Sareko Elkargune Nazionaleko kidea

Ezin da gehiago luzatu

Joseba Azkarraga
2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte asko dira. Handia da sufrimendua, eta handia da, halaber, hainbat hamarkadatako konfrontazioan gertaturiko guztia ez ahazteko gizarte eta herri gisa dugun beharra; baita sufrimendu hori guztia errespetatuz aurrera egiteko beharra ere. Baina gure historiaren aldi bat ixteko borondatearekin aurrera egiteko, horren protagonista izan behar dute, sufrimenduaren amaiera exijitzen hamarkadak daramatzatenek ez ezik, baita egoera hau luzatzea nahi ez duten emakume eta gizonek osaturiko belaunaldi berri batek ere.

Biktimen atsekabeak errespetua eta errekonozimendua merezi du, anbiguotasunik gabe, ezin baitaiteke inor behartu bizi izan duena ahaztera. Haien sufrimendua ezin da erlatibizatu, ez politikoki erabili interes faltsuengatik, eta haien oroitzapenek etika publiko partekatuaren funtsezko zatia izan behar dute. Urtarrilaren 10ean, Bilboko kaleetan, aukera izanen dugu behar hori adierazteko, are gehiago euskal presoei salbuespenezko espetxe politika aplikatzen segitzen duten honetan.

Botere legegile, judizial eta politikoek iraganean kokatzen jarraitu nahi gaituzte, gaur egun bizi garen egoerarekin zerikusirik ez duten garaietan onarturiko legedi eta jarrera judizialen bitartez. Eta guk aski dela esaten diegu. Ezin dela gehiago luzatu.

Hainbat sektore politiko eta mediatikotatik, honelako zerbait entzuten ari gara behin eta berriz: «Lehen 700 preso zeuden, eta orain 120 besterik ez». Datu horrek, bestelako azalpenik gabe, gaizki-ulertuetara eraman dezake, egia baita horrenbeste preso egon zirela eta esaten direnak baino are gehiago ere bai, baina egia da, halaber, atera diren gehien-gehienak auzitegiek ezarritako kondena osorik beteta atera direla.

Gaur egun, Euskal Herriko eta Frantziako lurralde administratiboko kartzeletan gelditzen diren 120 preso inguru horietatik gehien-gehienak ari zitezkeen kondenak erregimen irekian betetzen, dagoeneko bete duten kondena denbora bat baitator erregimen hori aplikatzeko legeetan zehaztutakoarekin; baina, zoritxarrez, ez da horrela. Haietako asko espetxeko bigarren graduan daude, beste batzuek 100.2 artikulua aplikatuta dute, baina haietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate askatasunaz gabetuta, ez baitiete oraindik aplikatu dagokien eskubide bat: espetxe baimenak, irteera programatuak edo hirugarren gradurako progresioa.

Eta egoera hori gorabehera, baikorrak izan nahi dugu, eta aitortu nahi dugu azken hiru urteetan nabarmen aurreratu dugula. Amaiera eman genion urruntze politikari, zigorrak osorik lehen graduan betetzeari, bakartze ziegei... baina orain espetxe politika arrunta eskatzea dagokigu, eta ziegetako ateak irekitzen joatea, haien bizitza berriz askatasunean hasi ahal izateko.

Gauzak horrela, adinekoak eta gazteak, gizonak eta emakumeak, atxikipen ideologiko desberdinak alde batera utzita, demokratikoki erantzutera deituta gaude Bilboko kaleetan, urtarrilaren 10ean, larunbatean. Guztioi dagokigun egitekoa da; izan ere, joan zen urriaren 18an Bilbon esan genuen bezala, «guztion ahalegin partekatuak bakarrik lagunduko digu giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza lortzen»; horretaz ari baikara, giza eskubideez, eta hau da borondateak batzeko balio behar duen aterkia.

SARE herritar sareko kideek zeregin horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure gizartearen etorkizuna ezin baitaiteke soilik izan indarkeriarik eza, baizik eta enpatiaren, justiziaren eta elkartasunaren presentzia aktiboa.

Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute: Bego Atxa, Mikel Mundiñano, Beñat Uribe-Etxeberria, Ion Marauri, Irkus Badillo, Xabier Bidaurre, Eñaut Landa eta Nahikari Iturbe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.