Eskola publikoko irakasle jubilatua

Imanol Pradalesi eta euskal sindikatuei

Karmele Sistiaga Lasa
2025eko maiatzaren 7a
17:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Hezkuntza publikoko irakasle jubilatu bat naiz, ikastola publikoan ibilitako seme-alaben ama, eta ikastola publikoan ditut bi biloba. Gainera, garai bateko ikastola klandestinoetan ibilitakoa naiz baita ere.

Lehendakari jauna:

Ez dut gutxietsi nahi egungo Hezkuntza kontseilaria, baina burura zuzenduko naiz.

Nazio bat garela defendatu duzue behin baino gehiagotan. Nazio baten etorkizuna bermatu eta zaindu nahi badugu, ezinbestekoa da hezkuntza publiko indartsu eta duina bultzatu eta defendatzea, eta denen altxor bat dela sinistea. Baina sinismen hori tinkotasun eta adorez defendatu beharra dago.

Urkullu jaunari entzun nion, azkenetako agerraldi batean, nola zuzendu zitzaien enpresaburuei, langile gazteen soldata eta baldintza duinak defendatzeko. Gauza bera eskatuko nizuke zuri, Pradales jauna, irakasle publikoen buru zaren aldetik.

Baina hau ez da, inolaz ere, errebindikazio nagusia.

Euskal Eskola Publikoa krisi handi batean murgilduta dago arrazoi ezberdinengatik. Horien artean nabarmenduko nuke eskolara iristen diren ikasleen arazo eta beharrei erantzuteko ezintasuna. Ez al da garaia diagnostiko zintzo eta sakon bat egiteko?

Gustatu zitzaizkidan lehendakari kargua hartu zenuenean Osakidetzari buruz esan zenituen hitzak. Baina, aldi berean, kezka handia sortu zitzaidan hezkuntza publikoaren defentsarik ez nuelako entzun egun hartan. Noizko Euskal Eskola Publikoa eraldatzeko mahaia, Osakidetza hobetzeko asmoarekin egin den moduan?

Irakurri ditut egun hauetako grebak justifikatzeko irakasleenganako eskatzen diren onurak. Horien artean, adibide bat jartzeagatik, errebisio medikoak mantentzea. 2021ean jubilatu nintzen, hezkuntza publikoan 34 urte egin ondoren. Azken errebisio medikoa 2020an egin zidaten, horretarako hamabi urtez zain egon ondoren.

Eskola berean 32 urte egin nituen. Behin eta berriro, etsi gabe, patioa estaltzea eskatu genion administrazioari, badakigu euri egunetan gelatik atera ezinik egoteak zer dakarkien ikasle eta irakasleei, baina jubilazioa iritsi zitzaidan estaldura hori ezagutu gabe. Badakit gerora egin dutela, eta bikaina, gainera.

Eskola Publikoak errekurtso gehiago behar ditu.

Eusko Jaurlaritzari eta euskal alderdi politiko batzuei hauxe eskatu nahi diet: utz ezazue, behingoz, Ikastolarekiko daukazuen konplexua, ez zaudete zorretan jada. Ikastolek 90eko hamarkadan publifikatzeko aukera izan zuten, erraztasun handiak eman zitzaizkien. Lekuko izan nintzen 1994. urtean Altzako institutuan eskola publikoaren oposizioen tribunal baten buru izan nintzenean. Egun haietan, ikastoletako irakasleek aukera izan zuten funtzionario bihurtzeko, nahiko erraz.

Horrela izan beharko zuen, eta horrela izan zen.

Nola da posible oraindik, orduan publifikatu ez ziren ikastola eta itunpeko sareko ikastetxe pribatuentzako inbertsioak finantzatzeko ematen zaizkien diru laguntza handiak mantentzea? Horretan jartzen duzuen indarra, publikoak ez diren ikastola eta kontzertatuetara iristen diren ikasle anitzen matrikulazioaren exijentzian jartzea eskatuko nizueke, ez baitut ikusi orain arte.

Baina, horretarako, eskola publikoa denona eta denontzat dela sinistu egin behar da, Pradales jauna. Eta ez, irakasleek greba bitartez eskatzen duten gai nagusia ez da soldata igoera, kontseilariak egun hauetan dioen bezala.

Sindikatuei, berriz, hau eskatu nahi diet:

Greba egitea langileen eskubidea eta erreminta on bat da presioa egiteko, dudarik gabe. Hori esan ondoren, irudimen gehiago eskatu nahi dizuet indarra egiten jarraitzeko. Greba ez da bide bakarra.

Gaurko ikasleak pandemia pairatu zuten ikasleak dira gehienak. Zigor hau ez dute merezi. Gaur eskola, bihar greba, etzi inauteriak, etzidamu eskola, jarraian oporrak, bueltan zubia eta hurrengoan greba berriro... Zer ikasle zentratu daiteke egoera honetan?

Lehenagotik esan eta esan ari gara, pantailen garai honetan, atentzioa mantentzea izugarri kostatzen ari zaion belaunaldia daukagula eskoletan. Eta honek areagotuko du arazoa, ez izan dudarik. Jar ditzagun, beraz, borroka honen erdigunean ikasleak eta haien eskubideak.

Eta azkenik, greba egunetan, familien kontziliazioan aitona-amonek daukaten papera aipatzera nator. Agian animatuko nituzke haiek ere greba egitera. Izango dute eskubidea, segur aski...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.