Eustat edo hizkuntza politikaren erabilera aldrebesa Jaurlaritzan?

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Eustaten beti egon dira bi langile mota, funtzionarioak batetik, eta hilabetetarako kontratatzen ziren inkestatzaile eta ikuskatzaileak bestetik...» dio Hizkuntza Normalizazioko zuzendariak, gure alegazioei erantzunez. Hala da, Eustaten eta Jaurlaritzan langile mota ezberdinak daude: badira lan baldintza duin eta egonkorretan lan egiten dutenak. Badira lan baldintza duinetan baina lanpostua galtzeko arriskuarekin lan egiten dutenak, Jaurlaritzarentzat lanean aritutako urteak zenbat diren ere. Badira plantillakoak baino askoz baldintza kaxkarragoetan eta lanpostua galtzeko arrisku biziarekin Jaurlaritzak azpikontratatutako langileak.

Eustateko inkestatzaile eta ikuskatzaileak daude azkenetan azken, lan baldintza penagarriak jasaten dituztenak, prekaritate gorrian, kasurik onenean pentsio urriak jasoko dituztenak, Eustat-Jaurlaritzak 28 urtez ezarri dizkien lan kontratu aldian-aldikoei eta gaizki ordainduei esker. Langile talde honek auzitara jo zuen, eta epaileak arrazoia eman zien, baina Eustatek kontratuak are gehiago zatituz erantzun zuen, beste esku batekin Jaurlaritzari lanpostu gehiago eskatzen dizkion bitartean, «lankarga gero eta handiagoari aurre egin ahal izateko»!

2010ean, herri-kontuen euskal epaitegiak langile hauek Eustateko langileen zerrendan sar zitezen eskatu zuen. 2016an, Eusko Legebiltzarrak berak eskatu zion Jaurlaritzari, langile hauen lanpostu guztiak jaso zitzan lanpostu zerrendan, lanaldi osoz eta urte osorako.

Eustatek, Eusko Legebiltzarrari ere ez ikusiarena eginez, hiru proposamen aurkeztu dizkigu sindikatuoi, zein baino zein eskaxagoa, eta gainera derrigorrezko hizkuntz eskakizunak ezarri dizkie lanpostu guztiei, %100, hizkuntza normalizatzeko zuzendaritzaren oniritziarekin.

Nahiz eta 28 urtez HN Zuzendaritzak langile talde honi ez dion erreparatu ere egin: sekula ez zaie euskara-ezagupenik eskatu, eta lan orduetan euskara ikasi nahi zutenei ukatu egin zaie aukera.

Nahiz eta Jaurlaritzak bete beharreko derrigortasun indizea %50ekoa baino ez den.

Nahiz eta erdiak baino gutxiago diren herritarrekin harreman zuzena daukaten inkestagileak.

Nahiz eta langileon batez besteko adina 55 urtekoa den, eta baldintza duinetan kontratatuta egon balira, hizkuntz eskakizunak egiaztatzetik libre egongo liratekeen 45 urteak egin geroztik! Neurri bidegabe eta ezohiko honen bitartez, langabeziaren atarian jarri ditu Eustatek.

Badirudi Jaurlaritzak hainbat langile kaleratzeko aitzakia gisa euskara erabili nahi duela. Neurri horrekin ez du zerbitzuaren hizkuntza normalizazioa bultzatzen, eta agerian uzten du bere hizkuntza politikaren noraeza; bidegabea eta antzua gainera kasu honetan. Lanpostu horien kudeaketa egoki batek, dagoeneko gertatzen ari diren jubilazioak aintzat hartuko dituenak, zerbitzuaren euskalduntzea ahalbidetuko luke urte gutxiren buruan, inor kaleratzeko inongo beharrik gabe. Hizkuntzarekiko bat-bateko «ardura» honek talka egiten du Eustaten ohiko jardunarekin, bestalde, Jaurlaritzan euskararen normalizazioari arreta gutxien jarri dion sailetako bat baita Eustat. Eta talka egiten du Jaurlaritzak beste batzuetan erakusten duen jokabidearekin. Jaurlaritzak askoz malguago jokatzen du euskararen ezagutzarik eskatzen ez duen maila handiagoko beste lanpostu batzuekin edota lan poltsa jakinekin.

Adibidez, Jaurlaritzako arduradun politikoei ez zaizkie derrigorrezko hizkuntza eskakizunak ezartzen, beren menpeko langileokiko, herritarrekiko, eta beste erakunde batzuekiko harremana oso ohikoa eta erabakigarria den arren. Jaurlaritzak neurri ezberdinak ezartzen ditu, eta zorrotzago jokatzen du langile-talde ahulenekin eta orain arte antolatu gabeekin (gauzak aldatzen hasi dira).

Urte luzeotan eragindako anabasa konpondu ordez, kalean jarri nahi ditu lehendik ere ondo zukutu dituen langile hauek, emakumeak gehienak. Martxoaren 8ko greba feministarekin hain «ulerbera» agertu zen Jaurlaritzak etxetik hasi beharko luke emakumeen prekaritateari eta diskriminazioari azkena ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.