Miren Josune Ariztondo Akarregi.
EHUren Gizarte Kontseiluko presidentea

Ez gehiago ezta gutxiago ere

2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseilua ez da batere ezaguna, ez du gure artean aparteko osperik, bere jardunak apenas izaten du oihartzunik. Ostera, unibertsitate organo hau Eusko Legebiltzarrak 1985ean sortu zuen eginkizun estrategiko batekin: euskal gizartearen parte hartzea ahalbidetzea Euskal Herriko Unibertsitatearen jardun akademikoan, unibertsitatea gizartearekin etengabe konektatu eta, bien kezkak, premiak eta aukerak entzunez, akademiaren helburuak garatzen laguntzeko. Horretarakoxe sortu zen eta horixe bera du orain ere misioa.

Erakunde estimatuenetakoen artean daukagu Euskal Herriko Unibertsitatea, bere gorabehera guztiekin. Euskal gizarteari egiten dion ekarpena ikasgeletatik eta laborategietatik haratago doa, askoz haratago: Eman ta zabal zazu goiburuak ondo azaltzen du hori. Goi mailako jakintza irakastea, ikertzea eta transferitzea aitortzen diogunean, euskal komunitatearen erronkekin bat eginda ibiltzea, euskal identitatea munduratzea, euskal gizartearen ongizatea sustatzea eta demokraziari eusten dioten balioen transmisiorako aukerak garatzea eskatzen diogu. Ez da gutxi.

Zelai horretan jokatzea egokitzen zaio 40 urte luzez ia oharkabean ari den Gizarte Kontseiluari, maila anitzeko gobernantza kolaboratiboa gero eta ozenago aldarrikatzen dabilen euskal gizartean. Orain unibertsitateak berak ditu gizarteratze bide propioak, 80ko hamarkadan ez zituenak. Halere, bikoizkeriak ekidin eta hutsuneak betetzen —bietatik baitaude— ahalegintzen bagara asmatuko dugu: oinarriak betikoak dira, elkarkidetzarako eremuak ere badira; lanerako modu eta tresnak moldatu, aldatu edota eraldatu behar. Horixe da kontua.

EHUren gobernantza ahalbidetzea Gizarte Kontseiluaren ardura ere bada. Hobeto esanda, horixe da bere izateko arrazoi bakarra, unibertsitate komunitatearen eta euskal gizarteko ordezkaritza sektoreen arteko lankidetza eraginez egitekoa. Erakunde hau osatzen dugunon gogo esplizitatua ere berau da: gizartearen premiak identifikatu eta ahalegin osoa egitea unibertsitateak erronka horiei eraginkortasunez erantzuten laguntzeko.

Herritarrengan konfiantza sortzen duten erakundeak zubiak eraikitzen dakizkitenak omen dira; ez ordea berba hutsezkoak, eraginkorrak bilakatzen diren zubiak baizik. Hortaz, kontseiluko kideon ideia eta iritzien aniztasunak aparteko indarra dakartela esan daiteke, entzute, elkarrizketa eta lankidetza emankorrak gauzatzeko.

Uste sendo horrekin murgildu naiz Gizarte Kontseiluaren arduretan. Garaiko erronka nagusiek —eraldaketa teknologikoak, jasangarritasunak, lehiakortasunak, gizarte kohesioak edota gure kultura sendotzeak— esparru akademikoaren eta gizartearen lankidetza estua eskatzen dute. Bai Euskal Herriko Unibertsitateari eta baita Gizarte Kontseiluari ere.

Egindako lanaren gaineko hausnarketa eta ebaluazioa ditugu esku artean: egiteko moduak, orientabideak eta prozedurak ongi aztertuz, gure jarduna ordenatu eta berreraikitzea dugu helburu. Euskal Herriko Unibertsitatea gero eta bikainago eta, bere izena hartuta, gero eta Euskal Herrikoago nahi dugunona da zeregina. Gizarte Kontseiluarena eta haren presidentearena ere bai. Bere neurrian noski, ez gehiago baina ezta gutxiago ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA