Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez

Julia Monge, Eduardo Gonzalez eta Mikel Arregi
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Frankismoaren zigorgabetasunak hainbeste urte iraun badu, frankistek, frankismoa bera iraunaraztean beren burua babesteko biderik egokiena ikusirik, izua, ordainsaria eta harremanak iaiotasunez erabiltzea jakin dutelako izan da. Diktaduraren urteetan aginpide politikoa edukitzeak eman zizkien aukera eta baliabideak harreman bilbe trinko eta iraunkor bat ehuntzeko Elizaren, Enpresaburuen eta Estatuaren egitura guztietan, gaur egun arte era eraginkorrean ibiltzeko gai izan dena. Harreman sare horrek eman die lana, agintea eta babesa azkeneko 36 urteetan. Frankistek beraiek ireki zieten bidea beren ondorengoei. Sariek eta mesedeek eskerdunak sortu zituzten, harremanak ondo koipeztera lagunduz. Izuak bilbe hau osotu zuen hainbat lekuko eta biktima gertatu zena ukatzeraino behartuz.

1977ko hauteskundeetatik gaur arteko 36 urte hauetan, banaka batzuek baino ez dute lortu frankismoak beren senideei lapurtutako duintasunaren pixka bat berreskuratzea. Frankistek ehundutako bilbearen aurrean, egia, justizia eta ordaina lortzeko ahalegin guztiek huts egin dute. Azkeneko hiru urteetan, espainiar gobernua behin eta berriz saiatu da ixten argentinar justiziak, frankismoren krimenak epaitzeko bere gaitasuna onartuz, zigorgabetasunaren hormatzarrean ireki zuen arrakala. Maria Servini de Cubria, Buenos Airesko epailearen aurrean, bideo konferentziaz, Madrilgo argentinar Kontsuletxean egiteko ziren lehenengo hiru kereilatzaileen adierazpenen etetea azken adibidea baino ez da izan. Oraingoz. Beste oztopo batzuk etorriko dira, baina erabakitasunaz egingo diegu aurre. Bideo konferentzien etetearen ostean, andaluziar irrati eta telebistaren La Memoria irratsaioan epaileak esandakoak gure erabakitasuna sendotzen du.

Izan ere, Buenos Airesko Kriminal eta Zentzagarri Nazio Epaitegi Federal 1.aren buruak frankismoaren biktima diren guztiei beren bulegoko atea irekia duela eta urte batean lehenengo bederatzi salatuak inputatuak izango direla uste ona duela esan duen era berean guk, frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformaren kideek, kereilaren bidea garbitzen jarraituko dugula berresten dugu. Gaur arte, Euskal Herriko biztanlegoaren herena baino gehiago ordezkatzen duten erakundeen kereilaren aldeko atxikimendua, azkenekoa, Autobus de la Memoria izeneko plataformak lortua Iruñeko Udalarena, epaileari bidali dizkiogu. Euskal erakunde guztiena, hau da, udal batzar guztienak, batzar nagusienak eta legebiltzarrarenak lortze aldera lanean jarraituko dugu. Bide beretik, gure herrialdeko mota guztietako elkarteenak lortzeko jardunean izango gara.

Frankismoaren zigorgabetasunari bidea ixten jarraitzeko gure asmoa nabarmentzeko unea iritsi delakoan gaude. Horregatik, Frankoren armadak Bilbo bortizki hartu zuen 76. urteurrenaren egunetan, hain zuzen, ekainaren 15ean, larunbatean, arratsaldeko seietan, Plaza Eliptikotik irtengo den manifestazioan parte hartzera deitzen dizuegu. Uste osoa dugu Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez diogula erakusteko beste urrats bat izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.