Hauteskunde-eguna da gaur Espainian. Emaitzek ondorio erabakigarriak izan ditzakete gure herrian, eta datozen egunetako eztabaida markatuko dute Hegoaldean. Ohikoa da Madrilgo eta Parisko berriek kolonizatzea gure agenda, gure elkarrizketak eta gure gogoetak. Gaur, hauteskundeak hizpide ditugun honetan, Euskararen Egunaz ere hitz egin nahi dut.
Badira diotenak egun seinalatuak folklore hutsa direla. Ez naiz iritzi horretakoa. Urteko gainerako egunetan egiten duguna da, noski, erabakigarria. Egun jakin batek, ordea, urte osoan sakabanatuta dabilena elkartu eta agerian jar dezake. Martxoaren 8ak eta Maiatzaren 1ak erakusten dute zer indar izan dezakeen data batek urtero kausa bati tokia egiteko kalean, eskoletan, hedabideetan eta elkarrizketetan. Euskararen Egunak hainbat eginkizun bete ditzake. Denek dute lekua.
Ospatu. Bizirik iritsi gara. Mendebaldeko Europan bizirik dirauen hizkuntza aurreindoeuropar bakarra da euskara. Jazarpenak eta debekuak pairatu ditugu. Eta, hala ere, hemen gara XXI. mendean, nahi baino ahulago baina bizirik. Ospatzekoa da azken hamarkadetan egindako bidea ere, honaino ekarri gaituen indarberritze-esperientzia sendoa. Gaur ere baditugu etorkizunari kezkaz begiratzeko arrazoiak. Ondo dakigu hori. Baina badira han eta hemen esnatzen ari garelako seinaleak… Olatu euskaltzale berri baten hasiera, agian? Ospa dezagun izan garena eta gaur garena, eta begira diezaiogun ilusioz izan gaitezkeenari.
Gogoratu. Bizirik iritsi gara, hein handi batean gure aurrekoek antolatzen asmatu zutelako. 1960ko hamarkadan indarra hartu zuen olatu euskaltzaleak historiaren norabidea aldatu zuen, saihetsezina zirudien patu beltzari izkin eginez. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Eguna dugu, beraz, Zipitria, Txillardegi eta euskarari bideak ireki zizkioten gainerako euskaltzaleak gogoratzeko eta omentzeko. Oroimen horretan toki berezia dute, besteak beste, faxistek fusilatutako Aitzolek eta Lauaxetak, Egunkaria auzian atxilotu eta torturatu zituztenek eta euskaltzale aritzeagatik bortizkeria jasan duten gainerako guztiek.
Elkartu eta ireki. Euskalgintzan ari garenontzat, Euskararen Eguna aukera ederra da norberaren erakundeaz harago begiratzeko eta besteen lana aitortzeko. Ikuspegi desberdinak izan arren, gauza handiak egin ditugu elkarrekin. Egunak balio beharko luke euskaraz bizi garenon, euskaraz bizitzen saiatzen garenon eta gure hizkuntza indartzeko lanean ari garen guztion arteko loturak sendotzeko eta mugimendu gisa indartzeko. Eta ateak zabaltzeko ere bai. Euskaraz jakin arren gehienbat erdaraz bizi direnak euskaraz aritzera gonbida ditzakegu, eta euskara ikasten ari direnei edo ikastera hurbildu nahi dutenei ere tokia egin. Herri osoak senti dezala berea duela euskara.
Erakundeek herri-mugimendu sendo eta autonomoa parean izatea demokrazia osasuntsu baterako baldintzetako bat da. Kaleko aldarriek indarra eman diezaiekete udaletan, legebiltzarretan eta gobernuetan ari diren euskaltzaleei, beren erakundeetan hizkuntza-politika ausartagoak bultzatzeko
Aldarrikatu. Txomiñeneko euskara-elkarteak gutun ireki batean proposatu du Abenduaren 3a zapalketaz jabetzeko eta hari aurre egiteko eguna ere izatea, mugimendu feministak Martxoaren 8ari emandako bidea gogoan. Bilbon, Gukak bigarrenez deitu du manifestaziora, aurten Denok irabazteko, Bilbo euskaldundu! lelopean. Irudipena dut hurrengo urteetan indarra hartuko duela egunaren osagai aldarrikatzaileak. Beharrezkoa dugu.
Eta badugu zer salatu. Nire ustez, aldarrikapen horren jomuga nagusia da euskarak Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik pairatzen duen egiturazko zapalketa. Aspalditik, bi estatuek frantsesa eta gaztelania indartu dituzte gurean, eta euskara ahuldu. Gaur ere, haien legeek eta hizkuntza-politikek erdararen nagusitasunari eusten diote. Euskararen Eguna bada bidegabekeria hori agerian jartzeko eta euskaraz bizitzeko aukera bermatuko duen lege-esparrua aldarrikatzeko eguna ere. Ez dugu bigarren mailako herritar izaten jarraitu nahi.
Bertako alderdiei eta erakundeei ere neurri zehatzak eskatzeko eguna da. Erakundeek herri-mugimendu sendo eta autonomoa parean izatea demokrazia osasuntsu baterako baldintzetako bat da. Kaleko aldarriek indarra eman diezaiekete udaletan, legebiltzarretan eta gobernuetan ari diren euskaltzaleei, beren erakundeetan hizkuntza-politika ausartagoak bultzatzeko.
Konpromisoak hartu. Ederra litzateke egun horretan administrazioek, enpresek, sindikatuek, alderdiek edo elkarteek euskararen aldeko urrats zehatzak iragartzea. Kuadrillako lagunek erabaki dezakete aurrerantzean beren artean euskara hutsez aritzea. Etxean ere has daitezke orain arte elkarrekin erdaraz aritu diren senideak euskaraz egiten. Eta etxekoen artean euskaraz ez dakien bakarrak erabaki dezake ikasten hastea. Nork bere buruarekin konpromiso irmoak hartzeko ere une aproposa da. Abenduaren 3an hartutako konpromisoaren balioa abenduaren 4tik aurrera ikusiko dugu.
Garai bakoitzean, Euskararen Egunaren eginkizun batek edo besteak har dezake indar handiagoa. Denek dute lekua, eta elkar indartu dezakete. Aurtengo Abenduaren 3ak balio diezagula egindako bidea aitortzeko, euskararen aldeko mugimendua sendotzeko eta datorren urteko lanari indar berriz heltzeko.
Euskararen Egun on!