Hezkuntza Sailaren egonezina

Belen Arrondo Ane Perez IƱaki Izagirre
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Irakaskuntza publikoan otsailean izan ziren hauteskunde sindikalen emaitzak irentsi ezinean dabil Hezkuntza Saila. Muturreko galanta jaso zuten iazko udaberrian sinatutako irakasleen lan-akordioak eta Zelaa kontseilariaren departamentuak aurrera eraman nahi dituen egitasmoek. Errealitate sinple eta nabarmen honen aurrean hausnarketa egin beharrean, ordea, Sailburuak, beste arrazoirik ezean, aipatutako emaitzak gutxiesten ahalegindu da, parte hartze txikia izan dela, berak politika egiten duela eta hauteskunde sindikal batzuk ez diotela eragingo bere jardunbideari adieraziz.

Benetan urduri eta atakatuta daudela! Berdin zaie ikustea langileen gehiengoa ez datorrela bat Hezkuntza Sailaren jokaerarekin eta ez dagoela inposiziorik onartzeko prest. Hobeto esanda, berdin zaiela adierazi nahi dute, baina ezin dute jasan, ez daude prestatuak kritikarik sinpleena aguantatzeko.

Ahaztu bazaie, gauza pare bat gogorarazi nahi diegu. Batetik, agian hobe dela uztea balizko zilegitasunaren inguruko eztabaidak, are gehiago Hezkuntza Saila egun kudeatzen dutenek Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea zutenen %18,5 baino lortu ez zutela ikusirik, edo Jaurlaritza osatzeko euren arerio politiko nagusiaren babesa behar izan dutenean, haien menpe behin eta berriro agertzen direlarik. Bestetik, marka litzateke Hezkuntza Sailak lehentasunezko egitasmoak aurrera eraman nahi izatea langileen gehiengoaren babesa izan gabe eta, zenbait kasutan, gehiengoaren aurkako jarrera dela medio. Zer esanik ez hauteskunde sindikal hauek lan-akordioaren erreferendum kutsua hartu dutenean.

Baina joan gaitezen benetako mamietara. Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzaren ildoei jarraituz, murrizketa latzak ezarri ditu irakaskuntzan, lan baldintzak arautzen dituen lan-akordio negargarria sinatu zuen ordezkaritza sindikalaren gutxiengoaren eskutik eta, ondorioz, ikastetxeetako egoera modu larrian kaskartu du, bereziki ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitateari egunerokoan kalte eginez, ordezkapenen gaiak nabarmen uzten duen moduan. Administrazioa ezkutuko lan erregulazioa gauzatzen ari da, ehunka lanpostu galdu dira ordezkoen artean, ikastetxeetan gero eta denbora gutxiago dago proiektuak garatzeko, behar duten ikasleei laguntzak eskaintzeko eta lan burokratikoaren presioa gero eta handiagoa da. Ikasle kopuruak etengabe gora egiten ari dira, baina plantillak ez du gora egiten.

Administrazioak ez zuen inolako negoziaziorik egin nahi izan ordezkaritzaren gehiengoa genuen sindikatuekin, eta emaitza hauek are handiagoa egin dute gehiengo hau. Ez dirudi zilegitasun arazorik dagoenik benetako negoziazioa eskatzerakoan. Proposamen zehatzak ere baditugu prozesu berria irekitzeko: akordio berri baterako negoziazio egutegia finkatzea, ordezkapenen araudia bertan behera uztea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. Datorren ikasturterako ikastetxeetako plantillak negoziatzea hurrengo urratsa izatea ere proposatzen dugu.

Hezkuntza Sailak hiru egitasmo nagusi zehaztu zituen, bere jardunbidearen ardatz bilakatuz: Hirueleko Hezkuntza Markoa, Eskola 2.0 eta Bakerako Hezkuntza plana. Ordura arte lehentasunezko ildoak izandakoak baztertu ditu, hala nola eskola inklusiboarena edo ikasle etorkinen integrazioarena. Nagusi bihurtu dituen hirurak, berriz, erakusleihoa apaintzeko eta propaganda partidista egiteko erabiltzen ditu. Informatika eta ingelesarekin lotutako mezu populistak zabaltzeaz gain, hauek garatzeko bide bakarrak berak zehaztutakoak direla dio eta inposizioaren bitartez egin behar badu ere hala egingo duela erakutsi du. Bakerako Hezkuntzarena erabilpen politikorako tresna dela nabarmentzen duen datu esanguratsuena ikastetxeek inolako plan edo dokumentu ofizialik jaso ez dutela da.

Honetan ere badugu proposamen zehatz bat egiteko: atera ditzala gai hauek eztabaida politikotik eta ireki dezala benetako eztabaida eragileekin, egitasmo nagusien inguruko diagnosia konpartitzeko, helburuak finkatzeko eta beharrezkoak diren lehentasun eta baliabideak zehazteko. Honekin batera, ezinbestekoa da ikastetxe eta langileei aukeraematea arlo hauetan guztietan orain artekoari buruzkohausnarketa egin eta hemendik aurrerako pausoak gauzatzen jarraitzeko.

Gogora dezatela arlo hauetan guztietan egindako lana handia dela, ez garela hutsetik abiatzen, hobetzea beti izan dela erronkaeta Euskal Eskola Publikoak lortu dituen kalitate mailak ezdirela bi egunetan egindakoak. Gogora dezatela orain ere beste noizbait esan dutena: hezkuntza sistemak profesional onak dituela eta lasaitasuna behar dutela euren lana ongi egiteko. Gogora dezatela profesional berberak direlaoraingoan botoa emanez hitz egin dutenak, egunerokoanmurrizketen eta ordezkapenen ondorioz presio itogarria jasotzen ari direnak, egitasmoak aurrera eraman behar dituztenak eta egungo agintariek Hezkuntza Saila uzten dutenean gainontzeko eragileekin batera Euskal Eskola Publikoa hobetzen jarraituko dutenak.

Errealitate honen aurrean bi aukera ditu Zelaa Kontseilariaren taldeak: beste aldera begiratzea, berean gotortzea, tematzea eta inposizioaren bidearekin jarraitzea, ariketa demokratikoen gainetik pasatuz, edo hezkuntza gaiek eskatzen duten adostasun zabaletan oinarritutako irtenbide eraginkorrak bilatzea.

Tamalez, orain arte entzun eta ikusitakoek ez dute itxaropen handirik izateko animurik ematen. Hala ere, garbi dugu bigarren aukera dela guk hautatukoa.Zuzenean hala adierazi diogusailburu andereari eta beste bide bat irekitzeko eskaera luzatu diogu. Garaiz gaudela uste dugu. Berriro ere euren teilatuan dago pilota, baina gero eta laburragoa da auzia bideratzeko gelditzenden denbora. Orain adierazten dugun negoziaziorako erabateko jarrera bezain irmoa izango da aurre egiteko kemena, hala beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.