Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea

Ikastetxe publikoen fusioaren inguruan

Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso eta Koldo Zabala Atxa
2026ko martxoaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikastetxe publiko batzuetan ez dago behar bezalako matrikula elkarbizitza eta ikasketa prozesu egokiak sustatzeko. Hainbatetan, inguruan biztanle asko izan arren, oso ikasle gutxi jasotzen dituzte ikastetxe horiek (hala ere, hezkuntza sailburuak aipatzen dituen 3 ikasleko gelak ez dira existitzen) eta, maiz, ikasle guztiak profil bakarrekoak izaten dira: jatorri atzerritarra dute eta egoera sozioekonomiko kaskarra. Ondorioz, familiek ez dute denborarik ezta baliabiderik ere eskolako martxan parte hartzeko, ekintzak antolatzeko... eta bertako langileen esku soilik gelditzen da ikastetxearen kudeaketa eta jarraipena. Gauzak horrela, mezu argia bezain pozoitsua jasotzen dute ikasle horiek: autoktonoek ez dute haiekin egon nahi, haiek ez dira gainerako umeak bezalakoak, euskaraz egiten diete eskolan baita tratu duina eman ere, baina bereizita daude.

Segregazio izena du horrek, eta ikastetxe horien osaera aldatzeko, esku hartze bat eskatzen du, inguruaren isla izan daitezen. Horretara omen datoz ikastetxeen fusioak, Pedrosa sailburuaren hitzetan. Ustez, bi ikastetxeetako komunitateek (ikasleek, familiek, langileek) bat egingo dute, instalazio guztiak erabiltzen jarraituko dute eta bietako ondare pedagogikoa eta historia baliatuko dute. Ondo landuta, prozesu emankorrak izan daitezke, baina praktikan Hezkuntza Sailak erabakia hartu eta ikastetxeei jakinarazi die, komunitate horietako proposamenik kontuan hartu barik, behar besteko denbora eskaini barik, eta beharrezko laguntzarik ere eman barik.

Bederatzi eskola publiko itxiko dira 18 fusio edo integrazioen ondorioz (Bilbon, Basaurin, Getxon, Leioan eta Gasteizen). Prozesuak txarto badoaz, eskola horietako ikasle multzo batek ihes egingo du sare pribatuko ikastetxeetara; berriz, prozesua ondo joanez gero ikastetxeen fusioak egoera konpondu lezake, hau da, gertuko ikastetxe publikoen arteko desoreka desagertu daiteke. Baina, ez dezagun ahaztu, fusioak ezin dira gauzatu ikastetxe pribatuekin horiek aurretik ez badira publifikatzen. Beraz, hezkuntza sareen arteko desoreka ez da ukituko, segregazioa ez da ukituko, alegia.

Izan badira beste motako ikastetxe segregatuak, non ikasle guztiak profil berekoak ere badiren: denak autoktonoak, denak erdi eta goi maila sozioekonomikokoak, denak sinesmen berekoak... ez dakite auzokide batzuk arazo larriak dituztela neguan bero egoteko edo elikadura egokia izateko. Auzo edo herri berean bizi arren, ez dute jatorri atzerritarreko umerik ezagutzen, oso bestelakotzat hartzen dituzte. Ikastetxe horiek denon artean ordaintzen ditugu, baina ez daude aniztasuna hartzeko prest, pribatuak dira, itunpekoak. Beren egoerak ez omen dio inori kezkarik sorrarazten, berez oso arriskutsua izan arren, baina haiek hustu dituzte hasieran deskribatu ditugun eskolak hezkuntza politika jakin baten ondorioz, eta finantzaketa publiko izugarriarekin: 920 milioi euro 2026-27 ikasturte honetarako (aurrekoarekiko baino %11 gehiago) eskolaratze osoa itunduta dagoela (2 urtetik 18ra). Zertarako eta eskola publikoarekin lehia egiteko.

Fusioak inposatzen ez ezik, ikastetxe publikoak ixten ere (integratzen) ari da Hezkuntza Saila. Kasu horietan, gauzak ondo nahiz txarto joan, sare publikoak eskola plazak, eraikinak, lanpostuak eta abar galduko ditu. Egia da matrikulazioak behera egin duela urteetan, baina orain arte jaitsierak ez dira betikotu; gorakadak etorri dira, eta sare pribatuko ikastetxeak erraz egokitu dira gela berriak zabaltzen, eta zikloa errepikatu da sare publikoa gero eta ahuldade handiagoan aurkitu delarik. Adibide gisa, Bilboko sare publikoan ikasleen %40 baino gutxiago dago; eskola batzuk ixtean, auzoak eskolarik gabe geratuko dira. Bitartean ikastetxe pribatuetako dozenaka autobus ibiltzen dira aurrera eta atzera egunero. Hori bikaintasuna eta integrazioa bada, ezin dugu irudikatu zer ote den gehiegikeria, alferrikako gastua eta arrazakeria sustatzea.

Hezkuntza Sailari ez diogu leporatuko gezurretan ibiltzea (nahiz eta gezur asko esaten dituen), zeren eta itunen dekretua, Hezkuntza Legea eta ondorengo agindu guztiak oso egiatiak dira: guzti-guztietan ematen zaizkio sare pribatuari abantailak matrikulazio beherakadari aurre egiteko. «Ikastetxeen jabetza publiko edo pribatua izateak ez du ondoriorik, ikastetxe pribatua diru publikoaz mantentzen den heinean, publiko bihurtzen da…» Astakeria horietan daramatzate urteak, ezin diegu aurpegiratu haien hitza ez betetzea. Esan behar diegu, hori bai, pribatuko patronalaren esanetara daudela, sare publikoa ez dutela errespetatzen, are gutxiago lehenesten, hezkuntza komunitateak legez jaso behar duen informazioa ukatzen ari dela, eta parte hartzeko eskubidea urratzen. Hitz bitan: publikoarekiko utzikeria.

Eta geure buruari esan behar diogu asko eta askotarikoak garela Euskal Eskola Publikoaren aldekoak. Matrikula garaian, elkarlanerako gaitasunaren eredu izan dira batu diren ikastetxe publikoak kanpaina komunak egiteko: Urdaibain, Gasteizen, Aiaraldean, Aiztondon, Arabako Ekialdeko Lautadan, Ordizian, Trapagaranen... eta, nola ez, aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatuko den Santurtzin. Horiek denak jorratzen ari diren bidea gure bidea da, denona den eskola publiko euskalduna aldarrikatu, defendatu eta sustatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA