Tasio Erkizia.
Ezker Abertzaleko militantea

Gora Ernai, gazteria aurrera

2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken boladan oso kezkaturik dabiltza Ernai gazte mugimendua erakusten ari den muskulu politikoarekin, eta Espainiako Konstituzioaren egunaren karietara erakutsi duen aktibismoaren ondoren, izugarrizko kanpaina antolatu du Vocento-EAJ-ETB hirukoteak. Sinbolo faxista batzuk desagerrarazteari, hiru Espainiako bandera kentzeari eta pintada batzuk egiteari garrantzi izugarria eman diote, biolentzia bortitza erabili izan balute bezala tratatuz.

Ados egon gaitezke ala ez, batzuk beste ekintza batzuk baino sortzaileagoak izan daitezke, eta noski, kritikatzea ere zilegi da. Baina bere tamainan eta daukan garrantzia neurtuz. Ezin daitekeena da gertaera horiek helburu politiko jakin batzuen mesedetan manipulatu eta desitxuratzea. Eta hori da hirukote horrek egin duena: neurriz kanpoko garrantzia eman izugarrizko kalteak eragin balitu bezala, eta, gainera, ekimen horien helburu eta zentzu ideologikoa ezkutatu. Eta okerrago oraindik: zerikusirik ez duen EH Bilduri modu zikinean leporatu, eta horrela interes elektoral alderdikoiagatik gizartean eztabaida antzuak sortu.

Manipulazio larriena, dudarik gabe, ekintza horien zergatiak ezkutatzea eta EH Bilduri leporatuz desitxuratzea izan da. Noiz esan du El Correo-k, El Diario Vasco-k edo ETBk zein testuingurutan eta zein helburu zehatzekin egin dituzten ekintza horiek? Zenbatetan aipatu dituzte ekintza horien larritasuna, aipatu gabe ekimen horien helburua Euskal Herriaren ukapena salatu eta independentzia aldarrikapena eztabaida publikoan kokatzea zela? Herri gisara gure izaera ukatzen digun Konstituzioak ez zuen gehiengorik izan Euskal Herrian, baina inposatu egiten digute. Zergatik jotzen du Pradales jaunak hain larritzat hori kritikatzeko ekintza sinboliko batzuk egitea? Parlamentuan, duela hilabete bat, «laino ilunak eta garai beltzak» aurreikusten zituela esan ondoren, abertzale den gazte mugimendu batek horrelakoak egitea hain larria al da? CAF enpresa Palestinaren genozidioan konplize izatea ez da biolentzia, baina piperpoto bat kentzea bai?

Askotan esaten da politikan ez duela denak balio, baina badirudi EAJrentzat, azken bolada luzean, edozer gauzak balio duela dituen arazo elektoralak bideratzeko. Pradales buru-belarri jarri da Espainiako politikagintza eredua kopiatzen: han Pedro Sanchezen aurka Voxek zein PPk egunero eta etengabe diharduten bezala, Euskal Herrian, EH Bilduren kontra denak balio du, horretarako eskuin muturraren joera askorekin lerrotu arren. Eta horrela, Espainiako Estatuan eskuin muturrak etxebizitzaren gaiari buruz daraman politika berdina du, etxebizitza espekulaziorako erabiliaz herritarren egonezina larriagotuz. Edo osasungintza pribatizatzen jarraitzen dute eskumaren filosofiari jarraiki, eta zaintza indibiduala zein kolektiboa, maizegi, negozio pribatuak sendotzeko erabiliaz. Zentzu berean, eskuin muturrarentzat hain garrantzitsua den herritarren segurtasunik ezaren sentsazioa lehen lerroan jarri eta Poliziaren funtzioa lehenesteko saiakera berezia nabaritzen zaie. Zer espero dezakegu unibertsitateko irakasle gehienek baino soldata hobeagoak dituzten poliziak sendotzen ari den administrazio batetik? Horrelako joerentzat gazteria beti da arriskutsua.

Ernai mugimenduaren aurkako kriminalizazio saiakerak ez dira batere berriak. Duela urte batzuk, Ertzaintzak, Barne kontseilari zen Erkorekaren laguntza zuzenarekin, kanpaina bat bideratu zuen, Ernai mugimenduari gorroto delitua leporatu nahirik. Eta, hain zuzen ere, akusazio horren harira han eta hemen, EAEn zehar ehunka isun jarri zitzaizkien beste hainbeste gazteri, akusazio larriak leporatuz. Hain izan zen itxuragabekeria, epaileak beraiek ere atzera jo behar izan baitzuten, isun asko bertan behera utziz eta beste batzuk nabarmenki gutxituz. Nor ari da herri honetan gorrotoa pizten eta hedatzen? Gazteria ala boto gosez edozer egiteko prest dauden alderdi sistemazaleak?

Nik konfiantza osoa daukat Ernai gazte mugimenduarengan. Ezaguna da askapen mugimendu honen pentsaera, eta EAJren zuzendaritzak jakin badaki ez dagoela inolako tentaziorik aurreko garaietako estrategiara itzultzeko. Zeri diote beldur, orduan? Burujabetza ekonomikoa zein politikoa erdiesteko erakusten ari den determinazioari eta indarrari? Edo, agian, Ezker Abertzaleak borroka molde desberdinak uztartzeko hartuta daukan erabakiari? Euskal Herri zapaldu eta ukatu batean askatasun nazional eta sozialaren alde borrokatzea ez da delitua, beharrizana baizik. Utz ezazue gazteria bakean, beraiek gabe gizarte zaharkitua gelditzen zaigu eta. Euskal Herriak behar ditu, behar ditugu. Gure aliatu handienak dira, eta utzi behar diegu beraien bidea egin dezaten.

Lehen eta orain gazteria da gizarteko piperra eta gatza. Guztiok dugu gure erantzukizuna, baina gazteria da etorkizunaren bermea. Gazteriaren kemena eta indarra da herri libre bat amesten dugun abertzale eta sozialista guztien esperantza. Zuek zarete etorkizuna eraikitzeko arduradun nagusiak. Horregatik, jarraitzera animatzen zaituztegu. 60ko hamarkadan txoroak ginen independentziaren bidea hartu genuenok, edo komunistak eta espainolistak ginen klase borroka eta herriaren burujabetza uztartzen saiatzen ginenok; ondoren, demokrazia onartzen ez dugun biolentotzat hartu gaituzte. Orain ere, arrazoi bat edo bestea erabiliz kriminalizatzen saiatuko dira. Lehen gu izan ginen bezala, zuen aurka ere oldartuko zaizkizue, ez baitigute barkatuko sistema eraldatzeko egindako ahalegina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.