Helburua: petrotrafikanteen goi-bilera galaraztea!

Txetx Etcheverry
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
COP21 burutu zenetik lau hilabete ere igaro ez direlarik, nazioarteko beste goi-bilera bat izango da Frantzian. Quest Offshore elkarte amerikarrak antolatuta, hitzordu honek Pauen apirilaren 5etik 7ra bitartean petrolioko multinazional eta offshore enpresa nagusiak bilduko ditu, helburu batekin: aztertzea nola lor daitekeen «kostuen murrizketa handia iristea itsaso sakonetan diharduen industriak lehiakorra izaten jarrai dezan (...) efizientzian eskala aldaketa baten bidez, zeinak lankidetza industrial handiagoa eta teknologia berritzaileak eskatzen dituen»; horrela «sakonera handiko uretan petrolio eta gasaren erauzketa garatu» nahi dute, petrolioaren prezioa oro har gainbehera etorri delarik. MCE Deepwater Development (MCEDD) izeneko konferentzia honen bide orrian ez da hitzik aipatzen klimari buruz, ezta COP21ari edota Pariseko Akordioan finkatu ziren konpromisoez ere.

Beraz, hiru egunez Pauen elkartuko dira petrolioa eta gasa ustiatzeko miatze, zulatze eta ustiapen lanak egiten dituzten konpainia handiak (Total, Repsol, Shell, Exxon, BP, OneSubsea, ABS, Technip, Vallourec, Halliburton, etab.), COP21 gertatu izan ez balitz bezala. Badirudi bost axola zaiela enpresa hauei pasatu den abenduan munduko estatu guztiek Parisen emandako hitza, klimaren berotze prozesua +2 gradu edota +1,5 gradu azpitik mantentze aldera.

Eta, hain zuzen, korporazio hauek dira klima arazo horren arduradun nagusiak, energia fosilak erretzeak eragiten baitu munduko CO2 isurien %80tik gora, hots, berotegi efektuko gas isurien %62.

Bestalde, Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, 2100. urterako +2 graduko muga gaindituko ez bada erauzi gabe utzi behar dira, lurpean eta itsasoan, ezagutzen diren energia fosilen erreserben bi heren. Eskura ditugun energia fosil guztiak ustiatuz gero, tenperaturak 9 gradutik gora igoko dira; alarma jo zuen 2015eko apirilaren hasieran Michael Greenstone Chicagoko unibertsitateko irakasle eta Etxe Zuriko ekonomista-buru izandakoak.

Alabaina, COP21 itxi eta lau hilabete igarota, petrolio eta gas negozioko «erraldoiek» biltzeko asmoa dute Lurreko energia fosilen erreserbak, baita eskuratzeko zailenak ere, ustiatzeko teknikak areago garatzeko asmoz. Beraz, argi dago MCEDD goi-bileraren xedea Parisen munduko estatuek adierazitako konpromisoak lehertzea dela, eta han ezarritako helburuak hutsean geratzea.

Klimaren eta itsasoen hiltzaileak geldiarazi behar ditugu!

Beren eta akziodunen sakelak betetzen jarraitzeko, petrolio eta gas multinazional hauek inolako arazorik gabe zigortu nahi dute gure planeta bizitza ezinezko egingo duen klima bilakaera bat pairatzera. Nola juzkatuko genuke mundu guztitik etorritako narkotrafikante saldo batek Pauen goi-bilera egitea, prezio apaletan daudelarik ere heroina eta kokaina ekoizteko eta banatzeko lankidetza eta teknologia berriak aztertze aldera? MCEDD konferentzia antolatzea gauza berbera da. Ñabardura litzateke apirileko goi-bileraren ondorioak gizadiarentzako askoz handiagoak eta larriagoak direla.

Nazioarteko biltzar honek Euskal Herriari ere zuzenean eragiten dio, guregandik ordubetera izango baita. Gainera, hainbat petrolio-konpainiak Bizkaiko golko guztian miaketa eta ustiapena egiteko baimenak eskatu dituzte. Baionatik Bilbora, gure kostalde guztia petrolioa erauzteko zulaketen mehatxupean dago.

Hortaz, ozeanoen eta klimaren adiskideok hitzordua ezarri dugu Pauen, apirilaren 5etik 7ra bitartean; klima eta itsasoa hondatu nahi dutenen bilera hau salatu eta galarazi behar dugu. Paueko MCEDD goi-bilera eragotzi behar da; hau izango da gure ekarpena etorkizunean ere gizadiak bizitzeko aukera ukan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.