Tasio Erkizia.
Ezker abertzaleko militantea

Ez da onargarria

2026ko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da onargarria, eta beraz, kritika publikoa merezi du EAEko gobernuak, alderdikeriagatik, EHUren izen ona zikintzea. Pertsonen arteko errespetua oinarrizko jarrera izan behar den bezala, instituzioen artekoa ere beharrezkoa da. Eta zentzu honetan, zinez kezkagarria da Gasteizko gobernuak, Joxerramon Bengoetxearen ekipoak zuzendaritza hartu zuenetik, unibertsitateekiko erakusten duen errespeturik eza. Ez da behin eta puntualki gertatzen; duela denbora batez geroztik, jarrera gotortua erakusten ari da. Krisi bat bestearen atzetik. Mundu guztiaren begi bistan, disimulurik gabe.

Desberdintasunak azaleratzea ez da harritzekoa, baina desadostasunak funtsezko gaien inguruan izatea kezkagarria da, eta gai horiek unibertsitatea modu publikoan desprestigiatzeko erabiltzea, berriz, ez da onargarria. Nahiko arrazoia izan al daiteke unibertsitateko zuzendaritza talde berria gobernuaren gustukoa ez izatea zitalkeriaz eta mespretxuz tratatzeko? Hori horrela bada, non gelditzen dira agintariek hainbestetan aipatzen dituzten aniztasuna eta desberdinen arteko akordioa? Jarrera horiek zer dute demokraziatik? Ez al daude Trumpen politikagintza eredutik hurbilago, herritarren borondatetik baino?

Urte bat pasa da unibertsitatean hauteskundeak egin zirela, eta ustekabean, talde berri eta berritzaile batek agintea hartu zuela. Eta gobernuaren aurkakotasuna nabarmendu da, une askotan, baina bereziki eskuartean izan dituzten funtsezko bi gaien inguruan, hots, aurrekontuak eta unibertsitaterako sarrera frogak. Batean zein bestean Jaurlaritzaren ordezkariek modu zakarrean eta desegokian jokatu dute; lekuz kanpoko adierazpenak eginez eta unibertsitateko zuzendaritza jo puntuan jarriz.

Gakoa, dena den, gaia zuzentzea da, datorren urteari begira euskararen balioa sendotzea. Eta horretarako bide bakarra ikastetxeetan bitarteko nahikoak jartzea da. Euskaran ahaldundu, azterketen beldurrak uxatzeko

Aurrekontuei dagokienez, begi bistan gelditu zen unibertsitatearen eskariak guztiz bidezkoak eta arrazoizkoak zirela. Hain ziren arrazoizkoak, gaur egun esparru horretako Kontseilaria den Juan Ignazio Perez Iglesiasek, bere garaian eskari berberak eginak baitzituen. Urgentzia eta arrazoi berdinak erabiliz, finantzaketa maila igotzea ezinbestekotzat jotzen zuen berak unibertsitateko arduradun nagusia zenean. Nola ukatu dezake gaur egun beharrezkoa izatea duela urte batzuk berak eskatzen bazuen? Eta zergatik orain deskalifikazioak? Hori da instituzioen arteko elkarlana egiteko modua?

Eta egun hauetan unibertsitateko sarrera frogetan gertatu dena oraindik ere larriagoa izanik, ez da onargarria. Gobernuko ordezkariek eta bereziki Hezkuntzako Sailburuak, Begoña Pedrosa andereak, bete duten paperak ez du izenik, eskandalagarria da. Susmopean jarri ditu zuzentzaile lanetan aritu diren irakasleak, eman dituen kalifikazio batzuen inguruan gardentasuna eskatuz. Zintzoki parte hartu duten euskarako irakasleek har dezatela nire aitorpenik beroena agintari batzuen miseria guztien gainetik. Bejondeizuela milaka euskaltzaleon animoak eta berotasuna.

Ez da onargarria euskalduntze prozesuan sistemak dituen akats larriak estaltzeko, non Begoña Pedrosak eta bere alderdi politikoak ardura larriak dituen, irakasleak hain gordinki iraintzea eta beraien profesionaltasuna gutxiestea. Zuzentzaileak ez dira hainbeste ikasleren ezjakintasunaren errudun, eta arazoa ez da desagertzen haiei leporatuz. Hezkuntza sisteman aldaketa sakonak egitea da bide bakarra, eta horretan Begoña Pedrosa eta aliatuak zeregin zuzena dute.

Euskarak, berriz ere, kolpe gogorra hartu du. Euskarako irakasleak eta unibertsitatea bera modu larrian eta injustuan deskalifikatuak izan dira, eta ondorioz, euskarak nozitu duen kaltea ikaragarria da. Gakoa, dena den, gaia zuzentzea da, datorren urteari begira euskararen balioa sendotzea. Eta horretarako bide bakarra ikastetxeetan bitarteko nahikoak jartzea da. Euskaran ahaldundu, azterketen beldurrak uxatzeko.

Euskararen susperraldiak bereziki herritarren aktibazioa eskatzen digu, euskaltzaleon esnatzea bultzatzea, baina egun hauetan bizi izan ditugun oldarraldiei erantzutea ere ezinbestekoa da. Lotsarik eta beldurrik gabe gurea defendatu behar dugu. Etorkizuna ez dugu biktimismotik eraikiko; egoerari buelta ematea gure esku dagoela defendatuz indarrak bildu eta ekimenetik baizik. Bizi dugun gutxiespena indartsua izan arren, berreskuratu dezagun autoestimua eta herria eraikitzeko grina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA