Gure aitaren heriotzari idatzia: «Adineko gizon batek bere buruaz beste egin du El Vergel egoitzan, eutanasia eskatu eta ezezkoa jaso ondoren».
Luis Belzunce Martínez hil da. Heriotza-agiriak esango du 2026ko irailaren 23an hil zela, baina egiazki 21ean hil zen, bakarrik eta ezkutuan, kriminal bat balitz bezala. Egun hartatik aurrerakoa pertsona batzuen harrokeriak eta gizatasun faltak eragindako sufrimendua, akidura eta mina besterik ez da izan, bai berarentzat, bai maite genuenontzat, zeren pertsona horiek uste dute besteon gainetik daudela eta horrenbestez haiek erabaki dezaketela ea norbait sufritzen ari den ala ez, ea norbaitek benetan bizitzen jarraitu nahi duen ala ez, nahiz pertsona horrek, guztiz zentzuduna izanda eta bere senean egonda, aldez edo moldez adierazi zuen bizitzak ez ziola merezi, sufrimendu fisiko, psikologiko eta emozionala jasanezina zitzaiola, eta lehenbailehen bukatu nahi zuela. Alegia, ustez ongiaren eta gaizkiaren gainetik dauden pertsona horiek bere jendeari behar bezala agur esateko aukera ukatu diote gure aitari; heriotza duin, azkar, kontrolatu eta minik gabea ukatu diote, baita une horretan bere ondoan egongo ginenon maitasuna eta babesa sentitzea ere.
Hemendik aurrerakoa hark idatzia da. Berak eskatu zigun hil ondoren argitaratzeko. Hona hemen, oso-osorik:
«Adineko gizon batek bere buruaz beste egin du El Vergel egoitzan [Iruñea], eutanasia eskatu eta ezezkoa jaso ondoren. Maskota bat daukanari, txakur bat adibidez, mina, artrosia edo ikusmen txarra badu eta agerikoa bada oinazez dagoela eta sufritzen ari dela, aholkatzen zaio eutanasia emateko, gizatasunez eta maitasunez, bestela krudelkeria hutsa izango litzateke eta. Gure lagun leiala hiltzen dugu maite dugulako.
Juramentu hipokratikoak dio bizitzari eutsi behar zaiola, baina bizitza ez da soilik arnasa hartzea. Bizitza gure egunerokoan gutxieneko kalitatea izatea da. Uste dut mediku profesional askok oker edo gaizki ulertu dutela juramentu hori eta krudelki jokatu dutela, edo agian sinetsia dute erdijainkoak direla, erabaki baitute eutsi egin behar zaiola, nire minak jasan behar ditudala, nahiz minak ugariak izan eta nahiz sufrimendua eragiten didaten.
Juramentu hipokratikoak dio bizitzari eutsi behar zaiola, baina bizitza ez da soilik arnasa hartzea. Bizitza gure egunerokoan gutxieneko kalitatea izatea da. Uste dut mediku profesional askok oker edo gaizki ulertu dutela juramentu hori eta krudelki jokatu dutela
Adinari dagozkion minez gain –prostatak etengabe pixa egitera behartzen nau, gero eta gorrago nago, zaila egiten zait idaztea eskuak dar-dar egiten didalako, memoriak huts egiten dit, eta abar–, etengabeko buruko minak dauzkat, tentsio okularra, nekea eta lehortasuna begietan, orbain bat eskuineko begian, ikusmen lausotua elkarren gainean jarrita ikusten ditudan lerroengatik… eta horrek dakarren guztia, ia guztiz galdu baitut irakurtzeko gaitasuna. Gainera, zerbikalak hondatuak ditut, ez dut hobetzeko aukerarik, eta maiz lepokoa behar izaten dut. Hori aski ez, eta ia ez daukat bronkiorik. Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) daukat, eta haren ondorioz ezin ditut lau pauso baino gehiago eman guztiz itoa sentitu gabe. Eta, bestalde, femurraren buruak pelbisa hondatu dit eta ezin ditut pauso horiek normaltasunez ere eman.
Hidratatzaileak erruz ematen ditudan arren, azala idortua daukat denbora guztian, eta ezkatatua nago une oro. Eta, zerrendari amaiera emateko, nerbio kubitaleko lesio batek presiorik gabe utzi dit ezkerreko eskua, eta eskuinekoan hatz nagia anputatu behar izan zidaten, hatza apurtu nuelarik egoitzan ez baitzioten behar bezala kontu eman.
Sufrimendu fisikoen zerrenda ez da laburra, eta psikologikoena ez da atzean geratzen. Hori guztia kontuan izanda, ez al dut merezi duintasun handiagoa? Ez al dut merezi duin hiltzeko aukera ematea, nire jendeaz inguraturik eta lasai, neure buruaz beste egin eta zailtasun handiagoz, min handiagoz eta bakar-bakarrik hil beharrean?».