Euskal Herriko mugimendu transfeministako militanteak

Ikasle Abertzaleak-en difamazioari zuzenketa: antifaxismo transfeminista edo patriarkala

Aner Peritz eta Mijo Lizarzaburu
2025eko abenduaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 4an Aner Peritzek eta Mijo Lizarzaburuk Ikamak euskara eta transfeminismoari buruz antolatutako mahai-inguru batean parte hartu genuen Leioako unibertsitatean. Azaroaren 28an Ikasle Abertzaleak ohiak mahai-inguru horri erantzun nahi zion testua argitaratu zuen BERRIA egunkarian, Anerri eta Mijori erantzuna izenburupean. Testu horrek guk esan ez genituen hitzak gure ahotan jartzen zituen, gure diskurtsoa desitxuratzen zuen eta gure korronte politikoa difamatzen zuen. Testu hau, hortaz, azalpen bat da, ez erantzun bat. Argi utzi nahi dugu ez diogula gaiari denbora gehiago eskainiko eta, beraz, hauek izango direla gaiaren inguruan esango ditugun azken hitzak.

Gure markoan, etsaia faxismoa da eta horren aurrean indarrak artikulatu beharra dago. Mugimendu erreakzionarioak, ostera, menderakuntza-sistemetan transformazioak gertatu direnean, zapalkuntza indartuz eta mugimendu iraultzaileen aurka eginez erantzuten dutenak dira.

Beraz, zer esan nahi dugu ezker erreakzionarioa aipatzen dugunean? Guretzat antifaxismoa bada fronte zabal bat, barne desadostasunak dituzten askotariko korrontez osatua. Funtsean, korronte horien barnean kokatzen garen antifaxistok ez gara zapalkuntza sistemetatik at bizi garen izaki puruak, eta gure borrokek ere askotan elementu erreakzionarioak erreproduzitzen dituzte. Ezkerrak arrazakeriaren edo heteropatriarkatuaren garrantzi politikoa ukatzeak mugimendu erreakzionarioak sortzen ditu, hala nola kristalezko sabaiaz soilik kezkatzen diren feminismo zuriak, euskal nazioa modu arrazistan ulertzen duten abertzaleak, zapalkuntza patriarkala biologiara erreduzitzen duten terfak, edota patriarkatua sistema gisa ukatu eta mugimendu feminista interklasismoaren aitzakiapean boikoteatzen duten marxismo antifeministak. Hori esateak, ordea, ez du faxismoaren eta antifaxismoaren arteko muga lausotzen; gure mugimenduetan zapalkuntza logikak ez erreproduzitzeko beharrezkoa den barne hausnarketa aktibatzen du.

Bide beretik, argi utzi nahi dugu guk ez dugula biolentzia antifaxista kriminalizatzen. Faxismoa ez da diskurtso bat, eta ezin zaio hitzez soilik erantzun. Faxismoa zapalduon aurkako indarkeria da, eta horren aurrean erantzun guztiak dira autodefentsa zilegia, edozein formatan. Guztiak, eta ez gizon zuri gazteak zentroan jartzen dituztenak soilik. Antifaxismoa da erresidentzietako langileen borroka, zaintza grebetako piketeak, abortu eskubidearen alde errepideak moztea, erasotzaileak jo eta botatzea. Antifaxismoa da biolentzia poliziala erregistratu eta salatzea, sinadurak biltzea estatua migratzaileak erregularizatzera derrigortzeko. Antifaxismoa da frankismoak ezabatu nahi izan zuen gure hizkuntzaren alde borrokatzea auzokideei doan euskara irakatsiz. Antifaxista da eskuadristei harriak jaurtitzea, baina borroka forma asko daude, eta denak behar ditugu. Feministak gara, baina feminismo neoliberalari erasotzen diogu; antifaxistak gara, baina ez dugu onartuko antifaxismo patriarkala ezartzerik borroka forma bakar bezala.

