Irakasle ohia

Ezereza baino gutxiago

2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Argi eta garbi esan zuen Alex Artzelusek Irulegiko Irratian, eta urriaren 4an irakurri ahal izan nituen bere hitzak BERRIAn: «Nehor ez da euskaraz ari EHUko irakaskuntza fakultatean, ze euskara ikasiko dute gure haurrek, euskaraz mintzatzen ez dakiten irakasleak badituzte? Denek espainolez ari dira, ez dute kontzientziarik, ez maitasunik».

Behar-beharrezkoa eta guztiz ederra egin zitzaidan bere ausardia. Ikusten ari zenaz guztiz harrituta, jendez betetako plazan eta ezelako beldur barik, erregea denen aurrean biluzik zegoela adierazi zuen ipuineko umearena gogorarazi zidan, eta hunkitu egin ninduen.

Abuztuaren amaierarantz gertatu zitzaidan beste hau: ume txiki batek zein ederto egiten zuen bere amarekin euskaraz entzun, eta nire miresmena adierazi behar izan nien biei, amari eta umeari. Amak laster erantzun zidan: «Oraintxe hasi behar du eskolara, eta oraintxe erdaldunduko da».

Egia da, adinean gorago nire inguruan ez dut entzuten amari euskaraz zuzentzen zaion umerik. Arabiarrak, ostera, bai entzuten ditut euren amekin arabieraz hitz egiten, eta oso ederra egiten zait, hizkuntza hegemonikoan barik, euren hizkuntzan hitz egiteko beharrizan hori. Lehen hizkuntza eta bakarra euskara izan duten nire inguruko umeek, ostera, eskolara hasiz batera, umetako irrealitatetik helduen errealitatera jauzi egin eta espainieraz egin behar dutela entzun, ikusi eta ikasten dute, eta euskalduna ezereza baino gutxiago dela mamurtu eta ulertzen dute. Eta eskolak erdalduntzea baino askoz tristeagoa dena, euskararekiko eta euskaldunenganako maitasuna eta begirunea ez transmititu, eta maitasun hori ukatzea da, euskalduna ezereza baino gutxiago eginez.

Nire irakasle esperientziatik esan dezaket, D ereduan ere eta zer esanik ez besteetan, eskolak huts egiten du euskararen ezagutzaren transmisioan, eta ezagutzen ez dena ezin da maitatu. Nirea lako herri erdaldunean behintzat, etxetik euskara hutsean doan umea ere laster konturatuko da bere hizkuntza zaindu beharreko hizkuntza baliagarria barik, ezereza baino gutxiago dela. Bigarren batxilergoan ere ezinezkoa zaie «eman niezazuke/niezazkizuke» ikastea, baina Bizkaian etxeko transmisioan ditugun «emon neizu/neizuz» ere ez dituzte erabiltzen («egin» aditzaren erroaren gainean egiten dugu ahalera eta «-ke» atzizkiaren beharrizan barik), eta erabiltzen dituzten formak zeintzuk diren ere ez dakite, alfabetatu barik daudelako. Eskolak gurean hizkuntza transmisioaren etena ekarri du askotan, eta ikasleak ezin izan du hizkuntza hori hizkuntza propiotzat hartu eta barneratu. Euskara irakasleak askoz ordu gehiago behar ditu hizkuntza behar den moduan irakasteko, inguruko euskaratik euskara baturako jauzia ondo azaldu eta barneratua izateko. Eta, jakina, aditza ezin da izan euskara irakaskuntzaren zentroa. Garrantzitsuena ikasleek euskaraz irakurtzen eta pentsatzen ikastea da. Ez bada ezer pentsatzeko, aditz guztiak daude soberan. Ikaslea euskal testu eta gure literatura ekoizpenarekin hasieratik harremanetan jarri, eta pentsatzera eta bere ekarpenak egitera bultzatu behar dugu. Baina horretarako ere orduak behar dira. Euskara ikasgaian astean hiru ordurekin ezer gutxi egin daiteke. Egunero klase ordu bat beharko genuke, ohitura eta lotura sendoagoak garatzeko ere.

