Legebiltzarrean aurreko ostegunean ezohikoa den akordio bat gauzatu zen. Ez da ohikoa eta ezin dugu jakin legealdian zehar berriz errepikatuko den, baina aitortzekoa da herri honetako alderdi nagusiek adostu zutena. Ultraeskuinaren ezezko botoarekin bakarrik, Bilboko aireportuaren izena aldatzeko proposamena aurrera atera zuten, alegia, Loiuko aireportua Agirre Lehendakaria aireportua deitzea. Esan beharra dago aldaketa ez dela egun batetik bestera gauzatuko, baina lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzen den honetan, berebiziko aitormena dakar honek.
Balio sinboliko handia du Agirre lehendakariaren izenak, baina are gehiago honek duen pisu politikoak. Herrigintzan eta politikagintzan izan zen eredu. Momentu zailetan, zailenetan, faxismoaren aurka konbatitu zuen jeltzale horrek; exiliaturik, urte luzez erbestean bizi izan zen, baina Euskadi buruan eta bihotzean zeraman beti.
Bere herria utzi eta Europako zein Amerikako hainbat lekutara joan behar izan zuen. Eta gaur egun, hara non, Bilbotik lotura erregularrak daude bai Paris eta bai New Yorkekin, Agirreren bizi-ibilbide hartan funtsezkoak izan ziren bi hiriekin. Metafora eta kasualitate izan zitekeenak errealitate bat azaleratzen du. Gaur egun mundua gozamenagatik ezagutzeko ditugun ateetako batek obligazioz etxea utzi behar izan zuen lehendakariaren izena eramango duela.
Bilboko aireportua ez da azpiegitura bat soilik: sartzeko eta irteteko ate bat da, elkargune bat, nortasunak eta kulturak gurutzatzen diren leku bat, pertsonen arteko lotura-puntu bat, eta baita Euskadi munduaren aurrean aurkezteko erabiltzen den azpiegitura bat ere. Zer leku hoberik erbestea bizi behar izan zuen lehendakari bat gogoratzeko, gaur egun Euskadi munduarekin lotzen duen azpiegitura bat baino? Leizaola lehendakaria ere Sondikan lurreratu zen Paristik iritsi zenean, 43 urtez erbestean egon ondoren, 1979ko abenduaren 15ean.
Politika oso polarizatuta dagoen eta etengabe gaiztotzen ari den garai honetan, argi izan behar dugu zeintzuk diren zaindu nahi ditugun balioak
Ekimen honen jarraipena egitean, Jose Antonio de Agirrek idatzitako eta aurreneko aldiz 1943an argitaratua izan zen memoria-liburua eta erbesteko egunkaria etorri zaizkit gogora: Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz. Berak egindako ibilbidea Euskadiren eta euskaldunon historiako ibilbidea ere bada.
Gernikak islatzen ditu gure nortasuna, kultura, sustraiak, autogobernua eta memoria. Berlinek irudikatzen gaitu Europako herri bezala, faxismoaren eta totalitarismoaren aurkako sinbolo gisa. Eta Estatu Batuetan kokatzen den New York: garaikidea, munduari irekita dagoena eta gure herriaren nazioartekotzea irudikatzen duena.
Bilboko aireportua funtsezko azpiegitura da, arlo ekonomikoan ez ezik, baita sozialean ere. Izan ere, Euskaditik kanpo bizi diren euskal herritarrentzat une oro irekita dagoen atea da. Emigratu zutenentzat, erbesteratuak izan zirenentzat eta gaur egun euskal diasporaren parte direnentzat. Funtsezkoa da, halaber, familia-loturak dituztenentzat eta aldian-aldian itzultzen direnentzat, edo euskara, kultura eta euskal nortasuna beste leku batzuetatik babesten dutenentzat. Euskal nortasuna ez baita gure mugetan amaitzen.
Uda aurretik aurkeztu zuen Bilduk proposamena eta, Euzko Alderdi Jeltzalea eta gobernu kidea den PSEren testuan jasotzen den moduan, berriki sortu den Euskadi-Estatua Aireportuen Aldebiko organoan proposatuko da deitura aldaketa. Beste behin, jeltzaleek erakutsi dute proposamen on baten aurrean hori babesteko herri ardura, eta neure buruari galdetzen diot zergatik akordioen aurrean ez duten beste horiek herriarekiko konpromiso bera erakusten.
Politika oso polarizatuta dagoen eta etengabe gaiztotzen ari den garai honetan, argi izan behar dugu zeintzuk diren zaindu nahi ditugun balioak. Zer bideri jarraitu nahi diogun, elkar nola tratatu nahi dugun eta zeintzuk diren gure herriak merezi dituen erreferente, oinordeko, politiko eta sozialak.
Horregatik da hain garrantzitsua Agirre lehendakariaren eta haren gobernuaren aitorpena egitea. Haien balioak, erakutsitako ausardia eta Euskadiren alde egindako lana aldarrikatzea. Horregatik balioan jarri nahi dut akordioa gaurkoan, legatuaren inguruan, balioen inguruan. Hau baita euskaldunon ondarea. Agirre lehendakariak eta berak gidatutako gobernuak ekarri digun aberastasuna: ongizatea, bakea, demokrazia eta justizia soziala.