AEKn jada abiatu dugu 2026-2027 ikasturteko matrikulazio-kanpaina. Iraila hasi orduko, ziur aski honelakoak ikusi, entzun edota irakurri dituzu hedabideetan: «Euskara eroso ikasi eta bizitzeko»; «Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea»; «Zinez espero dugu herritar gehiago hurbiltzea AEKren euskaltegietara»; «Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu AEKren euskaltegietako ateak»; «Ikasleen beharrizanetara egokitu dugu eskaintza»; «Herritar guztiei dei egiten diegu gure euskaltegietara etortzera»... Horrez gain, helduen euskalduntze eta alfabetatze sektoreko ordezkaritza zabala bildu ginen euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan gure sektoreak duen garrantzia azpimarratzeko eta herritarrei euskara eskuratzera dei egiteko. Aho batez eta irmo adierazi genuen helduen euskalduntzea gizarte osoaren eginbeharra dela, ez soilik gure sektorekoon ardura. Azken mezu horri helduko diot, irakurle, ondoko lerrootan.
Helduak euskalduntzen dihardugunok ahaleginak eta bi egiten ditugu. AEKn, esaterako, hamarkadetan gabiltza buru-belarri lanean gure misioa lortzeari begira: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizi izatea. Milaka herritar bertaratu dira azken urteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, beren maila hobetzera edo praktikatzera, zertarako eta etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera ontzeko eta abarrerako. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi 1976-1977 ikasturtea, orduko gertaerek beste dimentsio bat eman zioten-eta helduen alfabetatze-euskalduntzeari. Une hartan, ikasle-kopurua %300 handitu zen, eta, ondorioz, euskara heldutan ikasteak indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan, euskararen biziraupenerako mugarri bihurtuta. 50 urte igaro dira ordutik, eta gogora ekarri nahi izan dizut, irakurle, euskarak horrelako gertaera esanguratsuak behar dituelako Pizkunde berri baterako bidean.
Baduzu inguruan euskara ikasteko pausoa eman ez duenik? Bada, anima ezazu horretara. Ezagutzen duzu euskaraz hitz egiteko zailtasuna duenik? Anima zaitez haren bidelagun izaten
Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak euskara babes bereziko kultura-ondasun immaterial izendatzeko bidea abiarazi du, titulu horrek prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa emango dizkiolakoan (hala izan bedi). Bitartean, gure hizkuntzaren kontrako oldarraldiak gogor jarraitzen du. Hala, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du euskara sektore publikoan arautzeko Jaurlaritzaren dekretua, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak aurka egin dio Larresoroko bide baten euskarazko izenari... Eta horren guztiaren aurrean, nola eragin Pizkunde berria? Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztua du dagoeneko atzeranzko joerak iraultzeko indarraldi berri baterako erronka, denon artean aurrera eraman beharreko xedea: 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako; alegia, hamar urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea (hots, euskalduntzearen erritmoa bikoiztea). Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze eta alfabetatzea da. Helburua da hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sor dezagun; AEKn horixe dugu erronka, horixe helburu, eta horixe da gure egitekoa.
Helduen euskalduntzea gizarte osoaren eginbeharra da. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri, Pizkunde berri baterako bidean. Bete ditzagun euskaltegiak! Irakurle, lagunduko diguzu?
Zuk ere, irakurle, baduzu horretan laguntzerik. Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu AEKren euskaltegietako ateak, eroso ikasteko. Horri begira, AEKk ehun euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen gara. Halere, denon inplikazioa ezinbestekoa da herritarrek euskara ikasteko erabakia har dezaten. Eta kasu honetan, une honetan, zeuri zuzentzen natzaizu, irakurle. Baduzu inguruan euskara ikasteko pausoa eman ez duenik? Bada, anima ezazu horretara. Ezagutzen duzu euskaraz hitz egiteko zailtasuna duenik? Anima zaitez haren bidelagun izaten. Emateke duzu euskara hobetzeko saltoa? Etor zaitez guregana. Hamaika bide, hamaika modu ditugu.
Euskararen etorkizuna kinka larrian dago; gero eta nabariagoak dira geldialdiaren seinaleak euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan. Euskararen eta euskal hiztun-komunitatearen etorkizuna jokoan da, eta, jauzia egiteko unea den honetan, erantzukizun partekatuak ditugu. Irakurle, urrats bateratuak egin behar ditugu egiturazko aldaketak lortzeko. AEKn konpromisoa hartzen dugu norabide horretan jarduteko, eragiteko, ekiteko... Tamainako erronka dugu begi-bistan, baina sinetsita gaude egingarria dela, baldin eta horretarako ausardia politikoa, aski baliabide eta gizarte osoaren inplikazioa badaude. Errepikatu egingo dut: helduen euskalduntzea gizarte osoaren eginbeharra da. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri, Pizkunde berri baterako bidean. Bete ditzagun euskaltegiak! Irakurle, lagunduko diguzu?