Eskolak huts egiten du euskararen erabileraren transmisioan ere, eta erabiltzen ez dena ez da maitatzen. Ikasleak zenbat euskara erabiltzen duen eta bere euskarak euskaratik zenbat duen izan beharko litzateke batez ere ebaluatu edo neurtu beharrekoa Euskara ikasgaian. Institutuan 2. batxilergoko programazioan Euskara ikasgaia gainditzeko euskara erabiltzea beharrezkoa dela jarri genuen maila honetako irakasleok, eta mintegi burua beti agertzen zitzaigun esaten ikuskariak ez zuela hori onartuko. Euskara inoiz erabili ez eta euskararekiko mespretxua baino erakusten ez duena Euskara ikasgaian ebaluatu eta gainditu behar da? Ze lan egiten dute ikuskariek? Bere figurari buruz gurasoren batek, bere seme edo alabak azterketaren bat ez duelako gainditu, ikuskariarengana jo duenean entzun dut. Eta euskararik ez dakiten ikuskariak izan ditugula ere badakit. Egin daiteke halakorik euskaldunak ezereza baino gutxiago garela pentsatu ezean?

Errespetu falta maitasunaren kontrakoa da. Ezin da maitatu errespetatzen ez dena. Azken epai judizialek, esaterako, urte askotako lana birrindu dute, eta eskolan ere gero eta gehiago dira euskararekiko begirune eta maitasunaren aurkako ekintzak. Zinema euskaraz saiora eraman ikasleak, eta ikuskizuna lotsabakokeriaz apurtu; edo idazlea edo kantaria ikastetxera ekarri, eta idazleari edo kantariari adarra joz, saioa apurtu. Nik, urteetan harmoniaz eta maitasunez betetako saioak ezagutu ditudanak, azkenengoetan mintegian honelakoak baino ez nituen entzuten. Maitasunez, begirunez eta harmoniaz betetako saioak ezagutu ostean, antzoki baten ia lauren ikasleri aurre egin behar izan zien idazlearena zuzenean ikusi nuen (berak ederto zuzendu zituen ikasleak), eta antzerki zuzendariena (birena) kontatu egin zidaten.

Hala, zelan egingo dugu aurrera? Zelan egingo dugu aurrera gure hizkuntza eta kulturaren altxor, gidari eta eragile diren artista handiak ezereza baino gutxiago balira moduan tratatuz? Ikasle zein irakasle gizajoenen kontrako ekintza sadikoak ere modan daude. Ahulenak beti jomugan. (Baketan uzten ez bazuten ertzainengana joko zuela esan zien irakaslea ere ezagutu dut). Halako ekintzen aurrean ezer ez egitea, halako ekintzak baimentzea da. Halako ekintzen aurrean ezer ez egitea kultura ez eze gizatasunaren aurkako huts larria da.

Batzuek errukia ez dute ezagutzen, ez sentimendua ez hitza. Urte bitan jarraieran gertatu zait 2. batxilergoan gure inguruan egunero erabiltzen dugun hitz honen esanahia galdetu eta ikasle batek ere ez jakitea (errukidunak ere ez). Eta eurekin teman barik, idazlan batzuk zuzentzerakoan konturatu nintzen ez zutela hitza ezagutzen, ikasle ikastunenek ere ez (eta gero etorri zen klasean galdetzearena). Azkenengo urteetan zein euskara galera gertatzen ari den Bizkaiko inguru honetan eskandalagarria da. Sarraski hau bai ikuskariei eta beste guztiei arduratu beharko litzaiekeena. Non daude deskalabru honetaz arduratuko direnak?

Urriaren 18an entzun nion Jokin Bildarratzi Bizkaia Irratian «Hezkuntzak merezi du, hezkuntza etorkizuna da». Baina soberan jakin behar du ezin dela euskararen alde gobernatu, esaterako, euskararen kontrako epai judizialak salatu ez eta babesten dituztenekin. Eta jakin behar du gure hezkuntza sistemak ez duela euskara errespetuz tratatzen, eta euskara errespetu handiagoaz tratatzeko legea behar izan dugula.

Lehendakariak berak ere jasan behar izan ditu purrustadak enpresa gizonen aurrean euskaraz egiteagatik (urriaren 23an). Ez dut irakurri lehendakaria hitzaldi hori ematera gonbidatu zuena enpresa gizonen portaera anker hori zuzentzera irten zenik. Ez dut irakurri lehendakaria bera portaera hori zuzentzen ahalegindu zenik. Zergatik ez euskaraz hitz egiten jarraitu eta abagunea zeozer irakasteko ez baliatu? Eurek, ostera, berriro erakutsi eta irakatsi ziguten euskaraz eginez gero, lehendakaria bera ere isiltzen dutela, eta euskaldunok ezereza baino gutxiago garela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.