Global Sumud ontzidia humanitarioarekin batera, 2026ko Bake eta elkarbizitzarako Gernika saria jaso dute Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak, «elkarrizketa, memoria eta gatazken konponbide baketsua sustatzeagatik».
Harridura baino ezin du sortu Aliyevi halako sari bat emateak. Izan ere, Artsaj edo Nagorno-Karabakh bezala ezagutua den lurraldea bere populazioa indarkeriaz hustu ostean lortu baitu sari hau. Aliyevek berak bere poztasuna islatu du sare sozialetan. Bakea lortzeko eta Azerbaijan eta Armeniaren arteko elkarrizketa bultzatzeko berak egindako ahaleginak aitortzeagatik eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Gernikako bonbardaketaren biktimen memoria ohoratu du, baita populazio zibilaren kontra egindako edozein krimen gizateria eta zibilizazioaren kontra eginikoa dela adierazi ere.
Artsajen gatazka luzea eta konplexua da, baina hango egoera jarraitu duen edonork badaki zein izan den azken 30 urtez Aliyev dinastiak zuzendutako Azerbaijango Estatuaren jarrera. 1923an Sobietar Batasunaren agintariek Artsaj Azerbaijango errepublikan txertatu zuten, nahiz eta historikoki armeniarra izan eta bere populazioa nagusiki armeniarra izan. 1988an Nagorno Karabakhen oblast-aren Kontseilua Armeniako Errepublikarekin batzearen alde adierazi zen eta, 1991n, behin SESB deseginda, Artsajeko populazioak erreferendumen bitartez bere independentzia aldarrikatu zuen gehiengo osoz.
Hamarkadetan zehar indarrean mantendutako gatazka azaleratu zen eta lau urtez luzatu zen gerra irekia: alde batean Azerbaijan eta beste aldean Artsaj Armeniako Estatuaren sostenguarekin. Izan ere, Artsajeko biztanle gehienak armeniarrak ziren (datu moduan, Pashinian kenduta, Armeniako aurreko lehen ministro guztiak Artsajen jaioak izan ziren). Armeniarrek irabazi zuten gerra horrek 26 urteko fase ezegonkorra ireki zuen, Azerbaijanek errebantxa hartzeko balio zuena. Armeniako defentsa baliabideak zaharkituta mantentzen ziren bitartean, Bakuk handitu eta modernizatu zituen bere indar armatuak, petrolio eta gasaren esportazioen diru-sarrera altuei esker. 2020an Azerbaijango indar armatuek gerra piztu zuten, Turkiako ezinbesteko laguntzarekin, baita Siriatik bidalitako mertzenario jihadistekin ere. Potentzia handiko ofentsiba azkarrarekin lortu zuten eremuaren kontrola eta, urte gutxitan, bertan bizi ziren 150.000 bat armeniarrak kanporatzea lortu dute. Azerbaijango militarren doilorkeria historikoaz jakitun (azken gerran egileek beraiek beren krimenak sare sozialetan zabalduta) beren etxeak atzean utzita Armeniara ihes egin zuten Artsajeko biztanleek, bizitza salbatzeko. Handik aurrera han bizi zen herriaren aztarna guztiak suntsitzeko operazioari ekin zioten okupatzaileek, bereziki armeniar kultura islatzen duten elementu arkeologikoak jomugan egonik.
Harridura baino ezin du sortu Aliyevi halako sari bat emateak. Izan ere, Artsaj edo Nagorno-Karabakh bezala ezagutua den lurraldea bere populazioa indarkeriaz hustu ostean lortu baitu sari hau
Nagusiki milizianoz osatutako Artsajeko azpiegitura militar ahulek Azerbaijanen gerra-makinari aurre egin ezin izateak eta Armeniako gobernuak gatazkan era zuzenean ez sartzeko egindako hautuak errendizioa onartzea baino ez zuten utzi. Erevan eta Bakuren artean sinatutako bake akordioak ez ditu aintzat hartu Artsajeko herritarrak (gaur egun Armenian sakabanatuta dauden errefuxiatuak), eta kontrako jarrera zabala izan du Armenian bertan ere. Nazioarteko harremanei dagokienez eta, bereziki, Artsaji dagokionez, Pashinianen papera oso eztabaidagarria izan da eta bere onarpena gero eta txikiagoa da.
Azken momentuan, gainera, Trump erditik agertu zen, Azerbaijan eta Nakhichevan eremu azerbaijandarra lotuko duen garraiobidearen eraikuntzan eta kudeaketan parte hartzeko, negozioa egiteko eta zonan influentzia irabazteko asmotan. Zangezur korridorea deritzon horri Trumpek bere arrasto nartzisista jarri zion 2025ean Etxe Zurian gauzatutako elkarrizketetan: Trump Route for International Peace and Prosperity (TRIPP). Korridore horrek Armeniako eremua bitan zatituko du eta Azerbaijango asmo espantsionisten beste pausu bat baino ez da, Armeniako hego-ekialdeko bereganatzeko eta ardatz panturkista egikaritu ahal izateko, Turkiatik Turkmenistanera. Artsaj herriaren kontrako sarraskia eta kanporatzea eta Armeniako hegoaldeko berrantolaketa honek nekez ekarriko du bakea. Gehienez, hilerrien bakea, jachkar (eskuz zizelkatutako harrikatze armeniar historikoak) suntsituen bakea. Garaileek inposatutako bakea, azken finean. Inolaz ere diplomazia eta elkarrizketaren bidez eraikitako bakea. Are gutxiago, herrien borondatean oinarritutako bakea.
2026ko Gernika saria Aliyeven erregimen autoritarioaren zuriketa bat izan da, argi eta garbi. Erabaki hori hartu zutenen informazio faltagatik izan bada, gaiari buruz pixka bat informatzea eskatu beharko litzaieke. Eta nahita eginda bada, gutxi daukagu esateko.
Bakearen Nobel sariak aspaldidanik zuen galdua bere sinesgarritasuna (María Corina Machadoren izena inbasioen bultzatzailea izan zen Barack Obama edota herrien odolez erabat lohituta zegoen Henry Kissingerren zerrendara gehitu baino ez zen egin…). Gernika izena duten sari hauek sinesgarritasuna galtzeko bide bera hartzeko hautua egin dute? Egindako hautaketa bake abstraktuarekin apaintzeak ez du balio.
Aliyeven erasopean hildako, torturatutako, desagertutako eta Azerbaijanen kartzeletan preso dauzkaten armeniarrek eta, oro har, Artsajetik kanporatutako herriak ez dute merezi halako sarien berririk jasotzea.