Irakaslea

Herriak bakarrik salba dezake herria

Markel Elorza
2025eko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazio Batuen Batzorde batek bi urte behar izan ditu palestinar herriak hamarkadetan salatu duena berresteko: Israelgo estatu sionista genozidioa gauzatzen ari dela. Herri presioa gero eta handiagoa da gure agintarien gainean eta nazioarteko boikotak lehen arrakalak ireki ditu propaganda sionistaren washing-ean.

Espainian, Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian milaka lagunek kaleak hartu dituzte Israelgo washing-aren aurka eta palestinarren aldeko elkartasuna adierazteko. Mobilizazioen ondoren, Israel bertan egonez gero, Espainia Eurovision lehiaketatik at geratuko direla iragarri duten herrialdeen multzoari batu zaio. Bi ondorio nagusi atera daitezke. Lehenik, herri presioak funtzionatzen duela. Herria kalean mobilizatu izan ez balitz, Espainiako presidentearen adierazpenak sekula ez lirateke gertatuko. Ez dezagun ahaztu azken bi urteetan Espainiako Gobernuak inolako trabarik gabe egin dituela armen salerosketa garrantzitsuak Israelekin. Herriaren presioak behartu du itxurazko aldaketa hau. Bigarrenik, agintariek ez dutela Palestinagatik ezer egingo: berriro kaleak eta herri antolakuntza izan dira egoera salatzeko tresna eraginkor bakarrak. Horren adibide, Global Sumud Flotilla Palestinarantz abiatu dela, gobernuek egin ez dutena eginez eta genozidioa mundu osoaren aurrean jarriz.

Baina, zein da konponbidea? Israelek argi du berea: palestinar guztiak kanporatu edo hiltzea. Gideon Polya doktoreak eta Richard Hil irakasleak argitaratu berri duten ikerketak aurreko datuak txiki utzi dituzte, eta argi utzi dute Israelek ez duela bere helburua bete arte atzera egingo. Aspaldiko bi estatuen irtenbidea gero eta ezinezkoagoa da. Eta estatu bakarrean bizikidetza ere ez da bideragarria, Israelek ez baitu dioen demokrazia osatzen. Mediterraneo Levanteko demokrazia bakarra izatearen gezurra agerian dago: Israelek ez du konstituziorik (Nakba-ren ostean geratu ziren arabiarrei eskubide osoak ukatzeko), eta lege askok palestinarrak bigarren mailako herritar bihurtzen dituzte. Apartheid sistema errealitate ukaezina da.

Gainera, Mendebaldeko demokraziek palestinarren aitortza egiten dutela diotenean, Palestinako Aginte Nazionala (PAN) baino ez dute onartzen. Horren atzean Osloko akordioen iruzurra dago: Arafat eta palestinarrak engainatu ostean, Israelek Zisjordania okupatzen jarraitzeko baimena jaso zuen. Lurraldea A, B eta C eremuetan banatu zen eta PAN Israelen menpe geratu zen, erresistentzia zapaltzeko konpromisoarekin. Trukean, Europaren eta Israelen finantzaketa jaso zuen. Erabaki horiek Mahmud Abbas herriaren babesik gabe utzi dute, eta Hamasen sostengua handitu da.

Ondorioz, herriak bakarrik salba dezake herria. Palestinarren etorkizuna haien eskuetan dago, agintariek guztiz baztertu dituztelako. Israelen bizi diren palestinarren eta Zisjordaniakoen altxamendu edo iraultza batek bakarrik eragotzi dezake garbiketa etnikoaren eta genozidioaren amaiera. Herriaren erresistentzia da giltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.