Antropologo sozial eta kulturala

Gure Esku Dago-ren 'Herritu'-k harritu nau

2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundua abiadura bizian amildegira doan honetan, Euskal Herriko kontuez aritzea txikikeria dela pentsatuko dute askok. Ez dute arrazoirik falta, baina, modu berean ere, ezin ahantzi gure erabaki garrantzitsuenak gugandik oso hurbil dauden pertsonek eta egoerek baldintzatutakoak izaten direla.

Oso kezkatuta nago munduak hartu duen norabideagatik. Soziopatak presidente bilakatuta, gerra global baten arriskua, ekosistema kinka larrian, neofaxistak nonahi... Begirada zabaletik beste lehentasun batzuk eduki beharko genituzkeela ematen du. Halere, esan bezala, gehiagotan gertuko gertaerek eragin handiagoa dute guregan urruneko indar handiek baino.

Horrelako gogoeta egiten ari nintzela, ziztada moduko bat sentitu nuen duela egun batzuk Gure Esku Dago taldeak aurkeztutako Herritik ekimenaren berri izandakoan, iraganean jorratu genituen ekimen batzuk burura ekarri baitzizkidan. Aipatutako gertuko beharrei erantzuteko hartutako erabaki eta konpromiso irmoak, alegia. Talde honen eledunek adierazi zuten moduan, Herritu herritarron aitortza moduko bat izango litzateke, kartoizko ala eskuarri digitalean, pina eta guzti. Nire ustez, Euskal Herriaren nazio aitortza eskatzen duen herri mugimendu bat izanik, atzerapauso itzela da proposamena, 2025ean horrelako ekimena bultzatzeak arlo honetan aurreko hamarkadetako lana eta aurrerapenak aintzakotzat hartzen ez dituelako. Ziztada bereziki mingarria EHNA bultzatu izanagatik ondorio penalak pairatu genituelako lagun askok. Harridura ere agerraldian Udalbiltzaren ordezkaritza zegoelako; samina, 2019ko irailaren 18an egungo Udalbiltzak EHNA berriro kudeatzen hasiko zela esan zuen eta.

Elkarte batek ENA Euskal Naziotasun Agiria sortu eta gero, Udalbiltza osatu zelarik, Bai Euskal Herriari herri mugimenduak bultzatuta, duela 24 urte EHNA sortu genuen. Sekulako arrakasta izan zuen, 200.000 herritarrek baino gehiagok eskatu genuen, 50 udalerritan onartzen zen agiria, hainbat erakunde eta komertziotan erabiltzen zen, Euskal Herrira etorri berriek ere EHNA eskura zezaten ekimena egin zen. Hau guztia Udalbiltzak babestuta, eta nazio eraikuntzaren aldeko jardun gisa. EHNA euskal nazio subjektua aktibatzeko tresna izan zen, Euskal Herrigintzan jauzi bat eginez.

Gure Esku Dagok egindako azkeneko ekimen honek badu hainbat aurrekari. Zenbait sektoretatik independentistak izeneko mugimendua apaldu eta Gure Esku Dago lehenestea erabaki zutenetik, gizarte mugimendu honek zenbait aldaketa epistemologikoren ardura izan du. Aldaketa horien kudeatzaileetako bat dela esango nuke.

Hasieran talde honek autodeterminazioa hitza baztertu zuen erabakitzeko eskubidea lelo lausoa zabaltzeko. Izan ere, talde hori bultzatu duten zenbait pertsona autodeterminazio eskubidea desakralizatzeaz ere mintzo dira. Hiru eremu administratiboen abiadura kontzeptua berea egin zuten giza kate baten bidez. Oraingoan, naziotasuna hitza ere ordezkatuko dute.

Gure Esku Dago-ren ibilbidea ezin da ulertu Ezker Abertzalearen ildo ofizialak egin duen eraldaketa estrategikoari erreparatu gabe. Jardun politiko gisa erabat zilegi dela aitortuta ere. Hori bezain zilegi da, bistan da, jarrera kritikoa hartzea eta horren berri ematea.

Aztertu beharko genuke zorrotz ea une honetan Fronte Historikoa eta Fronte Zabala gauza bera ote diren. Hausnartu ere, ea horiek ote diren estrategia bakarrak ala bestelako estrategiak ere gogoz eta indarrez garatu behar diren.

Aldarrikapenak arinduz, jende gehiagorengana iristen da ala jendearen lan grina apaltzen da? Zer da Euskal Herriko oinarri soziologiko ezkertiarra eta independentistarengan gertatzen ari dena? Zer-nolako eragina du erabaki estrategiko guztien ardura politikari profesionalen esku uzteak? Akordio proposamenak noiz bilakatzen dira akordiokeriak?

Ane Louvellik idatzi zuen: «Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak egiten, mundua alda dezakegu». Norberaren herrian eta auzoan boluntario lanean ari den herritar orok sentitu eta jakin behar du bere ekintzen xedea. Estrategiaren partaide eta egile izan behar du, lehenengo eta azken hitza berea dela aldarrikatu behar du. Soilik horrela lor daiteke sare militante ahaldundua eta eraginkorra.

Ezin bukatu artikulua Gure Esku Dago-n zein beste hainbat herri mugimendutan boluntario lanean ari diren lagunei errespetua aitortu gabe; errespetua eta esker ona, auzolanean ari garenon ekarpena ezinbestekoa baita jendarte aktibo eta demokratikoagoa eduki dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.