26. Nafarroa Oinez pasatu berria dugu. Une egokia euskararen festa erraldoian parte hartu duten pertsona guztiak eskertzeko: festaz gozatzera etorritakoak eta festa errealitate egiteko hainbeste lan egin zuten boluntarioak. Guztiei eskerrak, bihotzez. Une egokia ere bidean gelditu eta atzera begiratzeko. Ez nostalgiaz, nondik gatozen ulertzeko baizik. Ikastolen mugimenduak sei hamarkada baino gehiago daramatza bidean. Ausardiaz ereindako hazi txiki batetik abiatuta, gaur egun 115 ikastolak osatzen dugun komunitatea gara. Baina ibilbide luze batek ez gaitu helmugara eramaten. Aitzitik, galdera berriak jartzen dizkigu aurrean: nora goaz? Zein da gure iparrorratza?
Galdera horiei erantzuteko, ezin diogu geure buruari bakarrik begiratu. Gure herriaren beharrei erreparatu behar diegu. Euskara eta kultura, herri-kohesioa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango diren pertsonak heztea dira, gure ustez, gure komunitateak dituen erronka nagusietako batzuk. Eta horietan egin nahi dugu gure ekarpena.
Ikastolak euskararen eta euskal kulturaren biziberritzearen beharrak sortu zituen. Hamarkadetan zehar, euskaraz ikasteko eta bizitzeko espazioak sortu ditugu, eta horrek hizkuntzaren transmisioan eta gizartearen euskalduntzean ekarpen handia egin du. Baina ez dugu egindako bidearekin konformatu nahi. Euskara ez dago salbu. Gure ikastoletan ere kezka dugu ikasleen hizkuntza-gaitasunaren inguruan, eta badakigu gure herrietako eta auzoetako errealitate soziolinguistikoek zuzenean eragiten digutela.
Horregatik, aurrera egin behar dugu murgiltze-eredu integralago baterantz. Euskara ez dadila soilik ikasgelako hizkuntza izan, baizik eta jolasean, patioan, kirolean, aisialdian, kultur jardueretan eta eguneroko harremanetan bizi den hizkuntza baizik. Euskara ikastea ez baita nahikoa; euskara bizitzeko aukerak sortu behar ditugu.
Ikastolen etorkizunak lankidetza gehiago eskatzen du: beste hezkuntza-komunitateekin, gizarte-eragileekin eta erakunde publikoekin. Gure autonomia eta izaera galdu gabe, elkarlanean aritzeko prest gaude
Eta hori are beharrezkoagoa da gaur egun, murgiltze-ereduak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoak eta erabakiak ugaritzen ari diren honetan. Euskaraz hezteko eskubidea ez litzateke inoiz eztabaidagai izan beharko. Ikasle guztiek, beren jatorria edo bizi diren eremu soziolinguistikoa edozein dela ere, euskara kalitatez ikasteko aukera izan behar dute. Horretan ez dugu atzera egingo.
Baina euskararen alde egitea ez da hizkuntza-politika hutsa. Herri-kohesioaren alde egitea ere bada. Gure gizartea eraldatzen ari da, eta gero eta jatorri, hizkuntza eta kultura gehiago biltzen ditu. Horren aurrean, bi bide ditugu: geure baitan gotortu edo zubiak eraiki. Ikastolek, hasieratik, bigarren bidearen alde egin dugu. Gaur ere hala egin behar dugu, gure herrira iritsi diren eta iristen ari diren herrikide berriak euskarara eta komunitatera erakarriz.
Kohesioaz ari garenean, gainera, ez diogu soilik gure herrietako errealitateari begiratzen. Euskal Herri osoaren arteko harremanak ere baditugu gogoan. Muga administratiboek ezin dituzte gure elkarlanaren mugak markatu. 115 ikastolok sare bat osatzen dugu, zazpi lurraldeetan, desberdintasunak errespetatuz eta elkartasuna indartuz. Sare horren balioa ez dago soilik kopuruan, elkarri eusteko dugun gaitasunean baizik.
Hor dago, hain zuzen ere, Ikastolen indarguneetako bat: komunitatea. Ez gara goitik behera sortutako proiektuak. Familien, irakasleen, langileen eta herritarren ekimenetik eta auzolanetik sortutakoak gara. Autonomia, parte-hartzea eta elkarlana ditugu oinarri. Eta badakigu gaur egun auzolanaren kultura ahultzen ari dela. Horregatik, gure etorkizuneko erronketako bat izango da komunitatea berriro aktibatzea, parte sentitzea eta parte hartzea lortzea.
Hezkuntzari dagokionez ere, ezin dugu bide zaharrekin nahikoa dela pentsatu. Gure hezkuntza-eredu propioaren erdigunean galdera bat dago: zer-nolako pertsonak hezi nahi ditugu? Ziurgabetasunari konfiantzaz aurre egingo diotenak; euskaraz bizi eta euskal kulturarekin konprometituko direnak; ikuspegi kritikoa eta ekimena izango dutenak; ingurunea eraldatzeko gai izango direnak; eta, batez ere, besteekin elkarlanean aritzeko gai izango direnak.
Horregatik, metodologia edo ikasmaterial bat baino gehiago da gure hezkuntza-proiektua. Pertsonak eta haien etorkizuna jartzen ditugu erdigunean. Eta etorkizun horretan teknologia eta adimen artifiziala ere badaude. Horregatik, ez dugu digitalizazioa tresnak erabiltzearekin nahasi nahi. Gaitasun digitala, autonomia eta pentsamendu kritikoa landu behar ditugu, ebidentzian oinarrituta eta pantailen erabilera neurriz eta zentzuz eginez.
Ez dugu uste bide hau bakarrik egin dezakegunik. Alderantziz. Ikastolen etorkizunak lankidetza gehiago eskatzen du: beste hezkuntza-komunitateekin, gizarte-eragileekin eta erakunde publikoekin. Gure autonomia eta izaera galdu gabe, elkarlanean aritzeko prest gaude. Hezkuntzan, euskalgintzan eta herrigintzan eragiteko dugun gaitasuna ez baita Ikastolen barneko kontua soilik; herri osoaren mesederako jarri nahi dugun tresna da.
Ez dugu hori harrotasun hutsez esaten, ezta egindako bidearen gaineko garaipen-diskurtso gisa ere. Asko daukagu egiteko. Euskararen erabileran, hizkuntza-gaitasunean, komunitatearen parte-hartzean, hezkuntzaren erronka berrietan eta herri-kohesioan baditugu oraindik etxeko lanak.
Baina badugu zerbait funtsezkoa: esperientzia, konfiantza, konpromisoa eta elkarrekin egiteko gogoa.
Horregatik, ez dezagun bidea amaitutzat eman. Gaurdanik marrazten baita geroa. Eta etorkizuna ez da berez etorriko: elkarrekin eraiki beharko dugu, euskaraz, elkarlanean eta herri honen beharrei begira.
Bidean, bat gara.