Bestalde, artikuluan antifaxismo instituzionala eta ez-instituzionala bereizten dira. Bi horietan alderdi instituzionalean kokatzen gaituzte gu (nahiz eta biok mugimendu autonomoan militatu), eta ezker abertzalea eskuin muturra geldituko duen erreferente nagusi gisa izendatu genuela esaten da (zehazki, EH Bildu). Argi utzi nahi dugu guk hori ez dugula sekula esan. Bide batez, mahai-inguruan ez genituen EH Bildu eta Jardun aipatu ere egin, ezta Vox eta MS zaku berean sartu ere.

Guretzat, antifaxismoa bi korrontetara murriztea erredukzionismo interesatua edo sinplekeria analitikoa da. Antifaxismoa, esan bezala, forma anitzak hartzen dituen mugimendu internazional zabala da. Fronte zabal horren barruan, uste dugu beharrezkoa eta zilegia dela agenteen arteko aliantza estrategikoak egitea. Ezker abertzalea sare horretako agente bat da, baina beste agente asko gaude hor, eta ez da zilegi mugimendu sozialistarekin lerratzen ez diren guztiak ezker abertzalera murriztea.

Faxismoa indarrean dauden menderakuntza-sistemen bidez elikatzen da: kolonialismoa, heteropatriarkatua eta kapitalismoa. Zapalkuntzak batera gorpuzten diren arren, sistema bakoitzak klase egitura ezberdinak produzitzen ditu: klase zuria eta klase arrazializatua, gizon klasea eta emakume klasea, klase burgesa eta langile klasea. Gure helburua ere bada klase elkartasuna, baina ez gizon zuriz osatutako langile klasearen eta beste klase guztien artekoa. Klase batasuna helburua da, ez premisa. Horrek esan nahi du ezin dugula suposatu munduko zapalduok automatikoki elkarrekin aliatuko garenik; horretarako baldintzak sortu behar dira. Eta hori hala izan dadin, ezkerreko mugimenduak dekolonizatu eta despatriarkalizatu behar ditugu. Hori egin ezean erreakzionarismoan eroriko gara eta faxismoak sustatzen dituen menderakuntza-sistemak berrindartzen amaituko dugu.

Seriotasunez hartu behar dugu klase izaera izango duen antifaxismo eraginkor baten eraketa, baina klase izaeraren ardatz guztietatik. Faxismoaren helburua, izatez, bada egungo estatuen erreforma autoritarioa langile klasearen eta bere adierazpen politikoen aurka eginez bultzatzea, baina ez hori bakarrik. Faxismoaren helburua da, era berean, erregimen arraziala eta kolonialismoa mantentzea klase zuriaren mesedetan, Hegoalde Globalean lehengaiak lapurtu eta bertako biztanleen lan indar semi-esklaboa bermatzeko. Faxismoaren helburua da transfeminismoa desaktibatu eta kriminalizatzea ere, emakume klaseak gizon klasearen jabetza izaten jarrai dezan.

Faxismoak aurpegi asko ditu, eta heterosexualak ez garenontzat ez da estrategikoa faxista eta antifaxista dikotomia hutsean geratzea. Batetik, subjektu antifaxista aldarrikatzen denean, gizon zuria zentroan jartzen duten borrokak gailentzen direlako, beste borrokak bigarren planora alboratu eta subjektu unibertsal hegemonikoa indartuz. Bestetik, borroka bakarraren paradigmaren ondorioz ez direlako ikusten lehen aipatutako ezkerreko mugimendu erreakzionarioak. Faxismo-antifaxismo dikotomian, esaterako, ez dago transfobia salatzeko lekurik terfek beren burua antifaxistatzat badute.

Horregatik guztiagatik diogu ultraeskuinari aurre egiteko ez dela nahikoa emakume izatea, feminista izan behar da. Ez da nahikoa transfobiaren aurka egotea, transfeminista izan behar da. Ez da nahikoa faxismoaren aurka egotea, antifaxista izan behar da erreakzionarismo forma ororen aurka. Euskal Herriko borroka antifaxistak bi aukera ditu: transfeminista izango da edo patriarkala. Guk badakigu non gauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.