Irailaren 29an berriz ere atera ginen Fortunato Agirre Lukinen memoria, figura eta legatua gogoratzera eta omentzera, Lizarrako alkate izandako alderdikidea egun horretan erail baitzuten 1936. urtean. Urtero bezala, beraz, haren senideekin eta Lizarrako eta Nafarroako alderdikideekin izan ginen eta gure artean izan genuen Ion Gambra Euzkadi Buru Batzarrean memoria gaietarako burukide arduraduna. Urtero da egun gogoangarria, baina aurtengoa are bereziagoa izan da, gertaera haren 90. urteurrena bete delarik.
Antifaxismoa modako hitz bihurtu zaigula ematen duen garai bitxi honetan, efemeride honek are garrantzi handiagoa hartzen du, Euzko Alderdi Jeltzaleko emakume eta gizonok Nafar lur honetan aldarrikatu dezagun beti izan garena, gaur egun izaten jarraitzen duguna.
Munduko inguru guztietan, dela Europan, Estatuan eta Nafarroan ere gainean dugun olatu atzerakoi, faxista eta populistaren aurrean, EAJ-PNVren eredua da duela 90 urte faxismoak erail zuen Fortunato Agirre Lukin bezalako gizon eta emakumeena. Bera dugu eredu, gizaseme garbi, zintzo eta abertzalea izan zelako, Lizarrarekin konpromiso sendo eta erabatekoa hartu zuelako, balio jakin batzuk defendatzeaz gain, gizartea eta politika justizia sozialean, demokrazian eta giza eskubideen defentsan oinarrituta ulertzeko modua aldarrikatu zuelako.
Elkarrizketan, elkar ulertzean eta ezberdinen artean akordioak eraikitzeko gaitasunean sustraitutako politika dakarkigu gogora Fortunato Agirrek. Horren adibide gisa, aho batez izendatu zuten alkate, askotariko sentsibilitate politikotako ordezkarien babesarekin. Bere ibilbide osoa Lizarraren aurrerabide sozial eta kulturalarekin lotuta dagoela esan dezakegu, gainera. Lana, gizalegea, garbitasuna, konpromisoa eta elkarrizketa ere badira gaur egun aldarrikatzen dugun legatuaren elementuak, 90 urte igaro diren arren indarrean jarraitzen dutelako.
Horregatik dira garrantzitsuak irailaren 29koa eta antzekoak. Eta ez dira garrantzitsuak gertakari historiko hutsak gogoratzeko, baizik eta intolerantziaren biktima izan ziren haien memoria bizirik gordetzeko eta defendatu zituzten balioak aldarrikatzeko.Â
Eta, Fortunatok bezala, asko eta asko izan ziren gure historia luzean, mende luze honetan, faxismoari aurre egiteagatik eta balio abertzale eta demokratikoak defendatzeagatik espetxea, jazarpena eta errepresioa sufritu zuten emakume eta gizonak. Eurak ditugu gidari eta eredu gure eguneroko lan politikoan.
Horregatik dira garrantzitsuak irailaren 29koa eta antzekoak. Eta ez dira garrantzitsuak gertakari historiko hutsak gogoratzeko, baizik eta intolerantziaren biktima izan ziren haien memoria bizirik gordetzeko eta defendatu zituzten balioak aldarrikatzeko. Fortunato Agirre, Manuel Irujo eta EAJ-PNVko emakume eta gizon haiek guztiak antifaxistak izan zirelako. Faxismoaren antitesia izan zirelako. Indarkeriaren antitesia. Autoritarismoaren antitesia. Abertzaleak ziren, hori bai, baina gauza guztien gainetik, benetako humanistak eta demokratak. Uste osoarekin eta irmotasun osoz defendatu zituzten euren sinesmenak, baina argi eta garbi izanik pertsonen duintasuna, demokrazia eta giza eskubideak ezin zirela —ezin direla— inongo helburu politikoren mende jarri; helburu on batek ez baititu sekula baliabide okerrak justifikatzen.
Eurak ditugu eredu. Eredu jeltzalea. Erabat antifaxista eta demokratikoa eta humanista den eredua. Eta horretan, askatasunaren, elkarrizketaren, demokraziaren eta giza eskubideen defentsan, guk ez dugu inoren leziorik behar. Horregatik, EAJ-PNVko kideok, 90 urte geroago, harrotasun osoz aldarrikatzen dugu eredu horri eusten diogula. Katea ez da eten.