Gasteizko GKSko kidea eta Etxebizitza Sindikatuko kidea

Irtenbide bat behar da Gasteizko txosnetan

Aroa Arrizubieta - Ixone Santamaria
2025eko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan asteko asteazkeneko Gasteizko irudiek arazo bat mahaigaineratu dute berriro ere: Gasteizko txosnetan GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari ezartzen diguten beto politikoa. Hori salatzeko protesta kanpaldi bat egiteagatik Ertzaintza eta Udaltzaingoa gazte zein herritarren aurka oldartu ziren, eszena latzak eraginez. Guztira, lau atxilotu, hamarretik gora identifikatu eta hamarnaka pertsona zauritu zituzten. 

Bistan da EAJk poliziaren autoritarismoaren aldeko kanpaina indartzeko baliatu dituela Gasteizko gertakariak. Jarrera nazkagarri horretaz gain, ordea, asteazkeneko irudiek Gasteizko txosnetan gertatzen dena azaleratu dute beste behin. 

Egoera honako hau da: Gasteizko jaiak bertan daude eta beste urte batez txosnagunetik kanpo utzi gaituzte. Txosna Batzordeko eragile batzuek ez dute konponbiderako inolako borondaterik erakutsi urte osoan, eta egoera gainditzeko egin diren proposamen guztiak baztertu dituzte. Azkenean, betoa salatu eta txosnetan gure parte hartzea aldarrikatzeko protesta egin behar izan dugu azken asteotan, tartean poliziak asteazkenean bortizki desegin zuen kanpaldia. 

Gezurra dirudi beste urte oso bat pasatuta oraindik ere bazterketa egoera hau jasan beharra. Oraingoan ere, espazio plurala izan behar lukeenari betoaren oinarrian dauden interes politiko partikularrak gainjarri zaizkio. Ezker Abertzalearen parte diren eragileek Mugimendu Sozialistaren sarrera blokeatzen jarraitzen dute konpetentzia politiko gisa ikusten gaituztelako, eta ahal duen tokietan gu bakartu edo kanporatzeko jardunean jarraitzen dute. Horrez gain, ulergaitza iruditzen zaigu Jardunek irtenbidearen aldeko proposamenen aurka bozkatu izana, Euskal Herri osoan plataforma eta espazio ezberdinak partekatzen ditugun bitartean. Kontrara, gero eta jende eta eragile gehiago dira txosnen auzian konponbidearen alde lerratzen ari direnak. 

Litekeena da kanpaldiko irudi latzek albistegietatik desagertzera egitea, baina arazoak pil-pilean jarraitzen du Gasteizen oraindik. Finean, txosnetako beto ulertezina salatzeko abuztuaren 4an txosna bat jarriko dugula iragarri dugu, eta ez daukagu bermerik muntaketa eta egitaraua jazarriak izan ez daitezen; izan ere, Batzordeak soilik du txosna jartzeko baimena, eta hortik kanpo uzten den guztia poliziaren jopuntuan gelditzen da. Kanpaldikoak bezalako irudiak Letra Fakultatearen inguruan errepikatzeak kezkatzen gaitu. 

Egoera honek irtenbide bat behar du, ezin da beste alde batera begiratzen jarraitu. Txosna Batzordeari dei egiten diogu itxitasunetik atera eta jai hauetarako konponbide bat adosteko. Bada garaia urte gehiegiz luzatzen ari den betoa amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.