Ikus-entzunezko ondarea: artea, nortasuna eta historia

Joxean Fernandez
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
UNESCOk 2005ean onartu zuen Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna, nortasun nazional ezberdinen tresna integratzaile gisa ikus-entzunezko dokumentuen garrantzia aldarrikatzeko eta horien kontserbazioaren inguruan premiazko neurriak hartzeko. Geroztik, urriaren 27an, eta oroitzapen gisa, filmen edo ikus-entzunezkoen artxibategiok ditugun helburuen garrantzia errebindikatzea derrigorrezkoa da: ikerketa, berreskuratzea, artxiboa, kontserbazioa, zaharberritzea eta erakustaldia. Ondare zinematografikoaren euskarri ezberdinek berezkoak dituzten ahultasunak eta iraungitzeak historikoki izan dira kezka iturri horiek gordetzen ditugunontzat, eta aro digitalean kezka hori ez da gutxitu. Hori gutxi balitz, gaur egungo krisiak beste kezka iturri bat gehitu du erakunde publikoek kultura arlora bideratzen dituzten baliabideen urritasunagatik.

1978 inguru hartan Euskadiko Filmategia izan zen filmategi autonomikoak deitzen direnetatik sortzen lehendabizikoa, eta eskertzekoa da garai liskartsu haietan lehen pauso horiek ematen hasi zirenen adorea eta ahalegina. Hala ere, urteetan izan den baliabideen eskasiak eta gure zinematografiaren mailan dagoen egoitza duin bat lortzearen ezintasunak zenbait gabezia sorrarazi ditu; horien artean garrantzitsuenetakoa, programazio iraunkor bat ez izatea. Kultura garaikidearen gune garrantzitsua izango den eta ikus-entzunezkoen arloan ardatzetako bat izango duen (bai sorkuntza aldetik, baita erakustaldi eta kontserbazio arlotik ere) Tabakalera gunera Euskadiko Filmategiaren egoitza berria eramateak 2015ean gure gaitzetako batzuk sendatuko ditu: artxiboen batasuna eskainiko digu, gure sail ezberdinetako egoitza hobeak izango ditugu eta filmen proiekzio areto bat izango dugu, behingoz, astero programatu ahal izateko.

Une hori iritsi arte, Euskal Herrian eta nazioartean gero eta garrantzitsuago den erakunde bihurtu behar dugu Filmategia, gure tamaina oso txikia delako oraindik gure inguruko beste filmategiekin alderatuta: Kataluniakoak, esaterako, inauguratu berria duen egoitzarekin ia hamar bidez biderkatzen du gure aurrekontua. Azken hamarraldietako gure zinemagileen talentuak, haien lanen balio artistikoak eta horrek guztiak gure nortasunerako eta historiarako duen garrantziak konpromiso gehiago eskatzen dituzte.

1998an Peio Aldazabalek (Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako batek eta garai hartako presidenteak) erakunde honen bokazio publikoa aldarrikatzen zuen, eta Estatuan gurearen ondoren sortutako beste filmotekek gureak baino baliabide gehiago zituztela nabarmentzen zuen. Ia hamabost urte igaro dira geroztik, eta oraindik filmoteka xumeenen artean egoten jarraitzen dugu; beraz, garenaren eta izan beharko genukeenaren arteko aldea oraindik nabarmena da. Hala ere, hasitako bideari gogor eutsiko diogu: Filmategiak orain arte argitaratutako liburu sail garrantzitsuari azken hilabeteetan beste batzuk gehitu zaizkio, horiekin batera zinema proiekzioak antolatu ditugularik (Alex de la Iglesia, Ana Diez eta Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian). Ziklo horiek beste erakunde batzuen laguntza baliotsuarekin antolatu behar izan ditugu (AlhondigaBilbao, Donostia Kultura, Caja Vital Kutxa, Florida-Guridi Zinemak, Baionako Cinéma L'Atalante).

Tabakaleran izango dugun ontziratzeak eta aro digitalaren garapenak gabeziek jartzen dituzten mugak gainditzera bultzatu behar gaitu. Kulturan inbertitzeak ez du dirua estoldatik botatzearekin zerikusirik; kontrakoa, inbertitutakoa berreskuratuko duen (2012ko Zinemaldia, kasu) gizarte baten aldeko apustua egitea da, gizarte hori bera bidean hobetuko duen apustua, alegia. Horren inguruko kontzientzia hartzen ez duen gizartea da estoldetatik behera doana, hau da, ezjakintasunean erortzen den gizartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.