Unibertsitate bizitzan badaude alor akademikoa gainditzen duten uneak. Gelditu, ingurura begiratu eta batera, kolektiboki, eraikitzeko gai garenaz jabetzeko balio dutenak. Datorren ekainaren 12an, EHUk lehen aldiz ospatuko du San Mamesen 2026 promozioko gradu eta graduondoko amaierako ekitaldia. Eta ez dugu ikasketak amaitzeko zeremonia soil bat izatea nahi. Unibertsitate Publikoaren Eguna izatea nahi dugu.Â
Ekitaldi hau ikasleen eskaera argi bati erantzunez sortu da: etapa hau elkarrekin, belaunaldi gisa, amaitzeko une errepikaezina partekatu nahi dute. Indibidualismoak nagusi diren garaiotan, balio berezia du unibertsitate ikasketen amaiera modu kolektiboan ospatzeak eta komunitate gisa aitortzeak. Aldi berean, gero eta familia eta hurbileko pertsona gehiagok bizi dute unibertsitate ikasketen amaiera lorpen partekatu gisa, ikasle bakoitzaren atzean urteetako ahalegina ez ezik, ingurukoen babesa ere badagoelako. Orain arte espazio-mugek ospakizun hori mugatzen bazuten ere, agertoki berriak aukera emango du une hori irekiagoa eta askoz zabalagoa bihurtzeko.
Hala, estadioak ekitaldi akademiko bat hartuko du, unibertsitateko une handiekin batera doan solemnitate guztiarekin eta mendeetako tradizioa sinbolizatzen duen segizioarekin. Baina ospakizun kolektibo handia ere izango da; unibertsitate publikoa babestu nahi duen edonorentzat irekia. Programa osoaren berri laster emango dugu, baina aurreratu dezakegu oso publiko zabalarentzat erakargarri eta gustagarria izango dela. Izan ere, musika, zientzia, ikuskizunak eta Alumni Sariak uztartuko ditu, eta protagonista guztiek lotura argia izango dute: EHUko kide izan izana. Unibertsitatea ez baita ikasketak amaitzean bukatzen; EHUalumni komunitateko kide direnen pertenentzia sentimenduan jarraitzen du, baita gurean lan egin duten eta euskal unibertsitate publikoa bihotzean daramaten kideen arrastoan ere. Horregatik, egun hau gonbidapen irekia izatea nahi dugu, bai ikasle ohientzat, bai EHUko kide izan diren irakasle, ikertzaile, teknikari edo administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, baina baita unibertsitate publikoa babestu nahi duen edozein pertsonarentzat.
Ekainaren 12ak unibertsitate publikoan sinesten duten eta babestu nahi duten pertsona guztien eguna izan nahi du. Unibertsitate publikoa defendatzea hura ospatzea, bidelagun izatea eta gure gizarteari egiten dion ekarpena publikoki aitortzea ere badelako
Sherry Turkle soziologoak gogorarazten digu «alone together» (elkarrekin, baina bakarrik) bizi garela: digitalki hiperkonektatutako gizarte batean, zeinak, paradoxikoki, gero eta gehiago urruntzen gaituen benetako bizikidetzatik eta espazio komunetatik. Testuinguru horretan, unibertsitate publikoak bizitzak eraldatzen ditu, proiektu partekatu bat eraikitzen duen heinean. Ezagutza, ikerketa, pentsamendu kritikoa eta aukerak sortzen ditu, baina baita komunitatea eta topaguneak ere, bereziki beharrezkoak gurea bezalako multicampus unibertsitate batean. Â
Hain zuzen ere, ospakizun honen gakoetako bat unibertsitate publikoaren balioa publikoki aldarrikatzea da. Sarritan datu, txosten eta aurrekontuekin defendatzen dugu, eta hori guztia beharrezkoa da. Hala ere, unibertsitate publikoak anbizioa ere behar du: pentsamenduz ere handinahia izatekoa, ilusioa sortzen duten gertakariak sortzekoa eta hunkitzeko espazioak irekitzekoa. EHUk ordezkatzen duenaz harro sentitzeko eta egunero eraikitzen dugun guztiaren handitasuna eta balio kolektibo izugarria partekatzeko aukera emango diguten espazioak.Â
Eta beharbada, barruan lan egiten eta ikasten dugunok, ez gara beti horretaz jabetzen. Horregatik nahi dugu ekitaldi hau izan dadin gure inguruari gure eguneroko lanaren magia erakusteko eguna: bizitzak aldatzen dituen ikerketa, talentuz betetako ikasgelak eta gure hiru campusetan jaiotzen diren istorio pertsonalak.Â
Neurri horretako ekitaldi bat bideragarria izan dadin, laguntzaileek —senideek, lagunek, hurbilekoek eta baita segizio edo komitiba akademikoko kide ez diren irakasleek edo unibertsitateko langileek ere— sarrera bidez sartu behar dute. Ez da antolakuntza edo segurtasun kontua soilik, baita tamaina honetako ekitaldi baten jasangarritasuna bermatzeko modu bat ere, unibertsitate publikoak eta bere komunitate osoak merezi duenaren adinakoa.Â
Ekainaren 12ak unibertsitate publikoan sinesten duten eta babestu nahi duten pertsona guztien eguna ere izan nahi du. Unibertsitate publikoa defendatzea hura ospatzea, bidelagun izatea eta gure gizarteari egiten dion ekarpena publikoki aitortzea ere badelako. EHU gure herriko giza eta ezagutza komunitate handienetako bat da. Eta uste dugu iritsi dela unea duen tamaina eta aniztasuna erakusteko eta unibertsitate publiko euskaldun, ireki, plural eta gizartearekin konprometitua aldarrikatzeko.
San Mamesera doazenek arratsalde zirraragarria eta sakonki sinbolikoa biziko dute. Harro sentitzeko eta gure unibertsitate publikoaren eta euskal gizartearen oraina eta etorkizuna elkarrekin ospatzeko.