Xabier Makazaga.

Gerra zikineko dominak?

2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, ETA (pm)ko buruzagia, 1976ko uztailaren 23an desagertu zen Iparraldean, mugatik gertu, eta haren erakundeak salatu zuen egun eta ordu inguru berean, hura desagerturiko lekutik oso gertu, BPS frankistan lan egiten zuten hiru polizia inspektore zeudela Seat 850 zuri batean.

Haietako batek, José María Escudero Tejadak, zer esan ugari eman zuen erretiroa hartu arte, Polizia Komisarioen Sindikatuko presidente zela. Hasteko, bi torturatzaile frankista oso ezagunekin izandako harreman estuarengatik, Conesa komisarioa eta Billy el Niño.

Bada, ordea, Escuderori buruz inoiz aipatu ez den datu esanguratsu bat. Pertur desagertu eta bi hilabetera, 1976ko irailaren 22an, Estatuko Buletin Ofizialak zioen Cruz al Mérito Policial delakoa jaso zuela geroago GALvarez ezizenarekin oso ezaguna egingo zen Francisco Álvarez Sánchez poliziarekin batera.

Bai, Joxe Mari Larretxea ETA (pm)ko buruzagia bahitzeko saiakera bere gain hartu zuen polizia berbera. Segundo Marey frantziar herritarra bahitzeagatik kondenatu eta berehala indultatu zuten berbera. ETAko arduradun bat zelakoan bahitu zuten Marey eta argi dago zer egin asmo zuten harekin eta Larretxearekin. Lasa eta Zabalarekin egin zuten gauza berbera. Zekiten guztia erauzi arte torturatu eta gero desagerrarazi Pertur bezala.

Gogoratu domina jasotako bi poliziek oso kargu garrantzitsuak izan zituztela GALekoek 27 lagun hil zituzten garaian, jada komisarioak zirela. Escudero borroka «antiterroristaz» arduratzen zen Brigada Central de Información delakoaren buru izan zen, eta GALvarez borroka hura koordinatzen zuen Gabinete de Información y Operaciones Especiales delakoaren buru.

Bi polizia horien gainetik zegoena, berriz, Jesús Martínez Torres zen, beste torturatzaile frankista ezagun bat. PSOEk 1982an hauteskundeak irabazi ahala, Comisario General de Información eta borroka «antiterroristaren» arduradun goren izendatu zuten, eta kargu horretan zela GALekoek egindako krimemengatik inkulpatu egin zuten gerora.

Escuderok harekin batera ere jaso zuen beste domina bat. Zehazki, Guardia Zibilaren patroia den Pilarika egunean, 1984an, emandako bat, Gorputz horren Cruz de la Orden del Mérito delakoa. Egun hartan hiru komisario eta inspektore batek jaso zuten domina hori, eta hara, inspektore bakar hori Amedo GAL oso famatua izan zen. Bai, Segundo Mareyren bahiketari buruz zekienaren zati bat esanez, Sancristobal, Barrionuevo, Vera eta konpainia kartzelara bidali zituena, PPko gobernuak indultatu zituen arte. Esanguratsua, ez?

Nabarmentzekoa da, halaber, Pilarika egun hartan domina berbera jaso zutenen artean Intxaurrondoko buru zen Galindo eta bere konfiantza osoko dozena bat guardia zibil zeudela. Tartean, bi tortura kasurengatik prozesatua zegoen Goli Domínguez Tuda. Bi kasuetan kondenatu zuten gerora, eta bietan indultatu. Intxaurrondon jarraitu zuen eta hantxe jarraitzen du.

Guardia Zibilaren arduradun nagusia zen Sáenz de Santa María jeneralari galdegin ziotenean nolatan jartzen zizkieten dominak torturengatik prozesaturiko agenteei, aldrebes asko erantzun zuen: «1984ko otsailean egin zen guardia zibil horiei domina emateko proposamena Tolosan ETAko komando bat atxilotu zutelako».

Hobe ahorik ireki ez balu, gauza jakina baita Tolosako atxiloketa haiek Lasa eta Zabalari torturapean erauzi zizkieten informazioez baliatuz egin zirela. Bi errefuxiatuak erail eta kare bizian lurperatu aurretik erauzi ere. Eta ezaguna da, halaber, operazio hartako arduraduna nor izan zen. 1984ko Pirarika egun hartan domina jasotako beste guardia zibil bat, orduan bere lagun min Galindo bezala komandantea zen Cándido Acedo, Cassinello jeneralaren eskuin eskua.

Acedok gutxienez bi operazio esanguratsutan izan zuen ardura 1975ean. Batetik, Madril eta Bartzelonan ETAko hiru militanteren heriotza eragin zuen Mikel Lejarza Lobo-ren infiltrazioan. Bestetik, gerra zikineko atentatu batean: bere aginduetara zebiltzan mertzenario batzuei Josu Urrutikoetxea errefuxiatuaren auto azpian jartzen ari ziren bonba itsatsia lehertu zitzaien eta haietako bat hil egin zen.

Gerra zikinarengatik inoiz inkulpatu ez bazuten ere, Cándido Acedok deklaratu egin behar izan zuen behintzat GAL auziagatik Auzitegi Nazionalean. Escudero komisarioak, ezta hori ere, nahiz eta arrazoiak ez ziren faltatu ez Brigada Central de Información delakoaren buru izendatu aurretik ez ondoren.

Adibidez, kargu hori hartu eta gutxira, 1983ko martxoan, oso bilera berezi bat egin zuen Madrilen Herbert Quinde ultraeskuindarrarekin eta frantziar Jendarmeriako kargu batekin, eta bertan, «Batallon Vasco Español (BVE) delakoak egindako akatsei buruz jarduteaz gain, ETAren kontrako gerra zikina profesionalizatzearen beharra ikertu zuten». Gainera, bilera hartan «Quindek hitzeman zuen hiltzaile profesionalekin lotura erraztuko ziela».

Hala idatzi zuten Miralles eta Arqués kazetariek Amedo:el Estado contra ETA liburuan, zehaztuz Martínez Torres ere bilera hartan izan zela. Bai, Escuderorekin batera Guardia Zibilaren domina jaso zuen komisarioa, Galindo, Acedo, Amedo eta konpainiak jasotako egun berean.

Rubio eta Cerdán kazetariek berretsi egin zituzten datu horiek 1995ko abuztuaren 6an El Mundo egunkarian, esanez iturri polizialek baieztatu egin zizkietela datuok eta gaineratuz «bilera hartan kontu garbiketa dinamika bat martxan jartzeaz hitz egin zutela, ETA haren arma berberekin borrokatuz».

Nabari denez, arrazoiak soberan zeuden Escudero komisarioa gerra zikinarekin estu lotuta egon zela susmatzeko eta Perturren desagerketari buruz galdekatzeko, baina duela gutxi amaitutzat eman zuten horren inguruko ikerketa hasieran eman dudan Seat 850 zuri horren datua aipatu ere egin gabe. Zergatik? Nahiago dut erantzuna niretzat gorde. Badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.