuta egin dute greba oraingoan.
Pedro Sanchezen neoliberalismo bigunak ezartzen baitu sindikatu hauen gurari politikoen muga eta, horregatik, oraingoan hauteskunde kanpainan laguntza eskaini nahi izan diote. Eta honekin ez dugu esan nahi Vox eta PP gobernuan izatea desiragarri denik, inolaz ere ez, soilik Pedro Sanchezek ontzat ematen duen eredu politiko eta ekonomikoak ez diela ezberdinkeria sozialei erasotzen eta horrek dakarren haserreak (besteak beste) eskuin muturra elikatzen duela. Gastu militarra biderkatu duen gobernuak orain ezkerreko hautesleak aktibatu nahi izan ditu, azken urteetan oligarkia ekonomikoaren aurka ezer gutxi egin ondoren.
Korrontearen alde aritzea eta sistemikoa izatea beti izango da errazagoa, baina ELAren iritziz gure lan munduan badira baldintzak ELAk eta LABek borroka-korronte autonomo bat eraikitzeko
Bada, Hego Euskal Herrian inposatutako marko hori onartzen ez dugun sindikatuak nagusi gara, edo hala uste zuen ELAk behinik-behin. Ondorioz, 2002tik aurrera greba orokorrak Euskal Herrian egutegi eta aldarrikapen propioekin deitu ditugu.
ELA ez da CCOO, UGT eta CEOEren azpisistemaren parte. Ez dugu onartzen bi sindikatu horien eredu sindikala eta eztabaida markoa gureak egitea. Euskal Herrian langileen gehiengoak ELAri eta LABi zilegitasuna eman digute langileriaren lidergoa guk eramateko, Euskal Herria erdigunean kokatuta eta kontraboterea ildo nagusi gisa hartuta. Hemen CCOO eta UGT gutxiengoa badira, zergatik egon behar dugu beraien agindupean? Ez al litzateke naturalena estatuko bi sindikatuek demokratikoki onartzea hemen langileriaren lidergoa guri dagokigula? Gainera, Euskal Herriak bizi duen asimilazio prozesua kontuan izanik, greba orokorrak egutegi propioarekin deitzeak balio sinboliko izugarria du.
Gure greba orokorrek Euskal Herriaren eraldaketa soziala jarri nahi dute jopuntuan, inpugnazio sistemiko hori izan dadin munduko langileriaren borrokari egiten diogun ekarpena. Horretarako deitu behar baititugu greba orokorrak estatuko grebekiko egun ezberdinetan, gurean eraldaketa sozial sakonak eragiteko.
Beti izan da zaila greba egutegi propioa defendatzea. Besteak beste, CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako marko komunikatibo guztia beren alde baitute beraien lurralde egitura defendatzeko. Gainera, gure nazioaren zapalkuntza sistematikoak neurri batean naturalizatu du estatua dela lurralde marko erreferentziala. CCOO eta UGT gutxiengo sindikal nabarmena izanik, sistema guztia alde dute besteok izan gaitezen langileak banatzen dituztenak edo borroka identitarioak egiten ditugunak, gutxiengo sindikalak gehiengoari Espainiako markoa inposatzea identitarioa ez balitz bezala.
Zoritxarrez 2002tik pilatu dugun ondasun sinboliko hori guztia galtzen ari gara. Iaz Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko greba eta aurten etxebizitzarako eskubidearen aldekoa Espainiako greba-egutegitik aldentzea proposatu zion ELAk LABi. Ezezkoa jaso dugu bi kasuetan.
LABek CCOOren eta UGTren greba egunak ontzat eman ondoren ELAk onartu beharra du gutxiengoan geratu dela. Deigarria da CCOO eta UGT Hego Euskal Herrian inoiz baino ahulago daudenean eztabaida markoak ezartzeko azken hamarkadetako gaitasun handiena izatea.
ELAk jarraituko du aldarrikatzen ez garela Espainiako sindikalismoaren azpisistema eta saiatuko gara hori borroka bakoitzean gauzatzen. Espainiako kontzertazio sindikalismotik askatzea da gure sindikatuak Euskal Herriaren eta langileriaren (orokorrean, egungo sistema kapitalistaren zapalkuntza pairatzen duten herritar guztien) askatasunaren alde egin dezakeen ekarpenik behinena. Euskal Herrian bestelako mundu justuago bat eraikitzeko tresnak (burujabetzak) behar ditugu eta lan munduan askatasun hori CCOO eta UGT sindikatuen estrategiarengandik aldenduta bakarrik lor dezakegu.
Korrontearen alde aritzea eta sistemikoa izatea beti izango da errazagoa, baina ELAren iritziz gure lan munduan badira baldintzak ELAk eta LABek borroka-korronte autonomo bat eraikitzeko. Greba orokorrak inoren baimenik gabe antolatzeko eskubidea besterik ez dugu aldarrikatzen. Horretarako, bi sindikatuok ados egon beharko genuke, momentuko gure arteko liskarren gainetik, erabaki estrategiko hau elkarrekin hartzeko, CCOO eta UGT sindikatu sistemiko eta asimilazionisten eztabaida marko estuan kokatu beharrik gabe. ELAk ez du etsiko saiakera horretan.