Azaroaren 11ko greba orokorra arrakastatsua izan da, bai mobilizazioan parte hartu duten pertsonen eta eragileen aniztasun eta kopuru handiagatik, bai agenda politikoan eta sozialean lehen lerrora ekarri dituen eztabaida eta aldarrikapenengatik. Noski, greba politikoa izan da, greba guztiak bezala, baina gainera lan eta bizitza baldintzen inguruko borrokak txirikordatzeko aukera eman du. Olatukoop sareko langile, kooperatiba eta eragileok ere parte hartu dugu mobilizazioan, gure komunitatea osatzen dugunon defentsan eta bizitza bizigarriak eraikitzeko konpromisoari eutsiz.
Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarea langile burujabeen sarea ere bada, lanaren jabetza gure egin eta autoeraketaren bitartez proiektu eraldatzaileak egiteko gai garen langileen sarea, bizitzarako baliabide materialak lortzeko antolatzen den langileen eta proiektuen sarea. Izaera horretatik abiatuta, greba orokor baterako deialdia egiten den bakoitzean, langile guztioi bezala, guri ere erantzun beharreko galdera bat planteatzen zaigu: greba orokorrarekin bat egin ala merkatuaren logikaren gurpilean jarraitu, interes ekonomiko partikularren mesedetan.
Kapitalaren eta lanaren —hau da, bizitzaren— arteko gatazkan, greba orokorrak tresna indartsuak dira kooperatibok eta langileok gure bizi-baldintza materialak hobetzeko. Hala ulertu behar ditugu, hartxintxar plazetan eta fabriketako langileen artean tresna horiek martxan jarri zirenetik. Izan ere, bien arteko harremanak gorabehera ugari izan ditu historian zehar, baina bien izaera eraldatzailea eta langileon antolakuntzarako duten ahalmena funtsezkoak izaten jarraitzen dute.
Elkartasunaren esparruan bilatu behar ditugu ebakiguneak, eta bertan islatu behar dira grebarekin bat egiten ez duten kooperatibisten bete gabeko konpromisoak. Izan ere, elkartasuna ezin da kooperatibaren barruko harremanetara mugatu. Greba orokor bat antolatzen bada, jendartea zerbait eskatzen ari delako da. Kooperatibistok ezin diogu bizkarra eman elkartasun-eskaera horri, are gutxiago eskaera hori bizitza duina izateko ezinbesteko baliabideak bermatzearekin lotuta dagoenean, etxebizitzaren krisiak agerian utzi duen bezala.
Beraz, bai: kooperatibistok eta langile burujabeok greban parte hartu behar dugu. Baina nola? Kooperatiba eta proiektu bakoitzaren autonomiak erabakiak hartzeko guneak sakabanatzen ditu, eta, kasu askotan, erreferentzia eta irizpide partekatuak falta zaizkigu.
Uste dugu hurrengo deialdiei begira marko argiago bat osatu behar dugula, bereziki, mobilizazioaren aurrean zalantzak edo dilemak izan ditzaketen proiektu eta langileei erabakiak hartzen lagunduko diena
Horregatik, greba orokorren ziklo desberdinetan, Olatukoop saretik hainbat irizpide eta orientabide proposatu izan ditugu. Hala ere, uste dugu hurrengo deialdiei begira marko argiago bat osatu behar dugula: gure sarerako baliagarria izango dena, baina, bereziki, mobilizazioaren aurrean zalantzak edo dilemak izan ditzaketen proiektu eta langileei erabakiak hartzen lagunduko diena. Greba orokorraren aldeko ekimena sustatzeko, orain arte hainbat norabidetan egin dugu lan: diskurtso propioa eraikitzen eta greba orokorraren aldeko pedagogia egiten; sare gisa gure atxikimendua adierazten eta langileak mobilizazioetan parte hartzera deitzen; kooperatiben ekoizpen-bitartekoak grebaren zerbitzura jartzen eta gure funtsen bidez ekarpen ekonomikoak egiten, greba eragin duten egoerei aurre egiteko lanean ari diren proiektuei babesa emateko. Horrez gain, sindikatuekin elkarlana indartzen eta kooperatiben autonomia aintzat hartuta erabaki kolektiboak hartzen saiatu gara. Azkenik, greban parte hartzeagatik langileak ekonomikoki edo materialki kaltetu beharrean, parte-hartzea ahalbidetuko duten erabakiak eta ardurak kolektiboki hartzearen alde egin dugu.
Lanaren balioa debaluatzea helburu duen eta bizitzarako beharrezkoak diren baliabide materialen prekarizazioa ondorio duen sistema honetan, etxebizitza eskuratzeko arazoa agenda politikoaren erdigunera iritsi da, kapitalismoaren krisiaren sintoma agerikoenetako bat bezala. Historikoki, kooperatibismoa langileen tresna izan da krisi horiei kolektiboki erantzuteko. Horregatik, datozen urteetan ere funtsezko rola jokatzeko erronka eta ardura izango ditugu. Etxebizitzaren auzia garrantzi handiegikoa da ardura osoa jabetza pribatuan oinarritutako estatu neoliberalaren esku uzteko. Aitzitik, antolaketa herrigileak eta jabetza komunitarioak funtsezko eginkizuna izan behar dute datozen urteetan, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta bizitzeko beste eredu batzuk eraikitzeko.
Gure bizilekuetan hedatzen dabilen kooperatibismo eraldatzailea prest dago hainbat beharrei erantzuteko, bai oinarri ideologiko berrituekin, bai tresna eta proposamen berriekin. Oinarri horietan, lan burujabetza, Ekonomia Sozial Eraldatzailea, pertsona eta lurralde guztiak aintzat hartuko dituen ekologismoa, feminismoa eta antiarrazismoa izango dira ardatz, inor atzean utzi gabe. Tresna berriei dagokienez, komunitateek eta herriek sustatutako herri-kooperatibak, funts kolektiboak eta jabetza komunitarioko ereduak garatzea izango dugu erronka, gure beharrak modu kolektiboan asetzeko eta baliabideen kontrola komunitateen esku jartzeko.
Txiki egiten gaituen egoera prekarizatzaile orokor honetan, baditugu tresna kolektiboak, antolatzeko gaitasuna eta aurrera egiteko galdera berriak. Zein izan behar du lanaren zentzuak, komunitatearen beharrei kolektiboki erantzuteko? Zer motatako proiektu eta tresna kooperatiboak sustatuko ditugu? Nola antolatuko gara langile guztiak, baita greba egiteko edo kooperatiba bat sortzeko eskubiderik edo aukerarik ez dutenak ere? Nolakoa izango da bideari eutsiko dion subjektu eraldatzailea? Zer egingo dugu hurrengo greba orokorra sustatzeko?
Elkarlana saretu beharko dugu langileen, lurraldeen eta eragile eraldatzaileen artean, elkarrekin eguneroko bizitza denontzat bizigarriagoa izan dadin.