Euskal Herriko Ikastolen lehendakaria

Euskalduntzen duen hezkuntza behar dugu

Nekane Artola Labordeta
2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unibertsitatean sartzeko probek hautsak harrotu dituzte azken asteotan. Euskara eta Literaturako azterketen emaitzen harira hainbat auzitegik hartutako erabakiek soka luzea ekarri dute. Hala ere, epaitegien badaezpadako neurrien zarata mediatikoaren atzean, bada askoz ere kezkagarriagoa den errealitate bat, gordin eta ezkutatu ezin den moduan azaleratu dena: gaur egungo hezkuntza sistemak ez du behar bezain beste eta behar bezain ondo euskalduntzen.

Hori da, hain zuzen ere, proba hauek argitara eman duten sakoneko arazoa, eta gizarte gisa heldu beharreko ezinbesteko eztabaida. Hezkuntza komunitate gisa galdetu beharrekoa da: benetan ari al gara ikasle guztiak euskalduntzen? Zein baldintzatan, zein hizkuntza‐ereduren bidez, eta zein konpromiso errealekin?

Azken gertakariek argi utzi dute selektibitateko azterketen inguruan epaitegiek izan duten esku-hartzea oso larria dela. Baina ez da kasualitatea hezkuntzaren esparruan gertatu izana euskararen aurkako azken erasoa. Izan ere, Hezkuntza eremu estrategikoa baita hizkuntzaren biziberritzerako.

Berriz ere, euskararen aurka egin dute, gure hizkuntzaren ezagutza eta balio akademikoa gutxietsiz. Badaezpadako neurriek euskarako kalifikazioak aldi baterako baztertzea agintzen dutenean, mezua argia da: euskararen ezagutza baldintza negoziagarri bihur daiteke, salbuespenen eta presioen arabera. Matematikarekin edo atzerriko beste edozein hizkuntzarekin pentsaezina izango litzatekeen esku-hartze judizial batek berdintasun printzipioa bera jartzen du kolokan, eta, ezinbestean, hezkuntza sistema osoari egiten dio kalte. Eta azken gertakari horrek auzi sakonago bat erakusten digu: hizkuntza baten normalizazioa eta ikasleen eskubideak ezin dira etengabe auzitegien menpe egon.

Epaitegien badaezpadako neurrien zarata mediatikoaren atzean, bada askoz ere kezkagarriagoa den errealitate bat, gordin eta ezkutatu ezin den moduan azaleratu dena: gaur egungo hezkuntza sistemak ez du behar bezain beste eta behar bezain ondo euskalduntzen

Euskararen biziberritzean jauzi berri bat emateko, hezkuntza sistemaren bihotzak berak euskalduna izan behar du: curriculumak, baliabideak, irakasleen prestakuntza, ebaluazio‐ereduak eta unibertsitaterako sarbidea euskaratik eta euskaraz pentsatuak izatea. Bestela, euskararen presentzia beti geratuko da «atal» edo «baldintza» gisa, baina ez sistema osoaren logika gidatzen duen ardatz gisa.

Euskalduntzea ezin da mugatu euskara ikasgai huts bat bezala lantzera, koaderno bateko apunteetara edota azterketa baten notara. Hizkuntza bat ez da ikasgela barruan soilik ikasten; hizkuntza bat bizi egiten da. Euskal dimentsioa elikatzeko, ikasgai guztietan eta, bereziki, ikasgelatik kanpoko guneetan euskaraz aritzeko aukerak sortzen jarraitu behar dugu.

Gure helburua ez da soilik ikasleek azterketa bat gainditzea; gure ardura euskaldun osoak heztea da, bizitzako arlo guztietan euskaraz eroso eta gaitasunez arituko diren herritarrak garatzea. Hori da «euskaldun osoak» hezteko bidea: hizkuntza ezagutza tekniko hutsa gainditzea, eta identitatea, komunitatea eta mundurako ikuspegia ere euskaratik lantzea. Eta horretarako, eredu orokorrago eta integralago bat behar da.

Horrelako esku-hartze judizialek agerian uzten dute, beste behin, herri gisa gorpuztuko gaituzten egitura propioen beharra. Hezkuntza sistemaren giltzak kanpokoen esku daudenean —estatuek eta epaitegiek markatutako lege eta interpretazioen menpe—, euskararen normalizazioa eta hezkuntza ereduen garapena etengabe egongo dira beste logika eta interes batzuen menpe. Besteren marko eta arauen menpe egoteak gure hizkuntzaren eta hezkuntzaren etorkizuna zaurgarri bihurtzen du.

Herriak eta herriarentzat sortuak diren egiturak behar ditugu; herritarrok eta herritarrontzat kudeatuak izango direnak. Hezkuntza sistema propio euskalduna indartu eta zabaldu behar dugu, euskararen biziberritzean jauzi berri eta kualitatibo bat emateko. Ez dugu salbuespenik edo kontzesiorik eskatzen; gure hezkuntzaren gaineko burujabetza aldarrikatzen dugu euskal gizartearen beharrei modu askean erantzun ahal izateko. Eta eguneroko jardunaren bidez errealago bihurtzen dugu helburua.

Bide horretan, ikastolok gure konpromisoari eusten diogu. Duela hamarkada batzuk bezala, gaur ere bidea urratzen jarraituko dugu. Euskaldun osoak hezteko espazio eta aukera berriak sortzen jarraituko dugu. Gaurko autoeraketatik eta herri-ekimenetik, biharko euskal hezkuntza elikatzen ari gara; gaurdanik hezten ari garelako biharko herritar euskaldunak. Euskal Herri osoan eta muga guztien gainetik.

Epaitegiek beren bidea egingo dute, baina gurea argia da: euskalduntzen duen hezkuntza sistema propioa eraikitzea. Gure erantzukizuna da, eta gure esku dago errealitate bihurtzea. Euskal Herriak eta euskarak ez dute gutxiago merezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA