Pasa den asteazkenean etxebizitza eskubide bermatuaren aldeko aldarriekin historia egin genuen. Baina jada greba orokorra pasatuta, ez da atsedena hartzeko momentua. Izan ere, alderdi instituzionalek beren hauteskunde kanpainak aurrera eramaten dituzten bitartean, guri gizarte honen baitako beste aurpegi ilun guztiak salatzea dagokigu, eta aurpegi horietako bat da indarkeria matxistarena.
Hauteskunde hauek koiunturaren espazio handiena okupatzen badute ere, ezin gara ahaztu azaroaren 25az, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaz, hain zuzen. Alderdi ultraeskuindarrek erakutsi dute oso prest daudela emakumeon eskubideetan atzerapausoak emateko: abortatzeko eskubidearen urraketa, indarkeria matxistaren beraren ukapena, emakumeon etxekoandre izaera berrestea batetik, eta objektu sexual gisa identifikatzea bestetik...
Hauek, emakume langileon ongizatea helburu izatetik urrun, matxismoa normalizatu eta iraganean borrokaz konkistatu ziren eskubideetan atzerapauso handiak proposatzen dituzte. Faxismoak aspaldi jo zizkigun etxeko ate guztiak, eta orain, sartzen utzi ziotenek hura amaitzeko soluzio gisa aurkeztu nahi dute euren burua. Baina errealitatea bestelakoa da: datu bat ematearren, PSOEren gobernua hasi zenetik, indarkeria matxistarekin lotutako kondenak %46,3 hazi dira. Horregatik, orain ahoa feminismoz betetzen badute ere, ez dute beren gobernu aldi osoan indarkeria matxista amaitzera bidean aurrerapausorik emateko gaitasunik izan. Gainera, kaleko mobilizazioak apaldu dituzte, eta horrekin batera ideia matxista eta faxistei aurre egiteko benetako indarra.
Kaleko mobilizazioak berrindartu behar ditugu eta erasoak amaitzeko instituzioen ezintasuna nahiz borondaterik eza seinalatu, eta hauek presionatu behar ditugu
Unibertsitate zein ikastetxeetan ere errealitatea bera da: geroz eta irakasle matxista nahiz erreakzionario gehiago aurki ditzakegu urtez urte: klaseetan inpunitate osoz komentario matxistak egiten dituztenak, artikulu antiabortistak eta homofoboak publikatzen dituztenak, edota zuzenean irakasle erasotzaileak; eta horren aurrean, EHUk, NUPek eta ikastetxeetako zuzendaritzek erakutsi dute ez dutela erantzun irmorik emateko prestasunik. Hain zuzen ere, emaitza beti bera da: arazoari soluzio erreal bat emateko prestasun falta eta ikasleon mobilizazioen eta presioaren ondoriozko lorpenak.
Beraz, garbi ikusi dugu zein den ikasleon eginbeharra: kaleko mobilizazioak berrindartu behar ditugu eta erasoak amaitzeko instituzioen ezintasuna nahiz borondaterik eza seinalatu, eta hauek presionatu behar ditugu; eta hau guztia antolakuntza politiko independentea berretsiz egin behar dugu. Historiak erakutsi digu ez digula inork ogirik oparitzen, kontrara, ogi apurrekin konformatzea besterik ez zaigula geratzen sinetsarazi nahi digute.
Baina noski, hori haiek nahi dutena da, ez guk onartuko duguna. Guk hezigunez hezigune asanbladak, hausnarketak eta mobilizazioak sustatzen eta indartzen jarraituko dugu, gizarte zapaltzaile honen adar bakoitza moztu arte.
Hain zuzen, ezin dugu matxismoa normalizatzen utzi, eta horregatik bi egiteko nagusi nabarmentzen ditugu: batetik, matxismoaren espresio orori aurre egin behar diegu, haren aurka antolatuz eta borrokatuz; eta bestetik, emakume langileon problematika eta, zehazki, indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri behar dugu, ez baitugu dagoena onartuko. Izan ere, dagoena gizarte zapaltzaile eta guztiz matxista da, emakume langileok egunez egun zapaltzen, erasotzen eta gutxiesten gaituena. Horregatik, aurretik esan bezala, azaroaren 25ean heziguneak hartu eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriz beteko ditugu.

