Kooperatibista Enarak, Koopfabrika Hegoaldetik eta Olatukoop proiektuetan

Euskal Herrira migratu eta kooperatibista izatea

Tania Cañas Siriany
2026ko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Latinoamerikatik, Afrikatik eta Hegoalde Globaleko beste lurraldeetatik migratzen dugun pertsona askok lana, dirua eta baliabideak antolatzeko modu kolektiboak bizi edo ezagutu ditugu. Horregatik, kooperatibismoa eta ekonomia soziala ez zaizkigu arrotz egiten, halabeharrez. Hala ere, lurralde bakoitzak bere tradizio eta praktika kooperatiboak ditu, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Euskal Herrian milaka kooperatiba daude, eta ekonomia sozialak pisu handia du lanpostu kopuruan eta lurraldeko ekonomian. Baina migratzea eta ekosistema kooperatibo horretan parte hartzea ez da beti erraza izaten.

Migrazio-prozesu bakoitza desberdina da, eta hori erraztu edo zaildu dezaketen egoerek gurutzatzen dute. Jatorriaren, administrazio-egoeraren, hizkuntzaren, ohituren edo azalaren kolorearen arabera aukerak eta pribilegioak modu desberdinean banatzen dituen sistemak ere egunerokoa baldintzatzen du.

Eta hor dago, noski, lana. Migratu aurretik egiten zenuena, ikasi zenuena, lortu zenituen ezagutzak eta zauden lurralde berrian bizimodua ateratzeko dituzun benetako aukerak. Prestakuntza bat egiaztatzea edo ibilbide profesional bat aitortzea prozesu luze eta konplexua bihur daiteke. Bitartean, lan-merkatuak leku jakin batzuk esleitzen dizkie migratutako biztanleriaren zati handi bati: zaintza eta etxeko lanetan enplegua, eraikuntza, ostalaritza, nekazaritza edo banaketa, besteak beste.

Errealitate hori beste batekin batera bizi da: Euskal Herriak belaunaldi erreleboa behar du. Gure auzo eta herrietan ikusten dugu, non komertzio eta negozio txikiak desagertu egiten diren martxan jarri zituztenak jubilatzen direnean. Halaber, badira beren jardueraren jarraipena bermatzeko pertsona berriak behar dituzten kooperatibak eta enpresak.

Benetako inklusio politika batek hizkuntzan murgiltzeko prozesu eskuragarriak, doakoak eta pertsonen bizitzarekin bateragarriak bermatu beharko lituzke

Zergatik ez pentsatu migrazioa hortik ere? Migratutako biztanleez hitz egin gabe belaunaldi-erreleboaz hitz egiteak lurraldean dauden ezagutzak, esperientziak eta gaitasunak alferrik galtzea dakar. Baina hori posible egiteko oztopoak kendu behar dira.

Horietako bat hizkuntza da. Euskara zailtasun handia bihur daiteke lanpostu jakin batzuk eskuratzeko. Arazoa ez da lurraldeko berezko hizkuntzaren ezagutza baloratzea edo behar izatea, baizik eta galdetzea zer aukera erreal eta murgiltze politika eskaintzen ditugun hizkuntza hori ikasteko. Nola uztartu euskararen ikaskuntza eta lan egiteko, zaintzeko, egoera administratiboa erregularizatzeko eta migrazio prozesu bati ekonomikoki eusteko premia larria? Benetako inklusio politika batek hizkuntzan murgiltzeko prozesu eskuragarriak, doakoak eta pertsonen bizitzarekin bateragarriak bermatu beharko lituzke.

Kooperatiba bat sortzea ere ez da erraza. Lan elkartuko kooperatibek antolakuntza, hasierako inbertsioa eta betebehar ekonomiko iraunkorrak behar dituzte. Lana modu kolektiboan antolatu nahi duten baina diru-sarrera egonkorrik ez duten pertsonentzat ezinezkoa izan daiteke lehen hilabeteei eustea.

Kooperatibak sortzeko laguntzak egon badaude, baina anbizio handiagoko eta denboran eutsitako politika publikoak behar ditugu: bidelaguntza, prestakuntza, finantzaketa eta lehen etapei bizirautea ahalbidetuko duten mekanismoak. Olatukoopena bezalako esperientziek urteak daramatzate proiektuak laguntzen eta ezagutzak partekatzen, oraindik konpromiso instituzional handiagoa behar duen espazioa hein handi batean betetzen.

Migratutako pertsonak ez baikatoz bakarrik hutsik geratzen diren lanak betetzera. Ezagutzak, esperientziak, antolatzeko moduak eta lan burujabeak sortzeko gaitasuna ere ekartzen dugu. 

Eta, beharbada, euskal kooperatibismoaren etorkizuna ere gu hor egotetik etorriko da

 

Ekonomia Sozial Eraldatzailean sinesten dugunok jarraitzen dugu defendatzen kooperatibismoak, lana sortzeko ez ezik, balio dezakeela zein ekonomia eraiki nahi dugun, zertarako ekoitzi nahi dugun eta gure bizi-proiektuei nola eutsi ahal izango geniekeen erabakitzeko ere.

Zaintzak dira, agian, adibiderik argienetako bat. Zaintza sistema erabat feminizatua eta arrazializatua dugu. Erakunde publikoek oraindik ez dituzte bermatzen zaintza eskubide unibertsal gisa gauzatzeko behar adina baliabide, eta familia askok ahal duten moduan (ahal badute) konpontzen dituzte beren beharrak beste pertsona batzuk kontratatuz. Lan hori gehienbat emakumeek egiten dute eta, bereziki, emakume migratuek. Batzuek interna gisa egiten dute lan, lanaren eta giza eskubideen ikuspegitik galdera larriak planteatzen jarraitzen duen eredu batean.

Horregatik, beste galdera batzuk egin behar dizkiogu geure buruari: nola eraikitzen dugu zaintza jasotzeko eskubidea duen sistema bat, zaintzeagatik norberaren eskubideei uko egin behar izan gabe? Nola lortzen dugu familiek zaintza duinak jaso ahal izatea, horrek beste emakume batzuk prekarizatzea ekarri gabe? Nola egingo dugu gizonezkoek ere dagokien zaintzaren zatia beren gain har dezaten? Eta zer paper bete dezakete gure auzo, herri eta komunitateek?

Agian erantzunaren zati bat ekonomia sozial eta kooperatiboan dago: zaintzak kolektiboki antolatzea, ardurak banatzea, lan eskubideak bermatzea eta lurraldean errotutako alternatibak eraikitzea.

Baina horretarako, beste leku batzuetatik iritsi garenok bete-betean txertatzeko gai den kooperatibismoa ere irudikatu beharko dugu. Migratutako pertsonak ez baikatoz bakarrik hutsik geratzen diren lanak betetzera. Ezagutzak, esperientziak, antolatzeko moduak eta lan burujabeak sortzeko gaitasuna ere ekartzen dugu.

Eta, beharbada, euskal kooperatibismoaren etorkizuna ere gu hor egotetik etorriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA